Logo

    musika

    Explore " musika" with insightful episodes like "#128 - 2023a euskaraz (Badok ataritik)", "#127 - 2023a emakumeak jazzean (laburpen bat)", "#126 - 2023a herri musiketan (laburpen bat)", "#125 - Herioaren abaroan (2023an zenduak)" and "#124 - Hagin usteldun Gabonak (Shane McGowan gogoan)" from podcasts like ""Urpeko Bonbarda", "Urpeko Bonbarda", "Urpeko Bonbarda", "Urpeko Bonbarda" and "Urpeko Bonbarda"" and more!

    Episodes (100)

    #128 - 2023a euskaraz (Badok ataritik)

    #128 - 2023a euskaraz (Badok ataritik)
    urpekoBONBARDA #128


    Zuzeu Podcastek aurkezten du: Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa.


    Azken urteetan egin izan duenez, honakoan ere urteko uzta laburtzeko bi zerrenda eskatu dizkie Badok atariak hamaika musika adituri, hamar diskorik onenak biltzen dituena, batetik, eta hamar kanturik onenekin osatua bestea. Guztira hogeitabi zerrenda agertu dituzte, beraz, iritzi-emaileen artean bi emakume eta bederatzi gipuzkoar direla.

    Iaz, bistan denez, Ibil bedi boskote nafarraren “Goldea” izan da argitaratu direnetatik diskorik txundigarriena, hamar zerrendatan izan baita aipatua. Bertatik entzun dugu "Erreminarena", Amets Aranguren eta Ibai Osinagak idatzi ez duten bakarra, Eider Rodriguezenak baitira hitzak.


    Zerrendarekin aurrera eginda, zazpi aipamen izan ditu Lisabö taldearen “Lorategi izoztuan hezur huts bilakatu arte” itzulera ospatuak, eta bost Tatxers iruñear hirukotearen album homonimoak. Bakoitzetik kantu bana entzun dugu.

    Gainontzeko hauek launa aipamen izan dituzte: Iban urizar aka Amorante jaunaren “Harri Herri Har”, Beñat Achiary, Joseba Irazoki eta Julen Achiary hirukotearen Bas(h)oan egitasmoaren bigarren lana, eta Sara Zozaya bakarlariaren “Nara”. Kantu bana entzun diegu hirurei.

    Badokeko zerrendetan sei diskok jaso dituzte hiru aipamen, eta guk bi hautatu ditugu bertatik; Ana Arsuaga tolosar artistaren Verde Prato egitasmoaren “Adoretu” diskoko "Ahizpak" saioa bukatzeko, eta Ianire Aranzabe altzagatarraren Esanezin musika egitasmoaren “Erretratu bat” diskoko "Oraindik".

    Bi aipamen jaso dituzten iazko diskoak hamairu izan dira, baina Urpeko Bonbardan bi baino ez ditugu entzun honakoan, berezi samarrak biak ala biak: Nakar laukotearen estreineko "Lore ta laban" diskoari izenburua ematen dion kantua, eta -GAILU andoaindar hirukotearen "Autosuntsipena hasia da, 3, 2, 1... znort!" iazko laneko "Euzko polizia". Eta beste bi talde aukeratu ditugu aipamen bakarra jaso duten 30 talde eta bakarlarien artetik entzuteko: Baga, Eire zumaiar bikotearen "Zauriren bat bistan" laneko "Gorputz guztitan"; eta biga, Sei Sega taldearen "Bilbo eta euria" lanari izenburua ematen dion kantua.

    Harrigarriro, salmentetan eta zuzenekoetan arrakasta itzela ei dutenetako batzuk, Zetakek, Izarok eta Bulegok, berbarako, oso presentzia gutxi izan dute aipatutako Badokeko zerrendetan. Eta jada gitarra taldeak erabat nagusi ez badira ere, nabarmendutakoen artean ez da oraindik autotunero askorik ere.

    Kontuak kontu, hamar diskoko hamaika zerrenda argitaratuta, zer eta 56 disko izan dira aipatuak lan onenen atalean, eta... 98 kantu abestirik onenenean; tumatxa!

    ★ Support this podcast on Patreon ★

    #127 - 2023a emakumeak jazzean (laburpen bat)

    #127 - 2023a emakumeak jazzean (laburpen bat)
    urpekoBONBARDA #127


    Zuzeu Podcastek aurkezten du: Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa.


    127. saioan jazz musikako iazko lanik azpimarragarrienetako batzuk dakartzagu, guzti-guztiak emakumeek onduak, 2023aren laburpen modura.


    Kutsu esperimentaleko kantu batek ireki du saioa, Gia Margaret estatubatuarraren pianoarekin, eta antzeko moldean itxi, Martyna Basta poloniarraren “Slowly Forgettin, Barely Remembering” diskoko kantu batez.

    Meshell Ndegeocello neo soul baxu jolea Brandee Youger jazz harpa jolearekin eta Jeff Parker jazz gitarra jolearekin elkartu da Blue Note zigiluan diskoa plazaratzeko. Eta Camae Ayewa poetak, aka Moor Mother, Irreversible Entanglements boskotea eratu zuen poliziaren bortizkeriaren kontrako musikarien ekitaldi batean, Luke Stewart (baxua), Aquiles Navarro (tronpeta), Keir Neuringer (saxofoia) eta Tcheser Holmes (bateria) musikariekin batera. Laugarren lan luzea dute “Protect Your Light”.

    Allison Miller bateria joleak ere, Artemis emakume jazz superbandako kidea bera, lan kolektibo ederra du “Rivers in Our veins” egitasmoa; eta beste horrenbeste esango dugu Jane Bunnett kanadar saxo eta txirula joleak kubatar emakume musikariz osatutako Maqueque taldearekin eratutako afrokubatar jazz diskoari buruz ere.

    Kantariei dagokienez, Cecile McLorin Salvant entzun dugu, “Melusine” iaz 7. lan luzea plazaratu zuena. Baiata Gretchen Parlato ere, zeinak “Lean In” plazaratu duen Herbie Hancocken laguntzaile izandako Lionel Loueke benindar gitarra jolearekin. Eta gainera, Toronton jazz eskolako ahots irakasle eta irrati esatari ere baden Nicky Schrire, iaz “Nowhere Girl” plazaratu zuena.

    Iazko diskorik onenen zerrendak plazaraten dituzten hedabideetan, eta jazz musikari emakumeek ondutakoen artean, bi nabarmendu dira batez ere, behin eta berriro aipatu baitira: 39 urte baino ez zituela 2022an zendutako Jaimie Branch tronpeta jole sutsuaren “Fly or Die Fly or Die Fly or Die ((Word War))” bata, eta 2022an Jazzaldian jo zuen Lakecia Benjamin saxofoi jolearen “Phoenix” bestea.

    Bukatzeko, Naissam Jalal musikari frantziar siriarra ere entzun dugu, erritmo arabiar eta afrikarrak jazz moldera dakartzana, txirula joz.

    ★ Support this podcast on Patreon ★

    #126 - 2023a herri musiketan (laburpen bat)

    #126 - 2023a herri musiketan (laburpen bat)
    urpekoBONBARDA #126


    Zuzeu Podcastek aurkezten du: Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa.


    Bidaia soniko bat egin dugu urtea ondo hasteko, eta Gabriela Martina suitzar yodel kantariarekin abiatu dugu saioa, Tirol partean. Asiara jo dugu gero, Indiako egungo musikaririk bikainenetako batzuk Charlton Lee biola joleak gidatzen duen Del Sol Quartet hari laukotearekin egin duten elkarlana ezagutzeko, "The Resonance Between", non Alam Khan jaunak saroda eta Arkun K. Verma jaunak sitarra jo duten. Eta hasi bezala bukatzeko, Enji mongoliar kantariarekin itxi dugu saioa; "Ulaan" du azken lana, iazko onenen zerrendetan jazz atalean ere aurki dezakezuna.

    Gainontzean, Afrikatik Amerikara eta Amerikatik Afrikara gira-biran ibili gara saio osoan zehar, eta hegoalderantz begira, batez ere.

