Logo

    #100 - Fedea (Lander Garro)

    euDecember 04, 2022
    What was the main topic of the podcast episode?
    Summarise the key points discussed in the episode?
    Were there any notable quotes or insights from the speakers?
    Which popular books were mentioned in this episode?
    Were there any points particularly controversial or thought-provoking discussed in the episode?
    Were any current events or trending topics addressed in the episode?

    About this Episode

    urpekoBONBARDA #100


    Zuzeu Podcastek aurkezten du:
    Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa.

    Urpeko Bonbardak ehun saio uhineratu ditu gaurkoarekin. 2021eko urtarrilaren 2an lehen saioa plazaratu genuenetik astero-astero sareratu dugu podcasta, hutsik gabe. Eta ehungarrenera iritsi garen honetan, ezohiko formatuan eman gura izan dugu saioa, liburu bati erreparatuta: Lander Garroren "Faith". Musika oso presente dago nobelan, eta tarteka, musikariak aipatu ez ezik, musikari buruz ere hitz egiten da bertan. Gustuko genituen pasarte batzuk eta bertan aipagai ziren kantuak lotuz osatu dugu saioa.

    Morphine hirukotearen "Cure for Pan" entzunez abiatu dugu saioa, 1993ko lan homonimoari izena ematen dion kantua eta protagonista Bartzelonara heldu berritan, "Faith" nobelako lehen aipamen musikala; eta Eltohn John jaunaren "Goodbye Yellow Brick Road" entzun dugu gero, datorren urtean 50 urte beteko duen izen bereko diskokoa, Lars Von Trierren "Breaking the Waves" filmean ere entzun daitekeena.

    Forentseen gomendioei muzin eginda, Oskorri beharrean Mecano ere entzun dugu gero, kartzela atzean utzitako Xabi Ugarteri jada ez diola deus eragiten jakiteak lasaituta.


    Eñaut tronpeta jolearen purrustadak gorabehera, eta gurean kantuen hitzek garrantzia dutelako, Bob Dylan entzun dugu; baita Stray Cats ere, elkarri esateko askorik gabe konpontzen diren Marina eta Pauri keinu bat egiteko.

    Oihanaren etxean aterpetu izana gogoan, Anari entzun dugu, "arraro samarra den euskal kantautore berri hori"; eta Nagore gogoan, gorrotoa lilura bihurtzeko gai izan den Victor Jara. Euskal Herriko gatazkaz, borroka armatuaz eta torturez berba egiteko, Sara Montiel eta Ruper Ordorika itzaltsuek eman digute oinarri musikala.

    Bukaera aldera, gainera, Caetano Veloso eta Massive Attack ere entzun ditugu, nobelan amarekin eta zinema eskolan jazotako pasarteak gogoan. Baita The Beatles taldearen "Blackbird" ere, Paul McCartneyk ondua eta berak bakarka joa, gitarra lagun, 1968ko album zurian.
    Musika klasikoaz eta jazz doinuez ere hitz egiten da "Faith" nobelan. Gauzak horrela, "In a Sentimental Mood" entzun dugu, Duke Ellington piano joleak 1935an ondutako pieza, John Coltrane erraldoiaren saxofoia lagun zuela joa; "munduko melodia ederrena", Lander Garrori irakurri diogunez.

    Gaurko saio berezi honek balio beza, entzule, nobela irakurtzeko akuilu gisa, edo irakurritakoaren gozagarri.

    ★ Support this podcast on Patreon ★

    Recent Episodes from Urpeko Bonbarda

    #128 - 2023a euskaraz (Badok ataritik)

    #128 - 2023a euskaraz (Badok ataritik)
    urpekoBONBARDA #128


    Zuzeu Podcastek aurkezten du: Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa.


    Azken urteetan egin izan duenez, honakoan ere urteko uzta laburtzeko bi zerrenda eskatu dizkie Badok atariak hamaika musika adituri, hamar diskorik onenak biltzen dituena, batetik, eta hamar kanturik onenekin osatua bestea. Guztira hogeitabi zerrenda agertu dituzte, beraz, iritzi-emaileen artean bi emakume eta bederatzi gipuzkoar direla.

    Iaz, bistan denez, Ibil bedi boskote nafarraren “Goldea” izan da argitaratu direnetatik diskorik txundigarriena, hamar zerrendatan izan baita aipatua. Bertatik entzun dugu "Erreminarena", Amets Aranguren eta Ibai Osinagak idatzi ez duten bakarra, Eider Rodriguezenak baitira hitzak.


