Logo

    musika

    Explore " musika" with insightful episodes like "#109 - XXI. mendeko ahotsak (The Times)", "#108 - Hippy hezigaitza (David Crosby)", "#107 - BADOKen iazko kuttunenak (urteko onenak)", "#106 - Herri musiketan iaz (urteko onenak)" and "#105 - Emakumeak 2022ko jazzean (urteko onenak)" from podcasts like ""Urpeko Bonbarda", "Urpeko Bonbarda", "Urpeko Bonbarda", "Urpeko Bonbarda" and "Urpeko Bonbarda"" and more!

    Episodes (100)

    #109 - XXI. mendeko ahotsak (The Times)

    #109 - XXI. mendeko ahotsak (The Times)
    urpekoBONBARDA #109


    Zuzeu Podcastek aurkezten du:
    Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa.


    The Times egunkariak XXI. Mendeko kantari bakarlari bikainenen zerrenda plazaratu du. Guztira 20 izen dira -hamalau emakume eta sei gizon- oso mainstream eta, jakina, eszena anglosaxoikoak guzti-guztiak. Alta, gaurko saioa osatzeko aitzakia eman digute. Denbora mugaren eraginez hautaketa bat egin behar izan dugu, eta hogei horietatik zazpi hauexek baztertu ditugu: Ed Sheeran, Taylor Swift, Bruno Mars, Rihanna, Lady Gaga, Lana del Rey eta Weyes Blood.

    Saioa Harry Styles entzuten abiatu dugu, telebistako talent show batean parte hartu eta One Direction mutiko taldeko kide izana. Sam Smith ere britainiarra dugu, eta estatubatuarrak bi lan luze arrakastatsu plazaratu dituen Frank Ocean eta Kendrick Lamar rap kantaria. Azken hau bere belaunaldiko ahotsik nabarmenena dugu askoren esanetan, eta guretzako ere, aurreko hirurak baino dezente kitzikagarriagoa.

    Gainontzean entzun ditugun bederatzi ahotsak emakume kantarienak dira. Batzuk oso interesgarriak begitandu zaizkigu: bedroom poparen erregina Billie Eilish harrigarria, eta Lizzo emakume ahaldundua, berbarako -horra bi kantutzar, "Bad Guy" eta "Truth Hurts"-. Bi horiek bezain gaztea eta arrakastatsua da 20 urte betetzear den Olivia Rodrigo ere, eta apur bat eskarmendu handiagoa dute Kelly Clarkson eta Florence Welch kantariek. Azken hau Bilbon izango da uztailean, Florence & The Machine taldea gidatzen.

    Saioa mundu mailako izar dirdiratsu diren kantariek itxi dute. Destiny Child hirukotean ezagun egindako Beyonce, egungo artista beltzik itzaltsuenetakoa, eta honek estatubatuetan duen sonaren parekoa duen Adele britainiarra. Eta hauekin batera, 2006an "Smile" kantutzarrarekin ezagutu genuen Lily Allen, eta zerrendan ageri diren guztien artean bizirik ez den bakarra; jada ikono bihurtua dugun Amy Winehouse neosoul kantari apartekoa.


    ★ Support this podcast on Patreon ★

    #108 - Hippy hezigaitza (David Crosby)

    #108 - Hippy hezigaitza (David Crosby)
    urpekoBONBARDA #108


    Zuzeu Podcastek aurkezten du:
    Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa.


    2023ko urtarrilaren 19an zendu da David Crosby, 81 urte zituela, besteak beste The Byrds taldea sortu eta Crosby, Stills, Nash & Young taldean jardun zuena, eta folk rock generoa definitzen lagundu zuena. Bere omenez osatu dugu saioa.

    Kalifornian familia dirudun batean jaioa, 60ko hamarkada hasieran The Byrds taldeko kide izan zen David Crosby, eta bi kantu entzun dizkiegu. Batetik "Lady Friend", The Byrds taldearen 1967ko "Yoounger than Yesterday" laugarren lan luzeko singlea, bere garaian porrot egin zuena. Eta bestetik "Eigh Miles High", urte bete lehenagoko "Fith Dimension" diskokoa.

    Droga gehiegikeriak eta beste zirela, The Byrds taldea bosgarren lan luzea plazaratu zuenerako gainontzeko musikariek kaleratua zuten David Crosby. Kaliforniarrak "Triad" ondu zuen lan horretarako, Jefferson Airplane taldeak berrirakurri zuena, guk saioan entzungai izan dugun bertsioan. Stephen Stills eta Graham Nash musikari itzaltsuekin elkartu zen orduan Crosby; lehena Buffalo Sprinfield taldetik zetorren, bigarrena The Hollies britainiarretatik.

    Crosby Stills & Nash eratu baino lehen, David Crosby jaunak gerora folk izar bihurtuko zen Joni Mitchell kanadarraren debut lana aurkeztu zuen, "Song to a Seagull", eta diskoari izena eman zion kantua entzun dugu bertatik. Eta handik gutxira superbanda ikaragarria osatu zuten Neil Young taldera gehitzearekin batera, Crosby, Stills, Nash & Young, 70eko estatubatuar kontrakulturaren ikur. Hirukotean emandakoetatik, "Guinnevere" entzun dugu, eta laukotean emandakoetatik, "Deja Vu", izen bereko disko arrakastatsutik jasoa; biak ala biak David Crosbyk ondutako kantuak.

    David Crosbyren lehenengoetako eragin musikala izan zelako, Josh White bluesmanaren kantu bat ere entzun dugu, baita Phil Collins jaunaren arrakasta nagusienetako bat ere -Crosbyk parte hartu zuen "Another Day in Paradise"-, C hepatitisarekin eri zela, gibel trasplantea ordaindu omen ziolako Collinsek Crosbyri. Aparte, David Crosbyk James Raymond eta Jeff Pevarrekin osatu zuen CPR jazz rock taldearen kantu bat ere entzun dugu. Raymondek helduaroan ezagutu zuen aita biologikoa duen Crosby, jaiotzean adopzioan eman zuten-eta.