    Afrikartzat jo dugu Carmen Rizzo eta Meriem Ben Amor musikarien Didon egitasmo tuneztar kanadarra, arabiar erritmo tradizionalak uztartzen baititu elektronikarekin, "Tunisian Tale" diskoan.Debo Band gidatzen duen Da Mekkonnen, AEBetan bizi den saxofoi jole etiopiarraren bakarkako egitasmoa da Dragonchild, bere sustraietara begiratzen duena soinu elektronikoak eta Sunken Cages ekoizlearen laguntzarekin. Sangit israeldar ekoizleak ere Afrikara begiratu du "Ooroo" plazaratzeko -urrea, banbara hizkuntzan-, eta makina bat kantariren laguntza izan du ahotsetan. "Tefi Cabara" kantuan, berbarako,  Sadio Sidibe maliarrarena.

    Bere azken lanean Laoseko bizitasuna eta bertan bogan diren soinuak jasotzen saiatu den Leke Awoyinka nigeriarra da, eta Ekiti Sound du izen artistikoa. Nigerreko Bombino gitarra jole trebeak bere tuareg herriari gorazarre egin dio zazpigarren lan luzea duen "Sahel" diskoan. Azken hiru hamarkadetan hamabost lan plazaratu dituen Baaba Maal senegaldarrak inoizko diskorik dibertigarriena plazaratu du, "Being", 69 urte bete dituen honetan. Eta Bokani Dyer hego afrikar piano jole trebeak jazz zerrendetan ere goraipatu den "Radio Sechaba" plazaratu du joan berri den 2023an.

    Afrikarrak labur aipatuta, nabarmendu gura izan ditugun amerikar musikariak aurkeztuko ditugu: Mabi Fratti biolontxelo joleak Hecctor Tosta, aka I. La Catolicarekin Mexiko Hirian sortu duen egitasmoa da Titanic. Berlinen bizi den peruarra Sofia Kourtesis, "Madres" zirraragarria aurkezgai duena. Eta Salvador Bahiatik datorren brasildarra Lucas Santtana, bertako tropicaliaren oinordekoa.

    Guzti hauekin osatu dugu gaurko bira, izerdi patsetan dantzan.

     


    ★ Support this podcast on Patreon ★

    #125 - Herioaren abaroan (2023an zenduak)

    #125 - Herioaren abaroan (2023an zenduak)
    urpekoBONBARDA #125


    Zuzeu Podcastek aurkezten du: Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa.


    We Heart Music atariaren arabera, 800 inguru izan dira aurten ere zendu diren musikariak. Hauetako batzuk izan dute monografikoa gurean, eta entzungai dituzue beraiei eskainitako saioak: David Crosby folk musikariari eskainitako “Hippy hezigaitza”, Wayne Shorter jazz saxofoi jolearen omenezko “Joandakoa”, Tina Turner handiari buruzko “Perla beltza”, eta The Pogueseko kantari Shane McGowan zena ohoratzen duen “Hagin usteldun Gabonak”.

    Baina saio oso bat izan ez dutenen artean ere badira oso maite ditugun musikariak, eta hauexek dakartzagu orain oroimenera.

    Saioa jazza entzunez abiatu dugu, Carla Bley abangoardiako konposatzailearen “Life Goes On” pieza ederrarekin, eta bukaera aldera Ahmad Jamal piano jotzaileak standard bihurturiko “Poinciana” fina. Azken honen ondoren Sinead O´Connor irlandarraren ahotsean entzun dugu “Silent Night” Gabonetako kantua, saioa ixteko.

    Aurten zendutako emakume musikarien artean, frantziartutako Jane Birkin antzezle eta kantaria, Neil Young erraldoiaren kantu bat berrirakurtzen entzun duguna, eta Rita Lee brasildarra nabarmendu ditugu, azken hau Os Mutantes taldeko kide izana, eta bere herrialdean ezin ezagunagoa izan den izarra, ANAVITORIA bikote gaztea laguntzen entzun duguna.  Baita Astrud Gilberto ere, Stan Getz eta Joao Gilbertoren bossa nova diskoan “Garota de Ipanema” ingelesez abestuz ezagun egin eta guk “Agua de Beber” kantuarekin ohoratu duguna.

    Gainontzean, Euskal Herriko Jonan Ordorika zein Irlandan jaio eta euskaldundutako Alan Griffin albokari eta txirularia nabarmendu ditugu azken honek sortu zuen Alboka taldearen ahaire bat entzunda.

    Ska musikaren garapenean ezinbestekoa izan den The Skatalites taldeko sortzaile Lester Sterling saxofoi jole jamaikarra ere izan dugu gogoan, beste bi kantautore hauek bezala: Gordon Lightfoot, Txomin Artolak kantatu zuen “Goizeko euri artean” kantauren jatorrizkoa ondu zuen kanadarra, eta Sixto Rodriguez, ahanzturatik “Searching for Sugar Man” dokumentalak atera zuen mexikar jatorridun kantari estatubatuarra.

    Bukatzeko, rock musikari handi bi: Yardbirds taldeko gitarra jole izandako Jeff Beck itzaltsua bata, 2018an Euskal Herriko Music Legends festibalean jo zuena, eta iaz Jazzaldian kantatu zuen Joss Stonekin batera entzun duguna; eta Tom Verlaine herabea bestea, Television kultuzko taldea gidatu zuen gitarra jolea, besteak beste Azkena Rock jaialdian zuzenean entzun izan duguna.

    ★ Support this podcast on Patreon ★

    #124 - Hagin usteldun Gabonak (Shane McGowan gogoan)

    #124 - Hagin usteldun Gabonak (Shane McGowan gogoan)
    urpekoBONBARDA #124


    Zuzeu Podcastek aurkezten du: Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa.


    Shane McGowanek 66 urte beteko lituzke Eguberri egunez, azaroaren 30ean zendu ez balitz. Londresen jaio eta irlandar diasporari buruzko kantuak folk harrotasunez eta punk izpirituz jo zituen gizonak merezi zuen Urpeko Bonbarda bat.

    Hasi eta buka, Gabon ahaireak izan ditugu saioan. Shane McGowanek Nick Cave australiarrarekin grabatutako “What a Wonderful World” entzun dugu aurrena, Louis Armstrong jazz tronpeta joleak ezagutzera eman eta makina bat berrirakurketa izan dituena. Eta Kherau bilbotar folk taldeak eman dio bukaera saioari, akaso The Poguesen kantarik ezagunena dugun “Fairytale of New York” moldatu eta euskaraz emanez, 2015ean Bilboko Kafe Antzokian (Amaia Ocerinek bideoan jaso zuena).

    Gainontzean, The Pogues irlandarren kantuak izan ditugu nagusi, nola ez, eta Shane McGowan taldeko gidari izan zen bitartean plazaratu zuten lan bakoitzetik kantu bana entzun dugu. 1984ko “Red Roses for Me” debutetik hasi eta 1991ko “Hell´s Ditch” lanarekin bukatu, tartean, nola ez, “Rum, Sodomy & the Lash”, “If I Should Fall From Grace” eta “Peace and Love” zirela.

    The Poguesek beste bi disko ere plazaratu zituen, baina ordurako, eta mozkor kontuak medio, eskatua zioten McGowani taldea uzteko -The Clash-eko Joe Strummer jaunak ordezkatu zuen frontman gisa-. Alta, taldeak ez zuen berriro lehenengo garaian lortutako oihartzuna izan.

    McGowanek The Popes taldea sortu zuen 90eko hamarkadan, The Pogues utzi eta gero. Egitasmo berriarekin bi disko plazaratu zituen eta guk, lagin gisara, Sinead O´Connor herrikidearekin -aurten zendua hau ere- kantatu zuen “Haunted” entzun dugu. Garai horretakoa da Ian Dury zenaren omenez egindako “Plaistow Patricia” kantuaren berrirakurketa ere.

    Aparte, Shane McGowanek eta The Poguesek eraginda sortu diren talde ugarietatik bi entzun ditugu. AEBetako Boston hiriko Dropkick Murphys bata, eta debut diskoan “Shane McGowan’s Basque Paddys” jo zuten Bizardunak nafarrak bestea. Bere hileta ospakizunetako irudiak ikustea besterik ez dago herrikideek eta musikazaleek zioten miresmenaz jabetzeko. Bere heriotzak maitasun keinu andana eragin zuen mundu osoan zehar, eta asko izan ziren The Poguesen kantuak jotzera plazetara atera zirenak.


    ★ Support this podcast on Patreon ★

    #123 - Hard Bopa eta beste (Jazz apur bat)

    #123 - Hard Bopa eta beste (Jazz apur bat)
    urpekoBONBARDA #123


    Zuzeu Podcastek aurkezten du: Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa.


    Udazken giro bete betean, hotz eta euria bota ahalean zela, hautatutako jazza dakargu gaurkoan. Behin aukeraketa eginda konturatu gara, gainera, batez ere hard bop doinuei erreparatu diegula, baina badira bestelakoak ere.