    Zerrendarekin aurrera eginda, zazpi aipamen izan ditu Lisabö taldearen “Lorategi izoztuan hezur huts bilakatu arte” itzulera ospatuak, eta bost Tatxers iruñear hirukotearen album homonimoak. Bakoitzetik kantu bana entzun dugu.

    Gainontzeko hauek launa aipamen izan dituzte: Iban urizar aka Amorante jaunaren “Harri Herri Har”, Beñat Achiary, Joseba Irazoki eta Julen Achiary hirukotearen Bas(h)oan egitasmoaren bigarren lana, eta Sara Zozaya bakarlariaren “Nara”. Kantu bana entzun diegu hirurei.

    Badokeko zerrendetan sei diskok jaso dituzte hiru aipamen, eta guk bi hautatu ditugu bertatik; Ana Arsuaga tolosar artistaren Verde Prato egitasmoaren “Adoretu” diskoko "Ahizpak" saioa bukatzeko, eta Ianire Aranzabe altzagatarraren Esanezin musika egitasmoaren “Erretratu bat” diskoko "Oraindik".

    Bi aipamen jaso dituzten iazko diskoak hamairu izan dira, baina Urpeko Bonbardan bi baino ez ditugu entzun honakoan, berezi samarrak biak ala biak: Nakar laukotearen estreineko "Lore ta laban" diskoari izenburua ematen dion kantua, eta -GAILU andoaindar hirukotearen "Autosuntsipena hasia da, 3, 2, 1... znort!" iazko laneko "Euzko polizia". Eta beste bi talde aukeratu ditugu aipamen bakarra jaso duten 30 talde eta bakarlarien artetik entzuteko: Baga, Eire zumaiar bikotearen "Zauriren bat bistan" laneko "Gorputz guztitan"; eta biga, Sei Sega taldearen "Bilbo eta euria" lanari izenburua ematen dion kantua.

    Harrigarriro, salmentetan eta zuzenekoetan arrakasta itzela ei dutenetako batzuk, Zetakek, Izarok eta Bulegok, berbarako, oso presentzia gutxi izan dute aipatutako Badokeko zerrendetan. Eta jada gitarra taldeak erabat nagusi ez badira ere, nabarmendutakoen artean ez da oraindik autotunero askorik ere.

    Kontuak kontu, hamar diskoko hamaika zerrenda argitaratuta, zer eta 56 disko izan dira aipatuak lan onenen atalean, eta... 98 kantu abestirik onenenean; tumatxa!

    ★ Support this podcast on Patreon ★

    #127 - 2023a emakumeak jazzean (laburpen bat)

    #127 - 2023a emakumeak jazzean (laburpen bat)
    urpekoBONBARDA #127


    Zuzeu Podcastek aurkezten du: Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa.


    127. saioan jazz musikako iazko lanik azpimarragarrienetako batzuk dakartzagu, guzti-guztiak emakumeek onduak, 2023aren laburpen modura.


    Kutsu esperimentaleko kantu batek ireki du saioa, Gia Margaret estatubatuarraren pianoarekin, eta antzeko moldean itxi, Martyna Basta poloniarraren “Slowly Forgettin, Barely Remembering” diskoko kantu batez.

    Meshell Ndegeocello neo soul baxu jolea Brandee Youger jazz harpa jolearekin eta Jeff Parker jazz gitarra jolearekin elkartu da Blue Note zigiluan diskoa plazaratzeko. Eta Camae Ayewa poetak, aka Moor Mother, Irreversible Entanglements boskotea eratu zuen poliziaren bortizkeriaren kontrako musikarien ekitaldi batean, Luke Stewart (baxua), Aquiles Navarro (tronpeta), Keir Neuringer (saxofoia) eta Tcheser Holmes (bateria) musikariekin batera. Laugarren lan luzea dute “Protect Your Light”.

    Allison Miller bateria joleak ere, Artemis emakume jazz superbandako kidea bera, lan kolektibo ederra du “Rivers in Our veins” egitasmoa; eta beste horrenbeste esango dugu Jane Bunnett kanadar saxo eta txirula joleak kubatar emakume musikariz osatutako Maqueque taldearekin eratutako afrokubatar jazz diskoari buruz ere.

    Kantariei dagokienez, Cecile McLorin Salvant entzun dugu, “Melusine” iaz 7. lan luzea plazaratu zuena. Baiata Gretchen Parlato ere, zeinak “Lean In” plazaratu duen Herbie Hancocken laguntzaile izandako Lionel Loueke benindar gitarra jolearekin. Eta gainera, Toronton jazz eskolako ahots irakasle eta irrati esatari ere baden Nicky Schrire, iaz “Nowhere Girl” plazaratu zuena.