    Graham Nash, Stephen Stills eta Neil Youngekin egindako elkarlanak gutxi iraun bazuen ere, gerora sarri elkartu izan zen David Crosby aspaldiko lagunekin, izan bikote, hirukote zein laukote formatuan; harremanak erabat gaiztotu ziren arte. Alta, bakarkako ibilbideari ere ekin zion 70eko hamarkadan, hil aurreko azken hamarkadan bizkortu zuena. 2014an “Croz”, 2016an “Lighthouse”, 2017an “Sky Trails” eta 2018an “Here If You Listen” plazaratu zituen.


    Estudioko azken lana 2021eko “For Free” izan du Crosbyk, eta bertatik entzun dugu kantu bat. Baita "Laughing" ere, bere kantu ezagunenetako bat, iaz plazaratutako zuzeneko bildumatik.


    2006an Times aldizkariari esandako adierazpen batzuetan, eta 60ko hamarkada ahotan hartuta, zera bota zuen Crosby berak: “Eskubide zibilei buruz zuzen genbiltzan, giza eskubideei buruz arrazoia genuen, ez ginen okertu bakea Gerra baino hobea zela esatean… baina ez genekien ezer drogei buruz, eta horrek asko eragin zigun gerora”. Lagunekin haserretu eta bere burua kaltetu izanaz damu agertu zen azken urteetan.

    “Long Time Gone” biografia eta "David Crosby: Remember my name" izeneko dokumentala dira hippy hezigaitza ezagutzeko aukerak.








    ★ Support this podcast on Patreon ★

    #107 - BADOKen iazko kuttunenak (urteko onenak)

    #107 - BADOKen iazko kuttunenak (urteko onenak)
    urpekoBONBARDA #107


    Zuzeu Podcastek aurkezten du:
    Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa.


    2022a bukatu eta gurean ere hasi dira ugaritzen urteko onenen zerrendak. Badok atariak, azken urteotan egin izan duen bezala, urteko hamabi disko kuttunenak aukeratzeko eskatu die dozena bat musika adituri, eta emaitzak dakartzagu Urpeko Bonbardara.


    Iritzia Berria egunkariko Andoni Tolosa, Ihintza Orbegozo eta Urko Ansa, Argia aldizkariko Iker Barandiaran eta Xalba Ramirez, Gaztezulo aldizkariko Jaione Dagdrommer, Hala Bedi irratiko Ion Etxebarria, Gaztea irratiko Julen Idigoras, Gure Irratiako Panpi Merkapide, Naiz irratiko Iker Gurrutxaga, eta Badok atariko Fred Berruet eta Jon Urzelai musika kritikari eta kultur kazetariek eman dute. 

    Eman dituzten zerrendetan disko bakar bat ere errepikatu ez balitz, 144 lan ager zitezkeen, baina 75 izan dira aipatuak, gehien nabermendu direnak batek baino gehiagok hautatu dituelako baitira nabarmendu. Guztietatik,

     Willis Drummond taldearen “Hala ere” eta MICE egitasmoaren “Lautada” izan dira aipatuenak, zortzi adituren zerrendetan agertu dira-eta.


    Atzetik, zazpik hautatu dute Vulk taldearen “Vulk ez da”, eta seik Olaia Inziarte bakarlariaren “Lehengo lepotikan burua”, Merina Gris hirukotearen “Zerua orain” eta Benizze bakarlariaren “Benizze”. Sofa taldearen “Krispetak”lana lau zerrendatan ageri da, eta hirutan Orbel taldearen “Lur hezea” eta J Martina hirukotearen “Jaio naiz baina”.


    Guzti horietatik, gutxienez, kantu bana entzungo dugu gaurko Urpeko Bonbardan.


    Gainontzean, zerrendan hiru aipamen, bi edo aipamen bakarra jaso duten diskoen artean, eta 65 inguru dira, bana hautatu dugu gaurko saioan entzuteko. Hirutan agertu direnetatik Broken Brothers Brass Band taldearen "Katebegia"aukeratu dugu, bitan agertu direnetatik Arima Soul laukotearen lehen luze homonimoa, eta behin baino agertu ez direnetatik Keia taldearen "Erregaia". Hiru hauen kantu banarekin borobildu dugu 2022an euskal musikak izan duen uzta bikainari buruzko Urpeko Bonbarda.

    ★ Support this podcast on Patreon ★

    #106 - Herri musiketan iaz (urteko onenak)

    #106 - Herri musiketan iaz (urteko onenak)
    urpekoBONBARDA #106


    Zuzeu Podcastek aurkezten du:
    Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa.


    Urte hasieran aurrekoak utzitako uzta jasotzea maite dugu Urpeko Bonbardan, eta gaur 2022an World Music ere deitzen duten horretan argitaratutako lanik azpimarragarrietako batzuekin osatu dugu saioa, munduari bira berri bat emanda. 

    Bidaia Japonian hasiko dugu Oki Kanorekin. Ainu etniakoa da OKI, Hokkaidokoa irlakoa, edo beste modu batera esanda, desagertzeko arrisku bizian den kultura batekoa. Eta horrelakoxea da jotzen duen musika tresna ere, tonkori deitzen den bost sokadun aintzinako harpa. Eta bukatu, Small Island Big Song egitasmoarekin itxi dugu. 2018an sortutako proiektuak Aotearoa (edo Zelanda Berria), Taiwan, Madagaskar, Hawai, Borneo eta Salomon irla eta artxipielagoetako soinuak biltzen ditu, Indiako Ozeanoko eta Ozeano Bareko kantuak, aniztasunaren aldeko aldarria eginda.

    Europan, Scandinavian Music Group ezagutu dugu Finlandian, Ultra Bra taldearen hondarretatik sortua, bizitza da handiena esatera datorkiguna. Eta Herbereetan Yin Yin bikotea, Maastricht hiritik asiar musika jorratu eta dantzarako deia egiten duena. Antzerako moldean moldatzen da Satellites seikote israeldarra ere, Tel Avivetik anatolian rock deiturikoa jorratzen duena, saz-a elektrifikatuta. Ekialde Hurbilarekin bukatzeko, egun Britainia Handian bizi den Maya Youssef siriarra aipatu behar dugu, Damaskon qanun-a jotzen ikasi zuena -78 sokadun zitarra-, ordura arte gizonek baino egiten ez zutena. 