    Cool jazzaren atzetik eta free jazzaren aurretik sorturiko mugimendua da hard bopa, hamarkada batez AEBetan garatua, 50eko hamarkada erdialdetik 60ko hamarkada erdialdera. Art Blakey, John Coltrane, Cannonball Adderley, Freddie Hubbard edo Clifford Brown izan zituen ordezkari, gaur entzungo ditugun beste batzuekin batera.

    Hard Bopa alde batera utzita, emakume ahotsekin abiatu eta finitu dugu saioa. Hasteko, Nina Simone entzun dugu 1958an debut lana izan zuen "Little Girl Blue" diskoko kantu bat abesten; eta bukatzeko, Carmen McRae entzun dugu Dave Brubeck laguntzen "Take Five" abestian, Paul Desmondek ondutako klasiko bikaina.

    Nina Simone, jarraian entzun ditugun hard bop musikarien belaunaldi berekoa da. Hank Mobley jaunak murgildu gaitu generoan, 1960an plazaratu zuen "Soul Station" diskoko kantu ezin gozagarriagoarekin. Wynton Kelly, Paul Chambers eta Art Blakeyrekin osatu zuen saxofoi joleak diskoa grabatzeko laukotea, tumatxa!

    Horace Silver piano joleak 1965ean plazaratu zuen bere lanik esanguratsuena, "Song for my Father", aire tropikalek zipriztindutako hard boparen gailurretako bat. Eta urte bete lehenagokoa da Lee Morgan tronpeta jolearen "The Sidewinder", aski dantzagarria den hamar minutuko pieza homonimoak irekitako lana.

    Hard bop laukotea osatzen, Herbie Hancock ere entzun dugu, 1962ko "Takin´ Off" debut diskoan gordetako "Watermelon Man" joz. Hauxe da, US3k arrakasta izugarriarekin berrirakurri zuen "Cantaloupe Island" kantuarekin batera, teklatu jolearen abestirik entzunena. Gauzak horrela, Hancock berak kantua eraberritu zuen 1973ko "Head Hunters" diskoan, eta Mongo Santamaria perkusio jole kubatarrak ere egin zuen bere bertsioa, arrakasta handia lortuz.

    Saxofoi eta tronpeta jole bana eta bi piano jotzaile aurkeztu ditugu, eta 60ko hamarkadaren lehen erdialdean Blue Note zigiluan plazaratu ziren lau maisulan: "Soul Station" (Hank Mobley, 1960), "Takin´ Off" (Herbie Hancock, 1962),  "The Sidewinder" (Lee Morgan, 1964), "Song for my Father" (Horace Silver, 1965).

    Aipatutako guztietaz aparte, hard bop doinuetatik urrundu gara Miles Davis entzuteko, modu batean edo bestean aurreko gehienekin harremanen bat izandakoa baita tronpeta jole erraldoia. Gizonak hil ostean plazaratu zuen estudioko azken lana, 1992ko "Doo-Bop" acid jazz diskoa, eta bertako "Chocolate Chips" dakargu, zer eta gogoak ematen digulako.


    ★ Support this podcast on Patreon ★

    #122 - Palestina (elkartasunez)

    #122 - Palestina (elkartasunez)
    urpekoBONBARDA #122


    Zuzeu Podcastek aurkezten du: Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa.

    22. saioan, palestinar musika eta Palestina mintzagai duten kantu zerrenda bat dakar, elkartasun keinu xume gisa.

    Lourdes Iriondo urnietarraren aspaldiko kantu bat entzunez abiatu dugu Urpeko Bonbarda, 1968an Belter etxearekin plazaratu zuen Ep-tik jasotako “Ene herria”. Poema judutar bati musika jarri, eta urnietarra Gazaz mintzo dela dirudi. Iriondoren kantua, eta beste asko, Badok atariak aipatu zituen, Israelek Gazari erasoa jo berritan, Twitterren egindako txio-katean. Kantuetan, eta orain arte ezer gutxirako balio izan badu ere, euskaldunen elkartasuna jaso dute palestinarrek. Horren isla, Xabi Aburruzaga trikitilariaren “Non da Palestina?” eta Xiberoots reggae taldearen “Palestina” ere entzungo ditugu.

    Talia Lahoud ez da palestinarra, Libanokoa baino. Arabiar herrialdeetan ondo ezaguna den “Helwa Ya Baladi (My Beautiful Country)” kantua joz entzungo dugu,  jatorriz Dalila kantariak 1979an Egipto jaioterriari eskaini zion abestiaren moldaketa. Bere aldetik, Venezuelako kultur ministra ordea da Rodbexa Poleo, eta palestinarren aldeko “Clamor por los pueblos” manifestuaren kantaria, hip hop abeslaria baita bera.

    Arabieraz kantuak entzuten hasita, zenbait musikari palestinar ere aurkeztu ditugu, boga-bogan diren soinuak jorratzen dituen Elian Amer Marjieh, Elyanna gaztearekin hasita. Palestinar txiletar artista AEBetan eta Kanadan jotzekoa zen, baina bertan behera autzi du bira, bere herriak bizi duen sarraskia dela-eta. DAM taldea Tamer eta Suhell Nafar anaiek sortu zuten Mahmoud Jreri lagunarekin hirukotea osatuta. Hip hopa egiten dute, eta Euskal Herrian izanak dira Fermin ¨Muguruzarekin bat, BEC aretotzarrean, 18/98+ auzia bertan behera uzteko eskatzen zuen jaialdian.

    Musikalki klasikoagotzat jo ditzakegu Amal Murkus, Mercedes Sosa, Joan Baez eta antzeko nazioarteko izarrekin kantatu izan dueña; eta Kamilya Jubran ere, bi hamarkadatan zehar Sabreen taldeko kide izan den laud jolea.

    Arestian aipatutako musikarietako batzuk Fermin Muguruza eta Jabier Corcueraren 2009ko “Checkpoint Rock” dokumentalak aurkeztu zizkigun -Youtuben duzu ikusgai, lagun-. Filmaren soinu bandan Manu Chao itzaltsuak ere hartu zuen parte, zerrendara gehitu dugun kantuarekin. Bukatzeko, besteak beste “Amelie” eta “Goodbye Lenin” filmeen soinu bandez arduratu zen Yann Tiersen entzun dugu, 2010ean plazaratu zuen “Palestine” kantuan.

    ★ Support this podcast on Patreon ★

    #121 - Aparretan (Surf Rock)

    #121 - Aparretan (Surf Rock)
    urpekoBONBARDA #121


    Zuzeu Podcastek aurkezten du: Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa.


    Maite dugu surfa Urpeko Bonbardan, edo zehatzago, surf rocka. Gauzak horrela, hamalau kantu bizkor eta freskagarri dakartzagu gaur. Eta jakin badakigu zerrendako talde guzti-guztiak ez direla surf rock talde klasikoak.

    Saioa Radio Birdman australiar punk rock talde aitzindariarekin abiatu dugu, "Aloha Steve & Danno" kantuan, ezer baino lehen, itsasoko olatuak entzuten dira-eta. Eta rockaren azpigeneroan bete-betean murgildu aurretik, El Vez ere entzun dugu, Elvis Presley imitatu baino, haren figura bere egin eta AEBetan mexikar jatorria harro aldarrikatzen duen showman bikaina. Bi hauek bezala, The Sadies taldeak ere ez du surf rock musika propio jorratzen, baina kanadarrak hain dira trebeak ipar amerikar sustraia duen edozein musika genero jo dezaketela maisutasunez.

    Surf rock gitarraren errege Dick Dale jaunaren kantu arrakastatsuenarekin sartu gara uretan, "Misirlou". Jatorrian Mediterraneo ekialdeko herri kantu bat dugu, Grezian ezaguna oso, Dick Dalek pop kulturara ekarri zuena, eta geroztik ehundaka aldiz berrirakurri izan dena.

    Surf rock talde klasikoak 1958-1962 bueltan sorturikoak dira, laukoteak eta estatubatuarrak gehienak. Guztien artean kuttunen The Ventures ditugu, "mila talde sorrarazi zituen taldea", gitarra elektrikoen garapen eta zabalkundean izan zuten eragin itzelagatik. Eta haiekin batera, The Shadows talde britainiarra, Cliff Richard laguntzeko talde gisa sortua eta rock instrumentalean aitzindaria; "Pipeline" kantutzarra ondu zuen The Chantays eta "Wipe Out" singlearekin aurkeztuko ditugun The Surfaris, biak ala biak Kaliforniarrak. The Trashmen, bere aldetik, Minneapolisen sortutakoa da, eta beraz, AEBetako surf rock talde itzaltsuena itsaso ertzean sortu ez direnen artean.