    Iazko diskorik onenen zerrendak plazaraten dituzten hedabideetan, eta jazz musikari emakumeek ondutakoen artean, bi nabarmendu dira batez ere, behin eta berriro aipatu baitira: 39 urte baino ez zituela 2022an zendutako Jaimie Branch tronpeta jole sutsuaren “Fly or Die Fly or Die Fly or Die ((Word War))” bata, eta 2022an Jazzaldian jo zuen Lakecia Benjamin saxofoi jolearen “Phoenix” bestea.

    Bukatzeko, Naissam Jalal musikari frantziar siriarra ere entzun dugu, erritmo arabiar eta afrikarrak jazz moldera dakartzana, txirula joz.

    ★ Support this podcast on Patreon ★

    #126 - 2023a herri musiketan (laburpen bat)

    #126 - 2023a herri musiketan (laburpen bat)
    urpekoBONBARDA #126


    Zuzeu Podcastek aurkezten du: Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa.


    Bidaia soniko bat egin dugu urtea ondo hasteko, eta Gabriela Martina suitzar yodel kantariarekin abiatu dugu saioa, Tirol partean. Asiara jo dugu gero, Indiako egungo musikaririk bikainenetako batzuk Charlton Lee biola joleak gidatzen duen Del Sol Quartet hari laukotearekin egin duten elkarlana ezagutzeko, "The Resonance Between", non Alam Khan jaunak saroda eta Arkun K. Verma jaunak sitarra jo duten. Eta hasi bezala bukatzeko, Enji mongoliar kantariarekin itxi dugu saioa; "Ulaan" du azken lana, iazko onenen zerrendetan jazz atalean ere aurki dezakezuna.

    Gainontzean, Afrikatik Amerikara eta Amerikatik Afrikara gira-biran ibili gara saio osoan zehar, eta hegoalderantz begira, batez ere.

    Afrikartzat jo dugu Carmen Rizzo eta Meriem Ben Amor musikarien Didon egitasmo tuneztar kanadarra, arabiar erritmo tradizionalak uztartzen baititu elektronikarekin, "Tunisian Tale" diskoan.Debo Band gidatzen duen Da Mekkonnen, AEBetan bizi den saxofoi jole etiopiarraren bakarkako egitasmoa da Dragonchild, bere sustraietara begiratzen duena soinu elektronikoak eta Sunken Cages ekoizlearen laguntzarekin. Sangit israeldar ekoizleak ere Afrikara begiratu du "Ooroo" plazaratzeko -urrea, banbara hizkuntzan-, eta makina bat kantariren laguntza izan du ahotsetan. "Tefi Cabara" kantuan, berbarako,  Sadio Sidibe maliarrarena.

    Bere azken lanean Laoseko bizitasuna eta bertan bogan diren soinuak jasotzen saiatu den Leke Awoyinka nigeriarra da, eta Ekiti Sound du izen artistikoa. Nigerreko Bombino gitarra jole trebeak bere tuareg herriari gorazarre egin dio zazpigarren lan luzea duen "Sahel" diskoan. Azken hiru hamarkadetan hamabost lan plazaratu dituen Baaba Maal senegaldarrak inoizko diskorik dibertigarriena plazaratu du, "Being", 69 urte bete dituen honetan. Eta Bokani Dyer hego afrikar piano jole trebeak jazz zerrendetan ere goraipatu den "Radio Sechaba" plazaratu du joan berri den 2023an.

    Afrikarrak labur aipatuta, nabarmendu gura izan ditugun amerikar musikariak aurkeztuko ditugu: Mabi Fratti biolontxelo joleak Hecctor Tosta, aka I. La Catolicarekin Mexiko Hirian sortu duen egitasmoa da Titanic. Berlinen bizi den peruarra Sofia Kourtesis, "Madres" zirraragarria aurkezgai duena. Eta Salvador Bahiatik datorren brasildarra Lucas Santtana, bertako tropicaliaren oinordekoa.

    Guzti hauekin osatu dugu gaurko bira, izerdi patsetan dantzan.

     


    ★ Support this podcast on Patreon ★

    #125 - Herioaren abaroan (2023an zenduak)

    #125 - Herioaren abaroan (2023an zenduak)
    urpekoBONBARDA #125


    Zuzeu Podcastek aurkezten du: Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa.


    We Heart Music atariaren arabera, 800 inguru izan dira aurten ere zendu diren musikariak. Hauetako batzuk izan dute monografikoa gurean, eta entzungai dituzue beraiei eskainitako saioak: David Crosby folk musikariari eskainitako “Hippy hezigaitza”, Wayne Shorter jazz saxofoi jolearen omenezko “Joandakoa”, Tina Turner handiari buruzko “Perla beltza”, eta The Pogueseko kantari Shane McGowan zena ohoratzen duen “Hagin usteldun Gabonak”.