    Afrikan Rokia Kone izan dugu zain Malin, “Bamakoko larrosa”, Jacknife Lee kaliforniar ekoizle itzaltsuarekin batera -U2, The Killers edo REM taldeekin lan egindakoa dugu- iaz disko bat plazaratu zuena. Baita Salif Keita eta Oumou Sangarerekin lan egin izan duen Aluna Wade senegaldar baxu jole trebea ere, iaz “Sultan” diskoa aurkeztu zuena, jazzetik afrobeatera bitarteko soinuekin.

    Afrikarra da Pierre Kwenders ere, Kinshasan jaioatako kongoarra, aspalditik bizileku duen Montrealetik datorren arren, Quebec-etik. Lingaleraz, frantsesez, ingelesez, shilubera eta kikongearaz kantatua, eta oso erritmo modernoz emana.

    Amerikan jarraituta, Adrian Quesada Fantasma taldeko kide ohiarekin egin dugu topo Texasen, eta “Boleros psicodelicos” diskotik kantu bat entzun, iLe puertorrikoarrak kantatua.

    Bukatzeko, Brasil eta Jamaikan eskarmentu handiko kantari banarekin egin dugu topo; hamabost urte diskorik plazaratu gabe egon ostean 80 urte bete dituela-eta lan berria atondu duen Flora Purim batetik; eta Horace Andy rastafaria bestetik, Lee “Scratch” Perry zein Massive Attack artistekin lan egindakoa.

    ★ Support this podcast on Patreon ★

    #105 - Emakumeak 2022ko jazzean (urteko onenak)

    #105 - Emakumeak 2022ko jazzean (urteko onenak)
    urpekoBONBARDA #105


    Zuzeu Podcastek aurkezten du:
    Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa.

    Iragan berri den 2022a ere urte zirraragarria izan dugu jazz musikan, eta azken urteotan gertatu den bezala, generoa berritzeko orduan emakumeak duen presentzia eta garrantzia gorantza doa, geldiezin.

    Gaurko saioan abangoardiako jazza jorratzen duten hiru emakume entzungo ditugu, eta janzkera klasikoagoko beste hiru. Bi kolektibo, hiru taldeburu eta zazpi bakarlari. Hiru kantari, beste horrenbeste teklatu jole eta tronpeta edo saxofoi jole, harpa jole, gitarra jole eta bibrafono jole bana. Hasiberriak diren gaztea eskarmentu handiko nagusiak baino gehiago, eta munduko bazter guztietakoak gainera.

    Pianoak garrantzia handia du jazz musikan, eta Zela Margossian libaniarrarena entzun dugu. Beiruten jaiotako emakumea Sidney inguruko jazz eszenako kidea da. Piano jolea da Eri Yamamoto ere, Japoniako Osakan jaioa, eta 2019an Easo Abesbatzak lagunduta jo zuen tokira bueltatuko dena aurten, honakoan trioan, Donostiako Jazzaldira.


    Pianotik ahotsera, “Maitasunak marrubi zapora dauka” entzungo diogu jarraian Gregory Porter sonatuak lagunduko duen Somi kantariari. Jaiotzez estatubatuarra, kultur nortasun afrikarra du Somi Kakomak; azken diskoan, “Zenzile: The Reimagination of Miriam Makeba”, Mama Afrika esaten zioten izar hego afrikarra berrirakurtzen du.

    Kantariekin jarraituta, beste bi lan azpimarratu ditugu. Caravan aldizkari digitalaren ustez hamarkadako jazz kantarian dugun Cecile McLorin Salvant gaztearen “Ghost Song” lan freskoa, eta are gazteagoa den Samara Joy neskatilaren “Linger Awhile”, Sarah Vaughan gogorarazten duen kantariak molde klasikoan emana.

    Lan berritzailee dagokionean, bizi-bizi dagoen britainiar eszenatik datorren Kokoroko aipatu behar dugu, Sheila Maurice-Grey tronpeta joleak gidatzen duena; iaz eta 39 urte baino ez zituela zendutako Jaimie Breezy Branch tronpeta joleak Jason Nazary bateria jolearekin osatzen zuen Anteloper egitasmoa, sintetizagailuak eta elektronika protagonista izan eta arnasarik gabe utziko zaituena; eta Domi & JD Beck bikotea, frantziar teklatu jole eta estatubatuar bateria jole ezin gazteagoak osatutako egitasmo bitxia, Robert Glasper edo Herbie Hancock erraldoien arreta bereganatu duena.

    Beraien musika tresna lehen lerrora ekarri guran dabiltzan abangoardiako hiru artistek ere izan dute tartetxoa Urpeko Bonbarda honetan. iaz “More Touch” argitaratu duen Patricia Brennan bibrafono eta marinba jole mexikarrak; Britainia Handitik datorren Alina Bzhezhinska ukrainar harpa jolearen “Reflections”; eta azken urteotan emakumeak jazz musikan erdietsi duten arrakasta eta itzalaren erantzuleetako bat, Mary Halvorson gitarra jole estatubatuarra. 2022an ez da bere “Amaryllis/Belladonna” bikoitza bezain lan ederrik erraz aurkituko.

    Bukatzeko, Melissa Aldana txiletarraren saxofoi barnerakoia entzun dugu “12 Stars” lan ezin iradokitzaileagoan.

    ★ Support this podcast on Patreon ★

    #104 - Urteko azkena (streamingez entzunenak)

    #104 - Urteko azkena (streamingez entzunenak)
    urpekoBONBARDA #104


    Zuzeu Podcastek aurkezten du:
    Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa.


    2022ko hogei kanturik entzunenen artean hautaketa eginda gatoz gaurkoan -zerrendako euskal kantuak alde batera utzita-, streaming plataformak egin digun laburpenak gu geu ere harritu egin gaitu-eta.

    Hasteko “Take Five” kantutzarra entzun diogu the Dave Brubeck Quartet taldeari, izugarri maite dugun kantua. Eta urteko azken saioa ixteko, seguruena entzuleak behin 2023an sartuta entzungo duena, Literatura Nobel saridun baten kantu klasiko bat ekarri dugu, askok George Harrisonen ahotsean ezagutu zuen “If Not for You” (Hi ez bahintz), Bob Dylan erraldoiarena.