    Aurrekoak baino askoz berriagoak dira The Drums eta Mundaka. Lehenak New York hirian sortu ziren joan den hamarkadan, eta lehen disko homonimoan argi utzi zuten zen zuten asmoa: "Let´s Go Surfing". Bigarrenak peruarrak dira, Liman sortu laukotea, eta izenean argi uzten dute dream pop, reggae eta jazzarekin batera, surf rocka jotzea dutela maite.

    Bukaera aldera, surf rockak izan duen talderik arrakastatsuenari erreparatu diogu, The Beach Boys. 60ko hamarkada hasieran eta Kalifornian sortu ziren hauek ere, AEBetan, baina ahots harmoniek eman zien gaur egunera arte luzatu den itzala. Agudo lortu zuten arrakasta, nerabezaroari gorazarre eginez. Gainera, inbasio britainiarrari eutsi zion estatubatuar talde bakanetakoa izan zen The Beach Boys, besteak beste The Beatlesi. Hauk ere aise sar genitzakeen gaurko zerrendan, baina gurago izan dugu saioari Los Straitjacket maskaratuekin bukaera eman, fab four deituen "I Feel Fine" berrirakurriz.

    Eta Euskal Herrian zer? Surf rockak baino estima handiagoa izan du surfak, eta The Uski´s dugu surf gitarrak astindu dituztenen artean nabarmendu den taldea. The Beach Boys bezala lehengusu eta anaien arteko taldeak, Ibarrangelu eta Elantxobe bueltako euskaran abestuz, lau Lp plazaratu zituen 2005-2015 tartean. Azal moreko "Barikun" diskoan Volswagen Kalifornia eta surf taulak ageri zituen; bertako kantua da "Gabero zu barik".

     

    ★ Support this podcast on Patreon ★

    #120 - Irisarrin azkena (EHZ 2023)

    #120 - Irisarrin azkena (EHZ 2023)
    urpekoBONBARDA #120


    Zuzeu Podcastek aurkezten du: Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa.


    Hastear da Euskal Herria Zuzenean, eta Irisarriko festibalari buruzkoa da udako jaialditzarrei buruzko saio sortatik azkena. “Euskal giroko festa” gisa aurkeztu digu jaialdia Ihintza Etchart, EHZko kideak, eta bere adierazpenak tartekatu ditugu kantuekin batera.

    Musikari dagokionez, Habia soka hirukotea entzunez hasi gara, eta afro jazz doinuak jorratzen dituen Kolinga entzun dugu gero, Euskal Herria Zuzenean jaialdia irekia baita atzerriko talde eta erritmoetara ere. Krav Boca, Soulfly eta FM Belfastek joko dute aurten Irisarriko pentzean, besteak beste. Baita Ada Oda Bruselako bikoteak ere, kantaria italiarra duenez italieraz abesten duena.

    Gainontzean, euskal musika eszenari adi egoten da jaialdia, urtero nabarmendu diren taldeak oholtza nagusian programatuz. Gauzak horrela, aurten EHZ festibalean izango dira puri purian diren erritmoak dakartzaten J Martina eta Zetak, dantzatzeko ezin aproposagoak; baita rockandrol doinu klasikoagoak jotzen dituzten Aho Zakil Konekxion eta Kristonak ere, azken hauek Niko Etxarten laguntzarekin.

    Afrika Bibang bizkaitarrak soul ahaireak joko ditu Irisarrin, Sofa zarauztar hirukoteak “Krispetak” bikaina aurkeztuko du, Nize taldeak 90eko hamarkadako distortzioa goratuko du, eta Liher donostiarrak zuzeneko kaliputsuan lehertuko dira, beste behin. Guzti horren berri bakoitzaren kanta banarekin eman dugu saioan, eta Urpeko Bonbarda hasi bezala itxi, Ipar Euskal Herriko talde batekin. Honakoan, Donibane Lohizuneko Ztah hardcore taldeak Mikel Laboaren “Gure bazterrak” kantuari egin dion berrirakurketarekin.

    Ihintza Etchart, gainera, festibalaren giroaz aparte Laguntzaile figuraren garrantziaz eta Irisarrin azken urtea egiteko erabakiaz ere solastu zaigu.

    ★ Support this podcast on Patreon ★

    #119 - Uztailak jazz (2023ko Jazzaldiak)

    #119 - Uztailak jazz (2023ko Jazzaldiak)
    urpekoBONBARDA #119


    Zuzeu Podcastek aurkezten du: Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa.


    Uda heldu eta berotzen hasi orduko ugaritzen dira Jazzaldiak gurean, eta uztailarekin bat txandaka izaten ditugu Getxo, Gasteiz eta Donostiako hitzorduak. Gainera, dagoeneko ondo onartua dugu jazzaz beste ere izaten dugula ekimen hauetan, eta Urpeko Bonbarda honetan ere apurka apurka hurbildu gara jazz ahaireetara, rock eta reggae erritmoetatik hasita.

    Getxon joko dutenen artean, bi proposamen hautatu ditugu. Ceramic Dog bata, Marc Ribot gitarra jole itzaltsuak gidatzen duen noise rock egitasmo txundigarria. Eta Jazzmeia Horn bestea, “Dear Love” aurkeztuko duen estatubatuar gaztea, egungo jazz ahotsik adierazgarrienetakoa.

    Gasteizek hartuko dio lekukoa Getxori, eta arabar hiriburuko afixa bikainetik lau artista entzun ditugu saioan, bi gizon eta bi emakume; eskarmentu handiko bi gazte eta dagoeneko jazzaren izar dirdiratsu diren bi artista.

    Immanuel Wilkins estatubatuarra XXI. mendeko jazz saxofoi jole bikainenen artean dago jada, eta iazko “The 7th Hand” aurkeztera dator. Silvia Perez Cruz kataluniar kantari ipurterreak ere egitasmo berria dakar, azken urteotan makina bat elkarlan egin baititu, bata bestearen artean arras ezberdinak gainera. Bi hauek baino ibilbide luzeagoa dute Brad Mehldau eta Maria Schneider izarrek. Piano joleak bere hirukote finarekin joko du, Larry Grenadier kontrabaxu jolea eta Jeff Ballard bateria jolea lagun dituela; eta konposatzaileak “Data Lord” saritua aurkeztuko du, Osloko Jazz Ensemble orkestrarekin batera.

    Azken geltokia Donostiako jazzaldia izango da, eta gero heldu bezain oharkabean joango da jazz musika gure eszenatik, urte osoan kasik mutu bihurtzeraino. Ordainpekoa eta doakoa, eguerdikoa eta gaurdikoa, parrandakoa eta intelektuala, jaialdi asko hartzen ditu bere baitan jazzaldiak, baita musika generoei dagokionean ere.

    Jazzez bestekoetatik hasita, Bamba Wassoulou Groove, Bamba Dembelek Malin sortu zuen talde kaliputsua entzun dugu; eta afrikarrekin jarraituz, Bolikostako Tiken Jah Fakoly, azken honek reggae musika jotzen badu ere.

    Afrikarra da Abdullah Ibrahim ere, 90 urte betetzetik gertu dagoen piano jole hego afrikar ezin dotoreagoa. Aurten Donostia Jazzaldia Saria jasoko du, Yosuke Yamashita piano jole japoniarrarekin eta Enrico Rava tronpeta jole italiarrarekin batera. Triestearrak 83 urte ditu, eta fliskornoa joko du Trinitate plazan, boskotean. Ederra izango da.

    Bukatzeko, agian Donostiako Jazzaldiak inoiz izan duen zuzeneko garestienari erreparatu diogu, ez alferrik jaialdiak XXI. mendeko estatubatuar izarrik handienetako bat dela esanez aurkezten duen Norah Jones artistarena. Kasik ehun euro balio zuten, eta lehenak izan ziren agortzen. Hara, nolakoak garen!

    ★ Support this podcast on Patreon ★

    #118 - Festiz Festi (2023ko jaialditzarrak)

    #118 - Festiz Festi (2023ko jaialditzarrak)
    urpekoBONBARDA #118


    Zuzeu Podcastek aurkezten du: Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa.