    Baina saio oso bat izan ez dutenen artean ere badira oso maite ditugun musikariak, eta hauexek dakartzagu orain oroimenera.

    Saioa jazza entzunez abiatu dugu, Carla Bley abangoardiako konposatzailearen “Life Goes On” pieza ederrarekin, eta bukaera aldera Ahmad Jamal piano jotzaileak standard bihurturiko “Poinciana” fina. Azken honen ondoren Sinead O´Connor irlandarraren ahotsean entzun dugu “Silent Night” Gabonetako kantua, saioa ixteko.

    Aurten zendutako emakume musikarien artean, frantziartutako Jane Birkin antzezle eta kantaria, Neil Young erraldoiaren kantu bat berrirakurtzen entzun duguna, eta Rita Lee brasildarra nabarmendu ditugu, azken hau Os Mutantes taldeko kide izana, eta bere herrialdean ezin ezagunagoa izan den izarra, ANAVITORIA bikote gaztea laguntzen entzun duguna.  Baita Astrud Gilberto ere, Stan Getz eta Joao Gilbertoren bossa nova diskoan “Garota de Ipanema” ingelesez abestuz ezagun egin eta guk “Agua de Beber” kantuarekin ohoratu duguna.

    Gainontzean, Euskal Herriko Jonan Ordorika zein Irlandan jaio eta euskaldundutako Alan Griffin albokari eta txirularia nabarmendu ditugu azken honek sortu zuen Alboka taldearen ahaire bat entzunda.

    Ska musikaren garapenean ezinbestekoa izan den The Skatalites taldeko sortzaile Lester Sterling saxofoi jole jamaikarra ere izan dugu gogoan, beste bi kantautore hauek bezala: Gordon Lightfoot, Txomin Artolak kantatu zuen “Goizeko euri artean” kantauren jatorrizkoa ondu zuen kanadarra, eta Sixto Rodriguez, ahanzturatik “Searching for Sugar Man” dokumentalak atera zuen mexikar jatorridun kantari estatubatuarra.

    Bukatzeko, rock musikari handi bi: Yardbirds taldeko gitarra jole izandako Jeff Beck itzaltsua bata, 2018an Euskal Herriko Music Legends festibalean jo zuena, eta iaz Jazzaldian kantatu zuen Joss Stonekin batera entzun duguna; eta Tom Verlaine herabea bestea, Television kultuzko taldea gidatu zuen gitarra jolea, besteak beste Azkena Rock jaialdian zuzenean entzun izan duguna.

    ★ Support this podcast on Patreon ★

    #124 - Hagin usteldun Gabonak (Shane McGowan gogoan)

    #124 - Hagin usteldun Gabonak (Shane McGowan gogoan)
    urpekoBONBARDA #124


    Zuzeu Podcastek aurkezten du: Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa.


    Shane McGowanek 66 urte beteko lituzke Eguberri egunez, azaroaren 30ean zendu ez balitz. Londresen jaio eta irlandar diasporari buruzko kantuak folk harrotasunez eta punk izpirituz jo zituen gizonak merezi zuen Urpeko Bonbarda bat.

    Hasi eta buka, Gabon ahaireak izan ditugu saioan. Shane McGowanek Nick Cave australiarrarekin grabatutako “What a Wonderful World” entzun dugu aurrena, Louis Armstrong jazz tronpeta joleak ezagutzera eman eta makina bat berrirakurketa izan dituena. Eta Kherau bilbotar folk taldeak eman dio bukaera saioari, akaso The Poguesen kantarik ezagunena dugun “Fairytale of New York” moldatu eta euskaraz emanez, 2015ean Bilboko Kafe Antzokian (Amaia Ocerinek bideoan jaso zuena).

    Gainontzean, The Pogues irlandarren kantuak izan ditugu nagusi, nola ez, eta Shane McGowan taldeko gidari izan zen bitartean plazaratu zuten lan bakoitzetik kantu bana entzun dugu. 1984ko “Red Roses for Me” debutetik hasi eta 1991ko “Hell´s Ditch” lanarekin bukatu, tartean, nola ez, “Rum, Sodomy & the Lash”, “If I Should Fall From Grace” eta “Peace and Love” zirela.

    The Poguesek beste bi disko ere plazaratu zituen, baina ordurako, eta mozkor kontuak medio, eskatua zioten McGowani taldea uzteko -The Clash-eko Joe Strummer jaunak ordezkatu zuen frontman gisa-. Alta, taldeak ez zuen berriro lehenengo garaian lortutako oihartzuna izan.