    Dantzarako grina asetu gura izan dugu hiru kantutzarrekin: Desmond Dekker ska eta reggae kantariaren “Israelites”, atzerrian arrakasta erdietsi zuen lehenengoetarako jamaikar kantua, 60ko hamarkada bukaerakoa; Stevie Wonder itsuak 1972an “Talking Book” laneko single nagusi bezala plazaratu zuen “Superstition”; eta Diana Ross izarrak 80ko hamarkada hasieran argitaratu zuen “I´m Coming Out” kantua, LGTBI komunitateak ereserkitzat duena –Urpeko Bonbarda bat eskaini genion “Diana” diskotzarrari-.


    Rock eta pop doinuei dagokionean, klasikoak eta argitaratu berriak uztartu ditugu. Batetik Ian Dury handiaren eskaria, “Wake Up and Make Love With Me” entzun dugu; eta The Ventures surf rock taldearen “Pipeline” instrumentala, gitarran jotzen ikasi guran gabiltzana; eta bestetik Band of Horses, melodia ederrak sortzen sekulako gaitasuna erakutsi duen taldearen 2022ko “Things are Great” diskoa irekitzen duen kantua; baita The Sadies kanadarren kantu bat ere, aurten taldeko gidari diren anaietako bat, Dallas Good, zendu baita –Urpeko Bonbarda bat eskaini genien Mark Lanegan eta The Sadies taldeko gitarra joleari-.

    Bukatzeko, beste bi kantu, noizbehinka egiten ditugun bidaia sonikoetan ezagututako herri musiketatik jasoak. Batetik Omar Pene senegaldar musikariaren aurtengo “Climat” diskotik jasotako kantua, eta bestetik Guy Buttery hego afrikarrak bi maisu indiarrekin (taula jotzen duen Mohd. Amjad Khan eta sarangia jotzen duen Mudassir Khan) emandako “One Morning in Gurgaon” elkarlan iradokitzailetik jasotako kantua, “Abenduko olerkiak”. Urte Berri On!

    ★ Support this podcast on Patreon ★

    #103 - 2022an zenduak (herioaren abaroan)

    #103 - 2022an zenduak (herioaren abaroan)
    urpekoBONBARDA #103


    Zuzeu Podcastek aurkezten du:
    Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa.

    2022an zendu diren musikariekin osatu dugu 103. Urpeko Bonbarda. We Heart Music atariaren arabera, 800-etik gora izan dira aurten zendu direnak, eta hauetako batzuk izan dute monografikoa gurean, The Sadies taldeko Dallas Good gitarra jolea eta Streamin´Trees taldeko frontman izandako Mark Lanegan handiek erdibana, eta ondorengo hauek bakoitzak berea: Loretta Lynn, Jerry Lee Lewis eta Dr. Feelgood taldeko gitarra jole izandako Wilko Johnson.

    Gaur beste guztiei egingo diegu gorazarre, gutxi batzuk baino aipatuko ez ditugun arren, eta ez derrigorrean ezagunenak. 2022an zendu direnen artean dira Meat Loaf, Ronnie Spector, The Ventures taldeko Don Wilson, King Crimson-eko Ian McDonald, Foo Fighters-eko Taylor Hawkins, Elza Soares, Betty Davis, Pau Riba, Depeche Modeko Andy Fletcher, Fleetwood Mac-eko Brett Tuggle, Ronnie Hawkins, Vangelis, Manolo Sanlucar, Suicidal Tendencieseko Bob Heathcote, The Pogueseko Darryl Hunt, Olivia Newton-John, Pharoah Sanders, Angela Lansbury, Dead Kennedyseko D.H. Peligro, Fleetwood Mac-eko Christine Mc-Vie, Irene Cara, Pablo Milanes, Angelo Badalamenti eta Ichiro Mizuki. Ez ditugu guzti hauek entzungo baina, beste batzuk baino.

    Saioa Low taldearen Gabonetako kantu bat entzunez bukatu dugu, Mimi Parker kantari eta bateria jolea zendu baita aurten. Eta Nuria Feliu entzunez abiatu, katalanez kantatzen aitzindari izandako emakumea, Bartzelonako Sants auzoan bere irudiarekin erraldoi bat ere baduena.

    Euskal Herrian bi galera nagusi izan ditugu aurten gutxienez, musikagintzari dagokionez, Mocedades taldeko Ana Bejarano getxoztarra eta Leire Iribarne lasarra, Diabolo Kiwi taldeko teklatu jole eta kantaria, basurde batek eragindako trafiko istripuan zendua urtarrilaren 28an, 24 urte baino ez zituela.  “Ameslariak” entzun diegu baxenafarrei.

    Soinu hegemonikoetara eta anglosaxoi eszenara salto egin baino lehen, beste bi emakume izan ditugu mintzagai. Batetik Gal Costa brasildarra, portugesez “Que pena” kantatzen entzun duguna, Caetano Velosorekin batera. Bestetik Jaimie Branch jazz tronpeta jolea estatubatuarra, Spoon edo TV On the Radio indie taldeekin lan egindakoa, 39 urte baino ez zituela zendua.

    Rap musikak tiroz hildako musikari gazteen zerrenda luzatzen jarraitzen du, baina Coolio jauna  bihotzekoak jota zendu da. “Gangsta´s Paradise” singlearekin erdietsi zuen mundu mailako arrakasta, Stevie Wonderren “Pastime Paradise” kantuan oinarritutako melodia duena.

    Andrew Woolfolk ere aurten zendu da, Earth, Wind & Fire, 70eko hamarkadan arrakasta itzela izan zuen disko taldeko saxofoi jolea. Baita Madchester soinuaren aitzindari izan zen Happy Mondays taldeko Paul Ryder baxu jolea ere, Shaun kantariaren anaia.

    Abenduaren 18an, eta minbiziak jota, Terry Hall zendu da, gurean oso maitatua den The Specials taldeko kantaria. Eta ska doinuetatik punk amorrura, bi galera izan ditugu mintzagai: New Yorkeko D Generation taldeko Howie Pyro baxu jolea, eta The Saints australiarren kantari Chris Bailey. Azken hauen 1977ko “I´m Stranded” klasikoa entzun dugu, omenaldi modura.