    Batzuetan parrandarako aitzakia baino ez dira jaialditzarrak, baina musika talderik sonatuenak erakartzeko indarra dute, sos publikoak lagun. EHZ eta jazz jaialdiak apropos aparte utzita, honako Urpeko Bonbarda hau Azkena Rock eta Bilbao Live jaialdietan joko duten taldeekin osatu dugu, Andoaingo Rock jaialdiari, Bilboko Music Legends eta Donostiako Boga Boga festibal sortu berriari ere tokia eginda.

    Andoaingo Rock jaialdian, rock zalea eta doakoa, Bordeleko Chocolat Billy taldea izan omen da aurtengo sorpresa, Jon Pagola musika kritikariari Ruta 66 aldizkarian irakurri diogunez, eta beraiekin abiatu dugu saioa Gasteiz aldera jo aurretik.

    Azkena Rock jaialdia aitzakia hartuta kultuzko bi talderen kantu bana entzun dugu. Batetik Nick Saloman buru duen The Bevis Frond, eta bestetik The Undertones taldearen lehen singlea, 1977ko “Teenage Kicks” ereserki zoragarria.

    Orain artekoak baino gazteagoa da Jim Jones All Stars taldearen proposamena, honek ere hasieretako rockanrollaren izpiritua duen arren; zuzeneko sutsu eta basatiak ditu ikur.

    Rancid, The Pretenders, Incubus eta Iggy Pop dira aurten Azkena Rock jaialdiko afixa buruak, eta beraiekin batera Lucinda Williams. Gainera, iraganeko okerrak zuzentzeko asmotan edo, aurten inoiz baino emakume gehiago izango da oholtza gainean, oraindik ere bide luzea dugun arren parekidetasunerako.

    Lucinda Williamsek 70 urte bete ditu aurten, lau hamarkadatik gora daramatza oholtza gainean gitarra eskutan hartuta kantari, eta egona da aurretik ere Azkena jaialdian. Egungo estatubatuar letra egile bikainenen artean egotea aitortzen zaio, eta miresmen ikaragarria du blues eta country eszenan.

    Luisianakoa baino apur bat gazteagoa da Chris Isaak kaliforniarra, AEBetakoa hau ere, mundu mailan ezaguna zer eta “Wicked Game” kantutzarrari esker, batez ere. Aurten Bilboko Legends festibalean jokou du, besteak beste Willis Drummond lapurtarrekin batera.

    Saioaren bigarren txanpan bogan diren soinuei ere lekua egiten dien Bilbao Liven joko duten taldeak entzun ditugu, baina egia esan, ez gara lar urrundu rock soinuetatik.

    Hasteko Idles post punk taldearen “Brutalism” diskoko kantu bat entzun dugu; Joe Talboten gidaritzapean zuzeneko txundigarriak ematearen ospea dute. Eta 90eko hamarkadan indie rock eszenan arrakasta handia izan zuen Pavement ere entzun dugu, Stephen Malkmusen gidaritzapean bueltan dena.

    Pavement afixa buru izango dira Kobetamendin, Chemical Brothers, Phoenix, Artic Monkeys eta Florence & The Machine taldeekin batera. Florence Welchek gidatzen duen taldeak sona handida du egun, guri urruti samar gelditzen zaigun arren. Saioan entzungo dugun “You´ve Got the Love” kantuak (“Lungs”, 2009), berbarako, kasik 500 milioi entzunaldi ditu Spotifyn.

    Bilbao Livekin bukatzeko, anomalia atsegin bat aurkeztu dugu, Tinariwen, nazioarteko kritikari modernoenen oneritzia aspaldi jaso bazuten ere, horrelako jaialditzar baterako harrigarri egiten zaizkigunak. Tuareg taldea dugu Tinariwen, desertuko bluesa deitzen denaren ordezkari nagusiak egun. “Amatssou” diskoa dute aurkezgai, eta bertatik entzun dugu “Tenere Den”.

    Bukaerara helduta, eta Donostian Boga Boga izeneko jaialdi berri bat iragarri dutenez, bertan joko duen Ana Arsuaga, aka Verde Prato tolosar bakarlariaren azken egitasmoak, “Adoretua” itxi du saioa.

    ★ Support this podcast on Patreon ★

    #117 - Uda baino lehen (Munduari Bira)

    #117 - Uda baino lehen (Munduari Bira)
    urpekoBONBARDA #117


    Zuzeu Podcastek aurkezten du: Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa.


    Urpeko Bonbardan, noizbehinka munduari bira soniko berri bat emanda aireztatzen gara, eta horixe egin dugu honakoan, uda heldu baino lehen.

    Magrebiar chaabi kantuekin abiatu dugu bidaia, Les Sheikhs Shikhats eta B´net Chaabi egitasmoarekin. Beraien lan homonimoan XIX. mendeko Marokon adierazpen askatasunaren alde borrokatu ziren shikhats eta ghanayats kantariei egin diete gorazarre. Afrikar doinuak jorratzen ditu Ginea Bissauko Kimi Djabate blues eta afro-beat musikariak ere, etxetik mandingoen tradizio musikala dakarrenak.

    Afrikatik alde egin baino lehen Cabo Verdeko irlara jo dugu. Bertako artistarik itzaltsuenetakoa da egun Mario Lucio, orain gutxira arte bertako Kultura Ministro izan den idazle, margolari eta musikaria, Simentera taldearen sortzailea. Iazko “Migrants” du azken lana. Portugesarekin jarraituta, eta kontinentez aldatuz, Lucas Santtana kantu egilearen “O Paraiso” diskoko kantu bat entzun dugu, Flavia Coelhorekin batera kantatua.

    Behin Amerikan, Guayanako Giany-Frantz Huyghues-Despointes tronboi joleak non eta Quebec inguruan eratu duen Lengaïa Salsa Brava salsa taldea ezagutu dugu, baita Wesli haitiarra ere, Kanadan. Azken honek bere herriko vudu komunitatearen soinuak bildu ditu.

    Ekialde Hurbilean Urpeko Bonbardan aurretik ere entzuna genuen Liraz israeldar persiarra aurkitu dugu, “Roya” aurkeztu berri duena, `fantasia´, farsiz. Eta Turkia aldean anatoliar rocka jorratzen duen Derya Yildirim & Grup Simsek talde psikodelikoa, “Dost” bikoitza plazaratu zuena iaz; `laguna´esan gura ei du turkieraz.

    Dantzalekuetara bideratutako musika jorratzen duten bi egitasmo interesgarri ere ezagutu ditugu, biak ala biak egun Europan bizi diren afrikarrek onduak. Batetik Nadjib Ben Bella argeliarrak eta Aero Manyelo hego afrikarrak osatzen duten Montparnesse Musique bikotea, congotronic soinuaren bilakaera dakarrena; eta bestetik Acid Arab kolektibo frantziar argeliarraren proposamen liluragarria.

    Gao Hong & Kadialy Kouyate musikarien proposamen bitxiarekin helmugara heldu eta bidaia bukatu dugu. Txinako pipa jotzen du lehenak, eta Afrika mendebaldeko kora bigarrenak. “Terry Kunda” plazaratu dute elkarrekin, `adiskidetasunaren etxea´.

    ★ Support this podcast on Patreon ★

    #116 - Perla beltza (Tina Turner)

    #116 - Perla beltza (Tina Turner)
    urpekoBONBARDA #116


    Zuzeu Podcastek aurkezten du: Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa.


    80ko hamarkadan pop musikak emakumezko bakarlari dirdiratsuenetako bat  zuen Tina Turner, rock izar bihurtu baina tratu txarrak eman zizkion harreman toxiko batetik zetorrena, rockanrollaren aitzindari Ike Turner piztitzarra izan baitzuen senarra. 

    Bere ahotsaren indarragatik eta zuzenekoen suharragatik ospetsu, behin erretiroa hartuta Suitzan bizi zen aspaldidanik. 2023ko maiatzaren 24an hil zen, 83 urte zituela.

    Lehen abestiak elizako abesbatzan kantatu zituen, beste askok bezala, baina St. Louisen Ike Turnerrek bere taldera deitu zuen,  Kings of Rhythm, BBKingen “You Know I Love You” kantatzen entzun eta gero. 17 urte zituen.


    60ko hamarkadan rockaren gailurra zapaldu zuten; Erresuma batuan biraka ibili ziren The Rolling Stones taldearekin batera, eta AEBetara bueltan, David Bowie, Sly Stone, Cher, Elvis Presley, Elton John eta beste izar askoren bisita jaso zuten Las Vegasen. Phil Spector zenak “River Deep - Mountain High” ekoitzi zien 1966an.