    McGowanek The Popes taldea sortu zuen 90eko hamarkadan, The Pogues utzi eta gero. Egitasmo berriarekin bi disko plazaratu zituen eta guk, lagin gisara, Sinead O´Connor herrikidearekin -aurten zendua hau ere- kantatu zuen “Haunted” entzun dugu. Garai horretakoa da Ian Dury zenaren omenez egindako “Plaistow Patricia” kantuaren berrirakurketa ere.

    Aparte, Shane McGowanek eta The Poguesek eraginda sortu diren talde ugarietatik bi entzun ditugu. AEBetako Boston hiriko Dropkick Murphys bata, eta debut diskoan “Shane McGowan’s Basque Paddys” jo zuten Bizardunak nafarrak bestea. Bere hileta ospakizunetako irudiak ikustea besterik ez dago herrikideek eta musikazaleek zioten miresmenaz jabetzeko. Bere heriotzak maitasun keinu andana eragin zuen mundu osoan zehar, eta asko izan ziren The Poguesen kantuak jotzera plazetara atera zirenak.


    ★ Support this podcast on Patreon ★

    #123 - Hard Bopa eta beste (Jazz apur bat)

    #123 - Hard Bopa eta beste (Jazz apur bat)
    urpekoBONBARDA #123


    Zuzeu Podcastek aurkezten du: Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa.


    Udazken giro bete betean, hotz eta euria bota ahalean zela, hautatutako jazza dakargu gaurkoan. Behin aukeraketa eginda konturatu gara, gainera, batez ere hard bop doinuei erreparatu diegula, baina badira bestelakoak ere.

    Cool jazzaren atzetik eta free jazzaren aurretik sorturiko mugimendua da hard bopa, hamarkada batez AEBetan garatua, 50eko hamarkada erdialdetik 60ko hamarkada erdialdera. Art Blakey, John Coltrane, Cannonball Adderley, Freddie Hubbard edo Clifford Brown izan zituen ordezkari, gaur entzungo ditugun beste batzuekin batera.

    Hard Bopa alde batera utzita, emakume ahotsekin abiatu eta finitu dugu saioa. Hasteko, Nina Simone entzun dugu 1958an debut lana izan zuen "Little Girl Blue" diskoko kantu bat abesten; eta bukatzeko, Carmen McRae entzun dugu Dave Brubeck laguntzen "Take Five" abestian, Paul Desmondek ondutako klasiko bikaina.

    Nina Simone, jarraian entzun ditugun hard bop musikarien belaunaldi berekoa da. Hank Mobley jaunak murgildu gaitu generoan, 1960an plazaratu zuen "Soul Station" diskoko kantu ezin gozagarriagoarekin. Wynton Kelly, Paul Chambers eta Art Blakeyrekin osatu zuen saxofoi joleak diskoa grabatzeko laukotea, tumatxa!

    Horace Silver piano joleak 1965ean plazaratu zuen bere lanik esanguratsuena, "Song for my Father", aire tropikalek zipriztindutako hard boparen gailurretako bat. Eta urte bete lehenagokoa da Lee Morgan tronpeta jolearen "The Sidewinder", aski dantzagarria den hamar minutuko pieza homonimoak irekitako lana.

    Hard bop laukotea osatzen, Herbie Hancock ere entzun dugu, 1962ko "Takin´ Off" debut diskoan gordetako "Watermelon Man" joz. Hauxe da, US3k arrakasta izugarriarekin berrirakurri zuen "Cantaloupe Island" kantuarekin batera, teklatu jolearen abestirik entzunena. Gauzak horrela, Hancock berak kantua eraberritu zuen 1973ko "Head Hunters" diskoan, eta Mongo Santamaria perkusio jole kubatarrak ere egin zuen bere bertsioa, arrakasta handia lortuz.

    Saxofoi eta tronpeta jole bana eta bi piano jotzaile aurkeztu ditugu, eta 60ko hamarkadaren lehen erdialdean Blue Note zigiluan plazaratu ziren lau maisulan: "Soul Station" (Hank Mobley, 1960), "Takin´ Off" (Herbie Hancock, 1962),  "The Sidewinder" (Lee Morgan, 1964), "Song for my Father" (Horace Silver, 1965).

    Aipatutako guztietaz aparte, hard bop doinuetatik urrundu gara Miles Davis entzuteko, modu batean edo bestean aurreko gehienekin harremanen bat izandakoa baita tronpeta jole erraldoia. Gizonak hil ostean plazaratu zuen estudioko azken lana, 1992ko "Doo-Bop" acid jazz diskoa, eta bertako "Chocolate Chips" dakargu, zer eta gogoak ematen digulako.