    ★ Support this podcast on Patreon ★

    #102 - Soulak 15 (Luis Lapuente)

    #102 - Soulak 15 (Luis Lapuente)
    urpekoBONBARDA #102


    Zuzeu Podcastek aurkezten du:
    Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa.

    Urpeko Bonbardaren 102. saioan soul musikak izan dituen diskorik gogoengarrienetako batzuk izango ditugu hizpide. Luis Lapuente madrildar medikuak soul musikari buruzko hiru liburu idatzi ditu, aditu eta zale amorratua baita, eta azkena aurkezterakoan El País egunkariak 15 lan ezinbesteko gomendatzeko eskatu zion. Horiek profitatuta, 14 kantu entzungo ditugu gaurko Urpeko Bonbardan.

    Ahots harmoniak jorratzen dituen The Temptations taldearen "My Girl" ezin ezagunagoarekin abiatu dugu saioa, eta soul musikaren erreginarekin itxi, Aretha Franklin dirdiratsuarekin.

    Tartean apur bat ezezagunagoak diren pare bat musikari ere izan ditugu, 1973an "Imagination" diskoa plazaratu zuen Gladys Knight & the Pips eta Oscar Brown Jr. berbarako, azken honi entzun diogun "Work Song" kantua espainiar Raphael ezagunak zein Akatz bizkaitar ska taldeak berrirakurria izan bada ere. Apur bat itzaltsuagoak dira, taldeei dagokienean, “Givin´ it Back” diskoan folk klasikoak moldatu zituen The Isley Brothers, Levi Stubbsen ahotsak gidatzen zuen Four Tops edo Sly & the Family Stone, zeinaren 1969ko "Stand!" diskoari izenburua ematen zion kantua ereserkitzat hartu zuten Pantera Beltzek. Gainontzean, ondo ezagunak dira entzungai izan ditugun beste artista guztiak.

    Bukaera tragikoa izan zuten Sam Cooke eta Marvin Gaye izarrei kantu bana entzun diegu. Biak ala biak gazte hil ziren, tirokatuak. Baita Otis Redding erraldoiari ere, 26 urte baino ez zituela hegazkin istripu batean zendua bera -The Rolling Stones berrirakurtzen entzun dugu-.

    Ray Charles eta Stevie Wonder handietan handiek ere badute antzekotasunik, beltzak eta txiroak ez ezik itsuak ere baziren arren arrakasta handia erdietsi zuten-eta. Lehena zuzenean entzun dugu, 1960ko "In Person" diskoan, eta bigarrena, 1973ko “Innervisions” maisulanean -urte bikaina soul musikarentzat-, bete betean zela.


    Bukatzeko, beste bi erraldoi aipatuko ditugu. Batetik Curtis Mayfield, faltsetearen eta soul sofistikatuaren erregea. Bestetik, funkaren asmatzaile eta hip hoparen aitzindaritzat har daitekeen James Brown, soularen aitapontekoa, seguruenera musika beltza zuzenekoetara eramaten gehien asmatu zuena; pistak erritmoz eta amorruz bete zituena!

    ★ Support this podcast on Patreon ★

    #101 - Thriller (40 urte)

    #101 - Thriller (40 urte)
    urpekoBONBARDA #101


    Zuzeu Podcastek aurkezten du:
    Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa.

    Urpeko Bonbardaren 101. saioan historiako diskorik salduenetako bat izan dugu mintzagai. 1982ko azaro bukaeran plazaratu zen Michael Jackson zenaren “Thriller”, eta berrargitaratu egin dute orain, jatorrizko diskoari makina bat bitxikeria gehituta; kantuen zirriborroak, nahasketa berriak eta beste.

    “Thriller” plazaratu zenerako izar handia zen Michael Jackson, eta saioa bere ahotsez egindako lehen grabaketarekin hasi dugu –The Jackson 5 taldearen 1969ko “I Want You Back”-, eta azkenarekin itxi -hil ostean plazaratu zen “Michael” diskoko “Best of Joy”, 2009an grabatua-.

    Hiru harribitxi dira aipagai dugun diskoak izan zuen arrakastaren erantzule nagusiak, “Thriller”, “Billie Jean” eta “Beat It”. Lehenaren jatorrizko zirriborroa Michael Jacksonen ahotsean entzun dugu, baina kantuak jatorrian izandako zirriborroan, “Starlight”, 40. urtemugako edizio bereziak duen berrikuntzetako bat. Beste biak beste artista batzuek egindako berrirakurketetan; Ondarroako Hazurbaltzak taldeak joa “Billie Jean”, 1991ko debut diskoan emana; eta Pomplamoose bikoteak kantatua “Beat It”.

    “P.Y.T. (Pretty Young Thing)” jatorrizko diskotik jaso dugu, diskoa irekitzen duen “Wanna Be Startin´ Somethin´” bezala. Azken kantu honek badu bitxikeria bat bere baitan, azpitik entzungai duen “ma-mako, ma-ma-sa, mako-mako ssa” esaldiarekin lotua. Jatorriz Manu Dibango kamerundar saxofoi jolearen “Soul Makossa” lanean entzun zen lehen aldiz esaldia, eta Barbadoetako Rihanna kantariaren “Don´t Stop the Music” kantuan azken aldiz. Bi horiek ere entzun ditugu Urpeko Bonbardan.

    Bederatzi kantuk osatua dago jatorrizko “Thriller” diskoa, eta horietatik sei entzun ditugu saioan, hiru Michael Jackson beraren ahotsean -ezagutu berri dugun zirriborroan bat-, eta beste hiru bertsioen bitartez. Azkena “Human Nature”, Vijay Iyer piano joleak jazz moldean joa.

    * Saioa osatzeko, Berria egunkarian Mikel Lizarraldek idatzitako "Pop musika irauli zuen diskoa" izan dugu ardatz.

    ★ Support this podcast on Patreon ★

    #100 - Fedea (Lander Garro)

    #100 - Fedea (Lander Garro)
    urpekoBONBARDA #100


    Zuzeu Podcastek aurkezten du:
    Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa.