    Ike Turnerrek tratu txarrak eman zizkion emazte zuen kantariari. “Diru asko egiteko gai nintzela ikusi zuenetik porrot egin zuen Ikekin nuen harremanak -adierazi zuen Tinak 2018ko “My Love Story biografian- Ni menperatu beharra zuen, ekonomikoki zein psikologikoki, inoiz utzi ez nezan”. Izaera aldabera zuen gizonak, bortitza ere bazen.

    1974an abiatu zuen bakarkako ibilbidea Tina Turnerrek, printzipioz arrakasta handiegirik gabe, rock grinatsutik tenpo motelagoetako soul rockera lerratu bitartean. "Acid Queen" diskoan, berbarako, garaiko rock arrakastak berrirakurtzeko trebetasuna ere erakutsi zuen, Led Zeppelinen "Whole Lotta Love", adibidez.

    Tina Turnerren ibilbideak 1984a izan zuen mugarri, "Private Dancer" diskoa plazaratu baitzuen, sekulako arrakasta erdietsiko zuena, besteak beste "What´s Love Got to Do With It" kantuari esker. Bakarkako bosgarrena zuen, baina lehena legez hartu izan zuen kantariak berak ere. 1999ra arte beste estudioko bost album plazaratu zituen, eta milurteko berriarekin batera erretreta hartuko zuela iragarri. 2008an itzuli zen azken aldiz, musikagintzan 50 urte eman zituela ospatzeko.

    “I, Tina” memoriak ardatz zituela, “What´s Love Got to do With It?” filmak bere bizitza pantailaratu zuen 1993an; Angela Basettek bete zuen Tina Turnerren papera. Eta beste bi memoria liburuz gain, 2018an musikal bat eta 2021ean "Tina" dokumentala ere eskaini zaizkio.

    Bere aldetik, Tina Turnerrek ere bete zituen antzezle lanak zineman, 1985eko "Mad Max" filmean, berbarako, Mel Gibsonekin batera. Hamar urte geroago, "Goldeneye" kantatu zuen, James Bonden izen bereko pelikularako kantu nagusia, U2 taldeko Bono eta The Edgek idatzia.  

    Niko Etxart zuberoarrak Hapa Haparekin batera plazaratu zuen "Minuette" (Elkar, 2005) diskoan omendu zuen Tina Turner. "Tina perla beltza" izeneko kantuaren melodia "River Deep - Mountain High" kantuarena da.

    ★ Support this podcast on Patreon ★

    #115 - Ezkutukoak (hidden tracks)

    #115 - Ezkutukoak (hidden tracks)
    urpekoBONBARDA #115


    Zuzeu Podcastek aurkezten du:
    Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa.

    Kantu sekretuak dakartzagu gaur Urpeko Bonbardara, ingelesez hidden track deiturikoak, sarritan taldeek diskoetan isilpean gordeak, apropos ezkutatutakoak edo akreditatu gabeak, aipagai izango ditugun arrazoi ezberdinak direla medio. 

    “Her Majesty´s a pretty nice girl, but she doesn´t have a lot to say” idatzi zion Paul McCartneyk Erresuma Batuko erregina zuten Isabel II.ari 1969an. Urte horretan jaurti zuten “Abbey Road” lanean sartzekoa zuten minutu erdi eskaseko kantutxoa, baina diskoaren giro orokorrarekin bat egiten ez zuelakoan, atzera egin eta azken orduan kendu egin zuten kantu zerrendatik. Soinu teknikariak, ordea, kantutxoa diskoaren bukaerara gehitu zuen, segundo batzuetako isilunearen ostean, argi geldi zedin ez zuela obrarekin zerikusirik. Eta gainera, diskoetxeak ez zuen kantaren berri eman, ezta kontrazaleko tracklist-ean ere. Horrela jaio omen zen, Diego Cuevasek Jotdown aldizkarian kontatzen duenez, ezkutuko kantua kontzeptua. 

    Hidden Track-ak zaleei egindako keinuak ziren, bilatzen zekienarentzako opariak, biniloen garaian sortu eta Compact Discekin bukatu zirenak, orain dena baita klik eta klik musika entzuteko ere, .mp3 eta Spotify. 

    Kantuak ezkutatzeko arrazoi ezberdinak zeuden. Baziren diskoko giro orokorretik aldentzen zirenak, The Beatles taldearena bezalaxe, baita eskubide kontuak tarteko zituztenak ere. Edo musikariek egindako txantxa eta bitxikeriak, beste musikari batzuei egindako bertsioak tarteko.

    Eta gaiez aparte, jakina, teknikoki ere modu ezberdinak zeuden kantu bat gorde edo ezkutatzeko, aldrebes samarrak batzuk.

    Compact Disc estandarrek, pregap izeneko pista bat zuten hasieran, “zero” zenbaki bat, nolabait esateko, Play sakatuta entzuten ez zena, ez bazenuen atzerako botoia sakatzen. Talde askorentzat, hain zuzen ere, ezin aproposagoa zen pregap horixe kantuak ezkutatzeko, eta hala egin zuten ondoko hauek, batzuk baino ez aipatzearren: 2 Many Djs-ek Kilie Minoguen erremix bat, Musek Tom Waitsek irakurritako olerki bat, eta Public Enemyk, “Muse Sick-n-hour Mess Age”-n, diskoak izango zituen kritikak aurreikusi zituen pregap-ean. 

    Baina kantuak disko bukaeran ezkutatzea izan da ohikoena, aurretik isilune luze samar bat baliatuta. Horrela egin dute guzti hauek: The Rolling Stonesek gabonetako kantu tetriko samarra “Their Satanic Majesties Request”-en, Green Dayk kanpaia jotzeari gorazarrea “Dookie” diskoan, Marilyn Mansonek kantu extra bat “Antichrist Superstar” diskoko 99. pistan, eta Placebok Brian Molko kantariak jaso zituen mehatxuak gehitu zizkion “Evil Dildo” ezkutuko kantuari. Denetarik.


    Korapilatzen

    Baina kantuak ezkutatzeko askoz modu korapilatsuagoak erabili izan dituenik ere bada. Interesgarria da, berbarako, Radiohead taldearen “In Rainbows” eta hamar urte aurretik plazaratutako “OK Computer” diskoak elkarren osagarri direla dioen teoria. Edo Tool taldearen “10.000 Days” albumak gordetzen duen enigma, diskoko bi kantu, hirugarren baten gainean erreproduzituz azaleratzen ei dena -Yotuben dituzue frogak-.

    Hidden track edo kantu ezkutu direlako hauek bitxikeria bat baino ez dira musika industriaren historian, baina beraien inguruan esan daitezkeen kontuak agortezinak dira. Arcade Fire kanadar taldeak, berbarako, hamar minutuko collage bat gehitu zuten “Reflektor” diskoaren pregrapera, zer eta diskoko kantuen txatalez osatua, hauek atzekoz aurrera jarrita. Eta The Flaming Lips psikodelia taldeak, bere aldetik, “Zaireeka” izeneko album esperimental bat plazaratu zuen 1997an, lau CDz osatua, jendeak Laurak batera martxan jar zitzan, edo hiru, edo bi, edo bakarka, kantuak ezkutuak guztiz agertarazteko. 

    Kantuak ezkutatzeko modu ezberdinekin bukatzeko, Monty Python taldea aipatuko dugu. Umore gile britainiarrek, beraien izpirituari fidel, txantxa bat prestatu zuten 1973ko “Matching Tie & Handkerchief” bildumarako. Gorbata eta zapiak saldu zituzten, eta hauek erosten zituztenei kolektiboaren sketch bikainenetako batzuk jasotzen zituen biniloa oparitu. Eta gutxi balitz, barruan sorpresa gehiago zituen diskoak: Bi pista grabatu zituzten zirkulu kontzentrikoetan, orratzak bata edo bestea hausaz jo zezan, entzulearen harridurarako.