    ★ Support this podcast on Patreon ★

    #122 - Palestina (elkartasunez)

    #122 - Palestina (elkartasunez)
    urpekoBONBARDA #122


    Zuzeu Podcastek aurkezten du: Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa.

    22. saioan, palestinar musika eta Palestina mintzagai duten kantu zerrenda bat dakar, elkartasun keinu xume gisa.

    Lourdes Iriondo urnietarraren aspaldiko kantu bat entzunez abiatu dugu Urpeko Bonbarda, 1968an Belter etxearekin plazaratu zuen Ep-tik jasotako “Ene herria”. Poema judutar bati musika jarri, eta urnietarra Gazaz mintzo dela dirudi. Iriondoren kantua, eta beste asko, Badok atariak aipatu zituen, Israelek Gazari erasoa jo berritan, Twitterren egindako txio-katean. Kantuetan, eta orain arte ezer gutxirako balio izan badu ere, euskaldunen elkartasuna jaso dute palestinarrek. Horren isla, Xabi Aburruzaga trikitilariaren “Non da Palestina?” eta Xiberoots reggae taldearen “Palestina” ere entzungo ditugu.

    Talia Lahoud ez da palestinarra, Libanokoa baino. Arabiar herrialdeetan ondo ezaguna den “Helwa Ya Baladi (My Beautiful Country)” kantua joz entzungo dugu,  jatorriz Dalila kantariak 1979an Egipto jaioterriari eskaini zion abestiaren moldaketa. Bere aldetik, Venezuelako kultur ministra ordea da Rodbexa Poleo, eta palestinarren aldeko “Clamor por los pueblos” manifestuaren kantaria, hip hop abeslaria baita bera.

    Arabieraz kantuak entzuten hasita, zenbait musikari palestinar ere aurkeztu ditugu, boga-bogan diren soinuak jorratzen dituen Elian Amer Marjieh, Elyanna gaztearekin hasita. Palestinar txiletar artista AEBetan eta Kanadan jotzekoa zen, baina bertan behera autzi du bira, bere herriak bizi duen sarraskia dela-eta. DAM taldea Tamer eta Suhell Nafar anaiek sortu zuten Mahmoud Jreri lagunarekin hirukotea osatuta. Hip hopa egiten dute, eta Euskal Herrian izanak dira Fermin ¨Muguruzarekin bat, BEC aretotzarrean, 18/98+ auzia bertan behera uzteko eskatzen zuen jaialdian.

    Musikalki klasikoagotzat jo ditzakegu Amal Murkus, Mercedes Sosa, Joan Baez eta antzeko nazioarteko izarrekin kantatu izan dueña; eta Kamilya Jubran ere, bi hamarkadatan zehar Sabreen taldeko kide izan den laud jolea.

    Arestian aipatutako musikarietako batzuk Fermin Muguruza eta Jabier Corcueraren 2009ko “Checkpoint Rock” dokumentalak aurkeztu zizkigun -Youtuben duzu ikusgai, lagun-. Filmaren soinu bandan Manu Chao itzaltsuak ere hartu zuen parte, zerrendara gehitu dugun kantuarekin. Bukatzeko, besteak beste “Amelie” eta “Goodbye Lenin” filmeen soinu bandez arduratu zen Yann Tiersen entzun dugu, 2010ean plazaratu zuen “Palestine” kantuan.

    ★ Support this podcast on Patreon ★

    #121 - Aparretan (Surf Rock)

    #121 - Aparretan (Surf Rock)
    urpekoBONBARDA #121


    Zuzeu Podcastek aurkezten du: Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa.


    Maite dugu surfa Urpeko Bonbardan, edo zehatzago, surf rocka. Gauzak horrela, hamalau kantu bizkor eta freskagarri dakartzagu gaur. Eta jakin badakigu zerrendako talde guzti-guztiak ez direla surf rock talde klasikoak.

    Saioa Radio Birdman australiar punk rock talde aitzindariarekin abiatu dugu, "Aloha Steve & Danno" kantuan, ezer baino lehen, itsasoko olatuak entzuten dira-eta. Eta rockaren azpigeneroan bete-betean murgildu aurretik, El Vez ere entzun dugu, Elvis Presley imitatu baino, haren figura bere egin eta AEBetan mexikar jatorria harro aldarrikatzen duen showman bikaina. Bi hauek bezala, The Sadies taldeak ere ez du surf rock musika propio jorratzen, baina kanadarrak hain dira trebeak ipar amerikar sustraia duen edozein musika genero jo dezaketela maisutasunez.