    Urpeko Bonbardak ehun saio uhineratu ditu gaurkoarekin. 2021eko urtarrilaren 2an lehen saioa plazaratu genuenetik astero-astero sareratu dugu podcasta, hutsik gabe. Eta ehungarrenera iritsi garen honetan, ezohiko formatuan eman gura izan dugu saioa, liburu bati erreparatuta: Lander Garroren "Faith". Musika oso presente dago nobelan, eta tarteka, musikariak aipatu ez ezik, musikari buruz ere hitz egiten da bertan. Gustuko genituen pasarte batzuk eta bertan aipagai ziren kantuak lotuz osatu dugu saioa.

    Morphine hirukotearen "Cure for Pan" entzunez abiatu dugu saioa, 1993ko lan homonimoari izena ematen dion kantua eta protagonista Bartzelonara heldu berritan, "Faith" nobelako lehen aipamen musikala; eta Eltohn John jaunaren "Goodbye Yellow Brick Road" entzun dugu gero, datorren urtean 50 urte beteko duen izen bereko diskokoa, Lars Von Trierren "Breaking the Waves" filmean ere entzun daitekeena.

    Forentseen gomendioei muzin eginda, Oskorri beharrean Mecano ere entzun dugu gero, kartzela atzean utzitako Xabi Ugarteri jada ez diola deus eragiten jakiteak lasaituta.


    Eñaut tronpeta jolearen purrustadak gorabehera, eta gurean kantuen hitzek garrantzia dutelako, Bob Dylan entzun dugu; baita Stray Cats ere, elkarri esateko askorik gabe konpontzen diren Marina eta Pauri keinu bat egiteko.

    Oihanaren etxean aterpetu izana gogoan, Anari entzun dugu, "arraro samarra den euskal kantautore berri hori"; eta Nagore gogoan, gorrotoa lilura bihurtzeko gai izan den Victor Jara. Euskal Herriko gatazkaz, borroka armatuaz eta torturez berba egiteko, Sara Montiel eta Ruper Ordorika itzaltsuek eman digute oinarri musikala.

    Bukaera aldera, gainera, Caetano Veloso eta Massive Attack ere entzun ditugu, nobelan amarekin eta zinema eskolan jazotako pasarteak gogoan. Baita The Beatles taldearen "Blackbird" ere, Paul McCartneyk ondua eta berak bakarka joa, gitarra lagun, 1968ko album zurian.
    Musika klasikoaz eta jazz doinuez ere hitz egiten da "Faith" nobelan. Gauzak horrela, "In a Sentimental Mood" entzun dugu, Duke Ellington piano joleak 1935an ondutako pieza, John Coltrane erraldoiaren saxofoia lagun zuela joa; "munduko melodia ederrena", Lander Garrori irakurri diogunez.

    Gaurko saio berezi honek balio beza, entzule, nobela irakurtzeko akuilu gisa, edo irakurritakoaren gozagarri.

    ★ Support this podcast on Patreon ★

    #099 - Borreroa hil da (Wilko Johnson)

    #099 - Borreroa hil da (Wilko Johnson)
    urpekoBONBARDA #099


    Zuzeu Podcastek aurkezten du:
    Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa.

    Laurogeita hemeretzigarren saioan, zendu berri den Wilko Johnsoni eskaini diogu saioa.

    Dr. Feelgood britainiar talde bikaineko kide izana da Wilko Johnson, eta Game of Thrones telesail famatuan borrero mutuaren papera jokatu zuen, ezin aproposagoa gitarra jotzeko hain era berezia zuen “aizkolariarentzat”, bortitza eta zorrotza. Euskal Herrian makina bat aldiz jo zuen gizonak hilezkorra zirudien gainera, orain urte gutxi minbizi gaizto bat gainditu zuen-eta. 

    2022ko azaroaren 23an zendu da Wilko Johnson, 75 urte zituela, eta gizonak merezitako monografikoa izan du Urpeko Bonbardan.

    Rock progresiboa eta glam rocka nagusi zen garaian, rhythm and blues bizkorra jotzen zuen Dr. Feelgood, punkaren aurrekari izandakoekin abiatu dugu saioa, 1975eko “Down by the Jetty” debut laneko “She does It Right” ez ezik, “Paradise” eta “Milk and Alcohol”, taldearen azken arrakasta, 1978koa. Eta bukatu ere Dr. Feelgoodekin itxi dugu saioa, “Back in the Night” kantutzarra entzunda, Wilko Johnsonek berak ondua.

    Wilko Johnsonek 1977an utzi zuen Dr. Feelgood -bota egin zutela esan zuen berak-, eta bakarkako bide oparoa ibiltzen hasi baino lehen egitasmo pare batean hartu zuen parte. Horiek entzun aurretik ordea, The Shadows eta Johnny Kids & the Pirates taldeen kantu bana entzun ditugu, horiek izan baitzituen eredu Wilko Johnsonek.

    Dr. Feelgood utzi eta bakarkako ibilbidea abiatu arteko urteetan, Wilko Johnsonek Solid Senders izeneko talde bat eratu zuen, eta Ian Dury & the Blockheads taldearekin 1980ko “Laughter” diskoan parte hartu zuen, Ian Duryrekin batera diskoa irekitzen duen kantua onduz, “Superman´s Big Sister”, diskoko entzunena. Orduan ezagutu zuen, The Blockheadseko partaide zela, Norman Joseph Watt-Roy baxu jolea, gerora bakarkako ibilbidean lagun izango zuena.

    Gainontzean bakarkako lanekin osatu dugu Urpeko Bonbarda, 1988ko “I Keep It To Myself” kantuarekin hasi eta “That´s The Way I Love You” kantuarekin bukatu, azken hau 2018ko “Blow Your Mind”, BBK Legends festibalean ere zuzenean aurkeztu zuena, Sondikan (Bizkaia). Tartean, jakina, entzun dugu The Who taldeko frontman Roger Daltrey jaunarekin batera 2014an -minbizia zuela jakin berritan- ondu zuen “Going Back Home” laneko lagin bat ere.

    Gainera, The Wave Pictures taldeak Ep bat plazaratu zuen Wilko Johnsonen lau kanturen bertsioekin eta berarentzat propio sorturiko “Canvey Island Baby” kantuarekin; azken hau entzun dugu -Wilko Johnsonen sorlekua da Canvey Island, Ingalaterran-.