    Eta euskaraz zer? Izan ote da euskal musikan ezkutatutako kanturik. Izango da bat baino gehiago ezagutzen ez ditugunen artean ere, akabo, baina bi adibide baino ez ditugu emango. Bata euskaraz, Nahitanahiez taldearen “Basurdearen orrua” diskoan ezkutatutako baladatxoa, Urpeko Bonbardaren 111. saioan entzun genuena, Amodioaz mintzatu ginenean. Erdaraz bestea:  Iñigo Garces aka Cabezafuego musikari nafarrak irlandar kutsuko kantuak nagusiki ingelesez ontzeko eratu zuen taldea da Royal Canal, 2006an “Sail With Lord Alembic” disko ederra plazaratu zuena Noizpop zigilu bizkaitarrean. Bederatzi kantuko diskoak hamargarren bat zuen ezkutuan, Eskorbutoren “Maldito país” berrirakurtzen zuena.

    ★ Support this podcast on Patreon ★

    #114 - Joandakoa (Wayne Shorter)

    #114 - Joandakoa (Wayne Shorter)
    urpekoBONBARDA #114


    Zuzeu Podcastek aurkezten du:
    Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa.

    "Mr. Gone" deitzen ei zuten Wayne Shorter gaztetan, beti beste nonbait zegoela ematen zuelako jarri zioten goitizena. Saxofoi jolea 2023ko martxoaren 2an zendu da, 89 urte zituela eta jazz erraldoietan erraldoi zela.

    Art Blakey perkusio jolearen Jazz Messengers taldeko partaide izan genuen; Miles Davis tronpeta jolearen boskoterik bikainenean parte hartu zuen -Herbie Hancock, Ron Carter eta Tony Williams-ekin-; talde propioarekin maisulanak plazaratu zituen Blue Note zigiluan; elkarlanak egin zituen pop eta rock izarrekin -Joni Mitchell eta The Rolling Stones, berbarako-; Weather Report jazz fusio taldeko sortzaile izan zen -Joe Zawinul-ekin batera- eta XXI. mendeko jazz laukoterik zirraragarrienetako bat eratu zuen. Erraldoietan erraldoi, jazzak izan duen inoizko konposatzailerik itzaltsuenetakoa izan da Wayne Shorter.

    Aipatutako guztiaren gainetik baina, sei hamarkadako ibilbide luzean Wayne Shorter geldiezinak izan zuen sortzeko grina azpimarratu behar da, ezohiko kontua baita. Bertan goxo egotetik eta betikoa egitetik urruntzen saiatu zen beti saxofoi jolea, beti fresko, garaian garaikoa joz.

    Gizonak 2018an utzi zituen oholtzak, makal samar zebilela eta, baina ordutik “Iphigenia” deituriko opera bat ontzen ibili da Esperanza Spaldingekin batera, 2021n estreinatu zutena; pentsa!

    Asko dira Wayne Shorterrek konposatu ostean jazz standard bihurtu diren piezak, "Footprints", berbarako.


    Donostia Jazzaldia Saria
    Wayne Shorter 1933ko abuztuaren 25ean jaio zen New Jerseyn, AEBetan. Klarinetea hasi zen putz eta putz, baina saxofoi tenorrera aldatu zen goiz. John Coltraneren itzala saxofoi jole gazteen artean itzela zela, Shorterrek estilo propioa garatu zuen, esaldi laburragoekin eta tonu lodiagoarekin, nolabait esateko. 

    2007an Donostia Jazzaldia saria jaso zuen saxofoi joleak, eta 2017an Kursaalean jo zuen laukote kolosala osatuta, Danilo Perez (pianoan), John Patitucci (kontrabaxuan) eta Brian Blade (baterian) musikariekin. Gizonak azken muturreraino eraman zuen sorkuntzarekin hartua zuen konpromisoa.

    ★ Support this podcast on Patreon ★

    #113 - Gorputzak eta arrailak (emakume ahotsak)

    #113 - Gorputzak eta arrailak (emakume ahotsak)
    urpekoBONBARDA #113


    Zuzeu Podcastek aurkezten du:
    Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa.


    Gaur, 2023ko martxoaren 8a, euskal kantuekin osatu dugu Urpeko Bonbarda, azkenaldian gure musikagintzan, eta zorionez, gero eta presentzia handiagoa duten emakume ahotsak aurkeztuta.


    Saioa Izaro bakarlariarekin abiatuko dugu, gizonezkoak zuzenean interpelatzen dituen “Libre” kantuarekin: “Eta esan dezagun argi: Ez zarela behar den beste egiten ari”. 


    Ana Arsuagaren Verde Prato egitasmoaren "Adoretua" azken lana irekitzen duen "Ahizpak" entzun dugu, eta Ane Labaka zein Nerea Ibarzabalek idatzitako "Gorputzak zubi" Ines Osinaga arrasatearraren bakarkako debut lanetik, "#Itsasoadabidebakarra".

    Osinagaren kantuak Kai Nakai gasteiztarraren "Kolpe" aurkezpen kantuaren txatalak aipatzen dituela-eta, azken honekin Alex del Toro donostiar disko jartzaileak berriki egin duen erremixa entzun dugu: “Aizu, gaur ez dut nahi negarrik, ez lerdo bat ohean sartuta. Perreoa nahi dut hasi eta buka, nere ahizpekin bakarrik”. 

    Amaia Orejak, Maixa Lizarribarrek, Alaitz Telletxeak eta Kristina Solanok panderoak batu dituzte AMAK egitasmoan, eta "Gu" kantatu lagunekin batera, kasik ezkutuan kantatu behar izaten zuten emakumeei eskainia. Eta trikiti kontuekin jarraituz, orain gutxi agurra iragarri duen Huntza taldeari "Zer izan", Mafalda eta Tremenda Jauriarekin batera euskaraz eta gazteleraz emana.


    Andrazkoei zuzenean eta soul aireekin kantatu diete Arima Soul laukoteak eta Afrika Bibang bizkaitarrak, "Gu andereak" eta "Emakumeak" kantuetan, hurrenez hurren.


    Bukatzeko, beste hiru kantu. Baga, Maite Larburu hernaniar arrabita joleak egina, "Arrailak", bere amonaren kontakizuna aintzat hartuta, lehenengoz hilerokoa etorri zitzaionekoa. Biga, Olatz Salvador donostiarraren "Zintzilik" diskotzarretik "Betileekin", harreman eredu parekideen aldarrikapena dakarrena, Ane Labakak idatzitako hitzetan. Eta higa, Nacho Vegas asturiarraren "Vinu, cantares y amor" kantuari Anari azkoitiarrak egindako moldaketa, agertu orduko ereserki bihurtua eta lagunartean kantatzen dena.

    ★ Support this podcast on Patreon ★

    #112 - Bogan (Afrikan gaur)

    #112 - Bogan (Afrikan gaur)
    urpekoBONBARDA #112


    Zuzeu Podcastek aurkezten du:
    Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa.

    Musikak ihes egiteko aukera eman digu beste behin, eta Afrikara egin dugu agudo gaur, beti borborka dagoen eszena baten berri emateko, El País egunkariko Chema Caballero lagun dugula. Aldarrikapenez blai datoz kontinente beltzeko azken arrakastak. 


    Saioa eskarmentu handiko kantari batekin hasiko dugu, Boli Kostako Tiken Jah Fakoly kantariaren reggaearekin, eta hip-hop doinuekin bukatu; tsonga kultura hedatzen ari den Sho Madjozi hego afrikarrarekin, eta Didier Awadi senegaldarrak Diyane Adams artistarekin emandako "Quand On Refuse On dit Non" kantuarekin bukatu.

    Zerrendako kantu asko eta asko elkarlanak dira. Zakes Batwini hego afrikarrak Kasangorekin egindakoa, berbarako, lehenaren "Ghetto King" hirugarren lan luzeko "Osama" hit-ean. Nomcebo Zikode kantariak Wouter Kellerman txirula jolearekin aurkeztu duen "Bayethe", zulueraz emana. Blaq Jerzee nigeriarrak, bere aldetik, "Sokoma" argitaratu du Marioo tanzaniarrarekin eta Eddy Kenzo ugandarrarekin batera. Modernoa eta eklektikoa da kantua, egun boga-bogan den sonoritatea agertzen duena. 

    Eddy Kenzo Grammy sarietan izendatua egon da aurten, azken urteetan ez bezalal, saririk jaso ez duen Burna Boy bezala. Nazioartean afrikar kantaririk itzaltsuenetakoa da egun nigeriarra, eta azken iazko "Love, Damini" seigarren diskotik "Last Last" entzun diogu. Eddy Kenzo eta Burna Boyk jaso ez duten saria, arestian aipatu ditugun Nomcebo Zikoe eta Wouter Kellermanek jaso zuten batetik, eta Zakes Batwinik bestetik.