    Surf rock gitarraren errege Dick Dale jaunaren kantu arrakastatsuenarekin sartu gara uretan, "Misirlou". Jatorrian Mediterraneo ekialdeko herri kantu bat dugu, Grezian ezaguna oso, Dick Dalek pop kulturara ekarri zuena, eta geroztik ehundaka aldiz berrirakurri izan dena.

    Surf rock talde klasikoak 1958-1962 bueltan sorturikoak dira, laukoteak eta estatubatuarrak gehienak. Guztien artean kuttunen The Ventures ditugu, "mila talde sorrarazi zituen taldea", gitarra elektrikoen garapen eta zabalkundean izan zuten eragin itzelagatik. Eta haiekin batera, The Shadows talde britainiarra, Cliff Richard laguntzeko talde gisa sortua eta rock instrumentalean aitzindaria; "Pipeline" kantutzarra ondu zuen The Chantays eta "Wipe Out" singlearekin aurkeztuko ditugun The Surfaris, biak ala biak Kaliforniarrak. The Trashmen, bere aldetik, Minneapolisen sortutakoa da, eta beraz, AEBetako surf rock talde itzaltsuena itsaso ertzean sortu ez direnen artean.

    Aurrekoak baino askoz berriagoak dira The Drums eta Mundaka. Lehenak New York hirian sortu ziren joan den hamarkadan, eta lehen disko homonimoan argi utzi zuten zen zuten asmoa: "Let´s Go Surfing". Bigarrenak peruarrak dira, Liman sortu laukotea, eta izenean argi uzten dute dream pop, reggae eta jazzarekin batera, surf rocka jotzea dutela maite.

    Bukaera aldera, surf rockak izan duen talderik arrakastatsuenari erreparatu diogu, The Beach Boys. 60ko hamarkada hasieran eta Kalifornian sortu ziren hauek ere, AEBetan, baina ahots harmoniek eman zien gaur egunera arte luzatu den itzala. Agudo lortu zuten arrakasta, nerabezaroari gorazarre eginez. Gainera, inbasio britainiarrari eutsi zion estatubatuar talde bakanetakoa izan zen The Beach Boys, besteak beste The Beatlesi. Hauk ere aise sar genitzakeen gaurko zerrendan, baina gurago izan dugu saioari Los Straitjacket maskaratuekin bukaera eman, fab four deituen "I Feel Fine" berrirakurriz.

    Eta Euskal Herrian zer? Surf rockak baino estima handiagoa izan du surfak, eta The Uski´s dugu surf gitarrak astindu dituztenen artean nabarmendu den taldea. The Beach Boys bezala lehengusu eta anaien arteko taldeak, Ibarrangelu eta Elantxobe bueltako euskaran abestuz, lau Lp plazaratu zituen 2005-2015 tartean. Azal moreko "Barikun" diskoan Volswagen Kalifornia eta surf taulak ageri zituen; bertako kantua da "Gabero zu barik".

     

    ★ Support this podcast on Patreon ★

    #120 - Irisarrin azkena (EHZ 2023)

    #120 - Irisarrin azkena (EHZ 2023)
    urpekoBONBARDA #120


    Zuzeu Podcastek aurkezten du: Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa.


    Hastear da Euskal Herria Zuzenean, eta Irisarriko festibalari buruzkoa da udako jaialditzarrei buruzko saio sortatik azkena. “Euskal giroko festa” gisa aurkeztu digu jaialdia Ihintza Etchart, EHZko kideak, eta bere adierazpenak tartekatu ditugu kantuekin batera.

    Musikari dagokionez, Habia soka hirukotea entzunez hasi gara, eta afro jazz doinuak jorratzen dituen Kolinga entzun dugu gero, Euskal Herria Zuzenean jaialdia irekia baita atzerriko talde eta erritmoetara ere. Krav Boca, Soulfly eta FM Belfastek joko dute aurten Irisarriko pentzean, besteak beste. Baita Ada Oda Bruselako bikoteak ere, kantaria italiarra duenez italieraz abesten duena.

    Gainontzean, euskal musika eszenari adi egoten da jaialdia, urtero nabarmendu diren taldeak oholtza nagusian programatuz. Gauzak horrela, aurten EHZ festibalean izango dira puri purian diren erritmoak dakartzaten J Martina eta Zetak, dantzatzeko ezin aproposagoak; baita rockandrol doinu klasikoagoak jotzen dituzten Aho Zakil Konekxion eta Kristonak ere, azken hauek Niko Etxarten laguntzarekin.