    ★ Support this podcast on Patreon ★

    #098 - Telefonoa joka (deiak kantuetan)

    #098 - Telefonoa joka (deiak kantuetan)
    urpekoBONBARDA #098


    Zuzeu Podcastek aurkezten du:
    Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa.

    Laurogeita hamazortzigarren saioan, telefonoa joka izan dugu Urpeko Bonbarda osatzeko hautatu ditugun kantuetan.

    Gatibu taldearen debut laneko "Musturrek sartunde" entzunez abiatu dugu saioa, telefono dei batek aktibatu eta beste batek desaktibatzen baitu kantuko istorioa. Eta Debbie Harry entzun dugu gero, dei diezaiogun erreguka, Blondie taldeak hego amerikar herrialdeetako propio gazteleraz grabatu zuen bertsioan, "Call Me/Llámame". Eta Lady Gaga eta Byoncek "Telephone" kantatu digute, printzipioz lehenak Britney Spearsek kanta zezan idatzi zuen kantua, eta azken honek baztertu zuena.

    Kraftwerk elektronika talde aitzindariaren "The Telephone Call" kantuan garrantzia berezia hartzen du telefonoaren tonuak, baita Electric Light Orchestra britainiarrenean ere; AEBetan arrakasta handia zutela-eta, bertako telefonoaren tonua grabatu baitzuten "Telephone Line" kantuan.

    1959an Buddy Holly eta Ritchie Valensekin batera hegazki istripuz hil zen The Big Bopper rock izarrak elkarrizketa bat antzeztu zuen "Chantilly Lace" abestian, eta beste horrenbeste egin zuen Loretta Lynn eta Conway Twitty bikoteak, lehenak kantatuz eta besteak hitz eginez. Ian Svenonius kantari zuen The Make Up taldeak "Hey Joe" herrikoiari egindako berrirakurketan ere, kantuaren erdian, bada telefono bidezko elkarrizketa bat. Emakume batek Mexikotik etxera itzul dadila eskatzen dio Joeri.

    Bukatzeko, The Kinks kaliputsuek XIX. mende bukaeran linea bakar batekin lagun askori zerbitzua emandako "Party Line" delakoak aurkeztu dizkigu, eta The Replacements kultuzko taldeak erantzuten zaila den galdera luzatu: Nola esan bakarrik zaudela erantzungailu automatiko bati? Bere aldetik, Juan Carlos Perezi komunikatzen eman zion Itoiz taldearen "Telefonoan".

    ★ Support this podcast on Patreon ★

    #097 - Hiltzailea (Jerry Lee Lewis)

    #097 - Hiltzailea (Jerry Lee Lewis)
    urpekoBONBARDA #097


    Zuzeu Podcastek aurkezten du:
    Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa.

    Laurogeita hamazazpigarren saioan, 2022ko urriaren 28an, eta 87 urte zituela, hil zen Jerry Lee Lewis jaunari monografikoa eskaini diogu, rockanrollaren aitzindarien artean bizirik zen bakarra zelako. Saioa osatzeko, gainera, Itziar Ugarte kazetariak Berria egunkarian idatzi izan dugu ardatz.


    Bere emanaldi kaliputsuetan agertu zuen suhartasunagatik da ezaguna Luisianako piano jole estatubatuarra, The Killer goitizenaz ezaguna. Grina horrexen adibide dira entzun dizkiogun bi kanturik ezagunena, "Whole Lotta Shakin´ Goin` On" eta, batez ere, "Great Balls Of Fire"; biak ala biak 60ko hamarkada baino lehen plazaratuak.

    Aipatu kantuen aurretik baina, Al Green entzun dugu "My God is Real" abestuz, kantu honexen berrirakurketa boogie-woogie bat egiteagatik kaleratu baitzuten Jerry Lee Lewis eskola ebangelikotik. Baita Million Dollar Quartet deituriko laukotearen kantu bat ere, hastapenetako garaien lekuko. Sun Records diskoetxe sonatuan Elvis Presley, Carl Perkins, Johnny Cash eta Jerry Lee Lewis berak osatu zuten, aldi laburrez, urrezko laukotea, elkarrekin egindako grabaketa apurrak hamarkada batzuk geroago plazaratu bazituzten ere.

    The Killer gartsuarekin jarraituz, 60-70eko hamarkadan -oholtzatik kanpoko afera batzuekin gainbehera ezagutu eta gero (adin txikikoa zuen lehengusinareki ezkondu zen, berbarako)- jo zituen country kantuetako batzuk ere ezagutu ditugu, Janis Joplinek ezagutzera emandako Kris Kristoffersonen "Me and Bobby McGee" kantuaren berrirakurketa tarteko dela. Baina iragan hamarkadan, XXI. mendean jada, Jerry Lee Lewisek lagunekin duetoetan emandako zenbait kantu ere, Mick Jaggerrekin kantatutako The Rolling Stonesen "Dead Flowers" adibidez, azkenaldian izan zuen suspertzearen lekuko. 


    Gainontzean, Jerry Lee Lewisen arreba Linda Gail Lewis ere entzun dugu kantuan, nebaren antzera, piano jole kaliputsua baita azken hau ere. Eta zendu berriaren belaunaldi aitzindaria ahotan hartu dugunez, rockanrollaren beste erraldoietako bat ere entzun dugu, Jerry Lee Lewisek pianoari su eman zionekoetan presente izandako Chuck Berry, "Little Queenie" joz.

    ★ Support this podcast on Patreon ★

    #096 - Elkarri mokoka (musikarien arteko aferak)

    #096 - Elkarri mokoka (musikarien arteko aferak)
    urpekoBONBARDA #096


    Zuzeu Podcastek aurkezten du:
    Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa.

    Laurogeita hamaseigarren saioan, ezinbestez, maiz oholtzara ere heldu izan diren musikarien arteko liskarrak izan ditugu hizpide. Inoiz, gainera, sorkuntzaren bidez ere egin izan diote errieta elkarri. Gaur Urpeko Bonbardan, artisten arteko ika-mikek eragindako abestiak entzungo ditugu.