    Bere herrialdeko kantari ezagunenetakoa den Winky D. zinbabuearraren azken arrakasta entzun dugu, beste bat Togoko Toofan bikoteari, isilune luze samar baten ostean plazaratu dutena, frantsesa, we hizkuntza eta pidgina nahastuz. Juliana Kanyomozi ugandarra ere musikagintzatik at izan da azken urteotan, zinemagintzan murgildua, eta "Omwana" singlearekin itzuli da, ezkon bizitzaren ikuspuntu aurrerakoia agertuta. Eta gai bera ahotan hartuta, ikuspuntu atzerakoi samarra Diamond Platnumz tanzaniarrak, bongo flava delakoaren erregeak.

    ★ Support this podcast on Patreon ★

    #111 - Amodioaz (maitasun abestirik onenak?)

    #111 - Amodioaz (maitasun abestirik onenak?)
    urpekoBONBARDA #111


    Zuzeu Podcastek aurkezten du:
    Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa.

    “Zein da euskarazko maitasun abestirik onena?”. Horixe da, otsailaren 14aren harira, Jan Echevarriak hainbat musika zaleri luzatu dien galdera, El Correo egunkariko erreportaje batean, eta San Valentin eguna sekula ospatuko ez duen Urpeko Bonbardan jaso duguna. Batetik, onartu behar dugulako maitasun kantek presentzia nabarmena izan dutela beti pop musikan eta, bestetik, gustatu zaigulako erreportajeak izan dituen erantzunetan jasotako kantu zerrenda. Erreportajearen egileak idatzi duen bezala, "musika emozioen katalizatzaile ikaragarria" baita.


    Zuriñe Hidalgok Sorotan Bele taldearen “Amodioaren eza” hautatu du, folk rock taldearen 1993ko debut homonimotik. Abesti instrumentala den arren, hitzik gabekoa, musikak berak baduelako transmititzeko gaitasuna, magia egiteko boterea, Hesian taldeko kantari ohiaren arabera. Sua taldeko kide Ane Barrenetxeak, bere aldetik, Txuma Murugarren bakarlariaren "Proposamena" hautatu du, 2001eko "Hegazkinen arima" diskoa irekitzen duena, "Ba al dago maitasun aitormen errealagorik?" adierazita.

    Iholdi Beristainek Ibil Bedi taldearen "Lorerik gabe" kantuaren alde egin du, 2021eko "Beltxarga beltza" diskokoa. Goazen telesaileko antzezle izanak onartzen du ez dela erromantikoa, eta zalantzak dituela maitasun erromantikoaren eraikuntzarekin. Horregatik aukeratu du norbere burua zaindu beharraz mintzo ei den kantua.


    Aspaldikoagoak dira Iker Gurrutxagak eta Zaloa Urainek hautatu dituzten kantuak. Naiz irratiko MusikHaria saioko gidariak Gorka Urbizu nerabea partaide zuen Nahi ta Nahiez taldearen "Irudimenaren orratzetik" kantu ezkutua, 1996ko "Basurdearen orrua" diskokoa, "kantu sinplea eta poesia ederra". Eta Kokein taldeko kantariak -hautatu dituen bi kantuetako bat-, Julio Kageta zirenen "Masturbazioa", 1993ko "Mestizu" diskokoa, norberekiko maitasuna ezinbestekoa dela goraipatzea ere garrantzitsua ei delako.


    Zaloa Urainek bezala, El Correo egunkariko musika kritikaria den Silvia Canterak ere bi kantu hautatu ditu, eta bietan parte hartzen du Izaro mallabiarrak. Bata bakarka eman zuen 2020ko "Limones en Invierno" diskoan, "Paris", bi urte geroagoko "Limones de Oro" bilduman Eñaut Elorrietarekin batera abestua; "abesti leuna, berezia eta gozoa". Cantero nerabea zela euskal maitasun kantuen erreferente ziren, hain zuzen ere, Ken 7, eta egungo nerabeena izan daiteke, kazetariaren ustetan, Izaro. Canterok ahotan hartu duen bigarren kantua Gatibu gernikarren "Aske Maitte" dugu, 2016ko izen bereko diskokoa, "libertateari eta dibertsitateari abesten diona (...) eta udako gau amaigabeak" gogorarazten dituena.


    Bukatzeko, hiru musika zale ezberdinek hautatutako beste hiru kantu, talde berarenak: Su Ta Gar. Eibartarren 2013ko"Bizirik gaude" diskotik "Zure argia" hautatu du Dani Alvarezek; seme-alabei diegun maitasuna baldintzarik gabekoa baita, Radio euskadiko esatariaren aburuz. 1992ko "Hortzak estuturik" diskokoak dira beste biak. Kokein taldeko Zaloa Urainek "Azkar zuregana" aukeratu du, eta Mondosonoro aldizkariko kolaboratzaile Izkander Fernandezek, bere aldetik, "Itxaropena", amodoioaren B aldeari egindako balada. "Taldearen konposizio garrantzitsuenetako bat da. Lasaitasun malenkoniatsuan hasi eta ekaitz itxurako errepikan amaitzen dena, entzulea kantatzera gonbidatuz".

    ★ Support this podcast on Patreon ★

    #110 - Art pop zuhaixka (Elefanteen Zimiterioa)

    #110 - Art pop zuhaixka (Elefanteen Zimiterioa)

    Iban Zaldua irakasleak Kate Bush musikariaren hiru diskori buruz mintzatu zaigu Berria egunkariko Elefanteen Zimiterioa atalean, gaurko saioa osatzeko geure egin ditugun berbak.

    Azkenaldian isil-isilik badago ere, Kate Bushen musika biziberritu egin da "Stranger Things" telesailari esker, eta 1985eko "The Hounds of Love" disko arrakastatsuko "Muinoan gora", kantariaren abesti ezagunenetako bat, zerrenden gailurrean izan da iaz. Gizonek eta emakumeek elkar ulertzeko dituzten zailtasunez mintzo den kantua Liverpooleko The Wombats indie rock taldearen berrirakurketan entzun dugu guk saioan.

    Gainontzean, art poparen ordezkariak plazaratu dituen hamar estudioko lanetatik hiru proposatu dizkigu idazle donostiarrak: 1978ko "The Kick Inside" debut diskoa, 1980ko "Never for Ever" hirugarrena, eta azkenaurrekoa, 2011ko "50 Words for Snow".


    "The Kick Inside", lehenengoa buruz, "maitasuna (asko) eta estrabagantzia (ez gutxi), pianoak gidatutako melodiekin -dio Zalduak-. Bitxikeria bat punka eztanda egiten ari zen aro betean. Agian hori da, bururatzen zait, gakoetako bat: punkaren punka izan zen, nolabait”. Bertatik entzun ditugu "The Saxophone Song" eta "The Man with the Child in his Eyes".

    "Never for Ever" ahotan hartuta, "musikalki konplexuagoa" dela iritzi dio. "Babooshka" eta "Army Dreamers" dira honetatik lagin gisara hautatu ditugunak. Zalduaren aburuz, “diskoa ederra da, neurrigabekeriara osoro emana, ipuin bilduma (fantastiko) on bat bezain askotarikoa".

    Azkenik, hamarkada batzuk aurrera eginda, "Snowflake" eta "50 Words for Snow" entzun ditugu, azken kantu honek izena ematen dion diskotik. Kate Bushen "itzulera harrigarria", ardatz hartu dugun idatzian irakur dezakegunez. Elurrari buruzko lan kontzeptual honetan, "pianoak berriro hartzen du protagonismoa kanta luzeotan, baina bere karreraren hastapenetan baino sotilezia handiagoarekin, jazzaren mundura hurbilduz maiz. Ahotsarekin ez du hasieran bezain muturrera jotzen, sakonera egiten du, baina hemen ere jakinduria handiagoarekin ari da, bere baliabideak ederki administratzen daki. Disko lasaia da, amestia, tristea, baina neurriz". 

    Aparte, The Wombatsekin egin dugun bezala, saioa borobiltzeko beste bi bertsio entzun ditugu, Kate Bushen abestiren ezagunenetako biri egindako moldaketak. "Hounds of Love" The Futureheads post punk taldearen ahotsean, eta "Gailur ekaiztsuak", Emily Brönteren istorio ezin erromantikoagoan inspiratua, Cecile McLorin Salvant jazz kantari bikainak emana.

    ★ Support this podcast on Patreon ★
    Logo

    © 2024 Podcastworld. All rights reserved

    Stay up to date

    For any inquiries, please email us at hello@podcastworld.io