    Afrika Bibang bizkaitarrak soul ahaireak joko ditu Irisarrin, Sofa zarauztar hirukoteak “Krispetak” bikaina aurkeztuko du, Nize taldeak 90eko hamarkadako distortzioa goratuko du, eta Liher donostiarrak zuzeneko kaliputsuan lehertuko dira, beste behin. Guzti horren berri bakoitzaren kanta banarekin eman dugu saioan, eta Urpeko Bonbarda hasi bezala itxi, Ipar Euskal Herriko talde batekin. Honakoan, Donibane Lohizuneko Ztah hardcore taldeak Mikel Laboaren “Gure bazterrak” kantuari egin dion berrirakurketarekin.

    Ihintza Etchart, gainera, festibalaren giroaz aparte Laguntzaile figuraren garrantziaz eta Irisarrin azken urtea egiteko erabakiaz ere solastu zaigu.

    ★ Support this podcast on Patreon ★

    #119 - Uztailak jazz (2023ko Jazzaldiak)

    #119 - Uztailak jazz (2023ko Jazzaldiak)
    urpekoBONBARDA #119


    Zuzeu Podcastek aurkezten du: Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa.


    Uda heldu eta berotzen hasi orduko ugaritzen dira Jazzaldiak gurean, eta uztailarekin bat txandaka izaten ditugu Getxo, Gasteiz eta Donostiako hitzorduak. Gainera, dagoeneko ondo onartua dugu jazzaz beste ere izaten dugula ekimen hauetan, eta Urpeko Bonbarda honetan ere apurka apurka hurbildu gara jazz ahaireetara, rock eta reggae erritmoetatik hasita.

    Getxon joko dutenen artean, bi proposamen hautatu ditugu. Ceramic Dog bata, Marc Ribot gitarra jole itzaltsuak gidatzen duen noise rock egitasmo txundigarria. Eta Jazzmeia Horn bestea, “Dear Love” aurkeztuko duen estatubatuar gaztea, egungo jazz ahotsik adierazgarrienetakoa.

    Gasteizek hartuko dio lekukoa Getxori, eta arabar hiriburuko afixa bikainetik lau artista entzun ditugu saioan, bi gizon eta bi emakume; eskarmentu handiko bi gazte eta dagoeneko jazzaren izar dirdiratsu diren bi artista.

    Immanuel Wilkins estatubatuarra XXI. mendeko jazz saxofoi jole bikainenen artean dago jada, eta iazko “The 7th Hand” aurkeztera dator. Silvia Perez Cruz kataluniar kantari ipurterreak ere egitasmo berria dakar, azken urteotan makina bat elkarlan egin baititu, bata bestearen artean arras ezberdinak gainera. Bi hauek baino ibilbide luzeagoa dute Brad Mehldau eta Maria Schneider izarrek. Piano joleak bere hirukote finarekin joko du, Larry Grenadier kontrabaxu jolea eta Jeff Ballard bateria jolea lagun dituela; eta konposatzaileak “Data Lord” saritua aurkeztuko du, Osloko Jazz Ensemble orkestrarekin batera.

    Azken geltokia Donostiako jazzaldia izango da, eta gero heldu bezain oharkabean joango da jazz musika gure eszenatik, urte osoan kasik mutu bihurtzeraino. Ordainpekoa eta doakoa, eguerdikoa eta gaurdikoa, parrandakoa eta intelektuala, jaialdi asko hartzen ditu bere baitan jazzaldiak, baita musika generoei dagokionean ere.

    Jazzez bestekoetatik hasita, Bamba Wassoulou Groove, Bamba Dembelek Malin sortu zuen talde kaliputsua entzun dugu; eta afrikarrekin jarraituz, Bolikostako Tiken Jah Fakoly, azken honek reggae musika jotzen badu ere.

    Afrikarra da Abdullah Ibrahim ere, 90 urte betetzetik gertu dagoen piano jole hego afrikar ezin dotoreagoa. Aurten Donostia Jazzaldia Saria jasoko du, Yosuke Yamashita piano jole japoniarrarekin eta Enrico Rava tronpeta jole italiarrarekin batera. Triestearrak 83 urte ditu, eta fliskornoa joko du Trinitate plazan, boskotean. Ederra izango da.

    Bukatzeko, agian Donostiako Jazzaldiak inoiz izan duen zuzeneko garestienari erreparatu diogu, ez alferrik jaialdiak XXI. mendeko estatubatuar izarrik handienetako bat dela esanez aurkezten duen Norah Jones artistarena. Kasik ehun euro balio zuten, eta lehenak izan ziren agortzen. Hara, nolakoak garen!

    ★ Support this podcast on Patreon ★
    Logo

    © 2024 Podcastworld. All rights reserved

    Stay up to date

    For any inquiries, please email us at hello@podcastworld.io