    Hasi, Jaungoiko kontuekin hasi dugu saioa, "Who Says God is Dead" galdezka etorri zaigun Loretta Lynn eta ikatz mehatzariaren alabari erantzuna eman zion Pi L.T. hirukotearekin. Baina lasai egon, irakurle, badakigu mungiarrek ez zutela "Hil da jainkoa" country izarrari erantzuteko ondu.

    Sinesmen kontuak gorabehera, musika urbanoa entzun dugu ondoren, Calle 13 bikoteko kide izan den

     Residente jaunak, Bizarrapen laguntzarekin, J. Balvin kolonbiar erregetoi kantaria egurtzeko ondu duen kantuarekin hasita. Eta erregetoia aipatzen hasita, beste horrenbeste egin dugu Kai Nakaigasteiztarrak Chill Mafiaren arbuioari emandako erantzun zorrotzarekin.


    Euskal Herritik mugitu gabe, eta denboran atzera eginda, 80ko hamarkadara bueltatu gara, punk doinuak entzuteko, Eskorbuto eta La Polla Records ere etsaiak zirela esaten baita. Antza, santurtziarrek La Polla Records taldeari eskaini zioten "Cuidado" kantu ezaguna, eta aguraindarrek "El Avestruz" kantuarekin erantzun Eskorbuto taldeari. Auskalo!


    Kantuak kontu, rock musikaren historian kantu bitartez egon den mezu trukaketa ezagunena Neil Young eta Lynyrd Skynyrd taldearen artekoa izan da. Kanadar erraldoiak, "Southern Man" eta "Alabama" kantuetan arrazakeriaren zama zeramala leporatu zion AEBetako hegoaldeari, eta Floridako taldearen abeslariak, Ronnie Van Zantek, "Sweet Home Alabama" rock ereserkia idatzi zuen Neil Young zaharrari erantzunez. Aipatutako auzia gorabehera, elkarri miresmena zioten.


    Saioa bertsio batekin bukatu dugu, Van Halen taldearen "Jump" kantuarena. Kantuaren bizitasunak alaitasuna iradokitzen badu ere, ingelesez "salto egin" dioen kantuak suizidio saiakera bat du oinarrian. Gauzak horrela, Aztec Camera eskoziarrek minorrean eman zuten kantuaren berrirakurketa, erritmoa motelduta. Malenkoniatsu eta ilun bihurtua, aproposagoa buruaz beste egiteko.

    ★ Support this podcast on Patreon ★

    #095 - Galegoz (egungo galiziar musika eszena)

    #095 - Galegoz (egungo galiziar musika eszena)
    urpekoBONBARDA #095


    Zuzeu Podcastek aurkezten du:
    Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa.

    Laurogeita hamabostgarren saioan, eta 70.-nean kataluniarrarekin egin genuen legez, egungo Galiziar musika eszena ezagutu gura izan dugu, bizitasun handia duela-eta. Entzun dugun apurrarengatik, gainera, esango genuke han ere, gurean bezala, gutxinaka gutxinaka pop eta rocka baztertzen ari direla, musika urbanoa deiturikoaren mesedetan.

    Galizian egindako musikari, "feita en Galiza", eskainitako saioa folktronika jorratzen ei duen Alejandro Guillán pontevedraren Baiuca egitasmoa ezagutuz abiatu dugu. Eta bide beretik dabilen Rodrigo Cuevas artistarekin itxi. Oviedokoa da Cuevas, eta asturieraz kantatzen du, baina "La magia de tu melena" Ortiga galiziarrarekin elkarlanean eman du; A Coruñan egindako erresidentzia artistikoaren emaitza. Biak ala biak, Baiuca eta Rodrigo Cuevas, tradizioa berritzen dabiltza.

    Nola Cuevasek asturiarrez, portugesez kantatzen du Vigon sortutako Bifannah laukoteak, oso musika nahasketa interesgarria jorratuz, 60ko hamarkadako rocka, latin soula eta tropicalia lisergikoa. Mundo Prestigio bere aldetik, konpostelar laukotea, frantsesez mintzatuko zaigu "La Maison du Bonheur" aurkezteko.

    Galizieraz entzungo ditugun beste guztien artean, bada normalean gazteleraz egiten duenik ere, Novedades Carminha, berbarako. Joan den martxoan iragarri zuen hamabost urte inguruko jarduna bertan behera uzten zutela. 


    Konpostelar post punk taldeak bezala, rock musika jorratzen du A Coruñako Familia Caamagno taldeak ere, pop melodia dantzagarriak joz; eta B serieko rocka egiten du Konpostelan sortutako Ataque Escampe taldeak, soul, funk eta krautrock kutsukoa. Oh! Ayatollah ere konpostelarrak dira, kutsu nihilistako pop kaliputsura lerratutakoak.

    Gainontzean, musika urbano deiturikoetan koka genitzake aipatzeke ditugun lau taldeak -ohikoa da egitasmo ezberdinetan musikari berberak aurkitzea-, Galizan oso bogan ei den musika tropikalerako joerarekin.

    Galizierazko trapa jotzen lehenengoetakoa izan bide zen Boyanka Kostova, "flow costumista -edo- twerking ruralaren" aitzindariak; baita Rias Baixaseko bi musikarik osatutako Verto bikote banatu berria ere, askok "Oie Gayego" kantuarekin ezagutu genituenak.

    Esteban & Manuel bikoteak espiritu berbenazalea mantentzen ei du, izugarri maite duten musika latinoaren bitartez bizirik mantendu nahi izan dutena, beraiek psikokunbia edo, autotunearen erabileragatik, kunbiatune deitzen duten egitasmo dantzagarria sortuz. Bikoteko kideetako batek, Manuel Gonzalezek, Chichok, bakarka ere arrakasta dezente erdietsi du azkenaldian, Ortiga egitasmoarekin. Arestian esan bezala, karibear kutsuko musika urbanoa jorratzen du konpostelarrak, eta Grande Amoreren laguntza izan du "Acostumbrao" ontzeko. Oh! Ayatollah taldeko kide Nuno Picok bakarka darabilen izena da Grande Amore.

    ★ Support this podcast on Patreon ★

    #094 - Funk-a-latina (Japonian)

    #094 - Funk-a-latina (Japonian)
    urpekoBONBARDA #094


    Zuzeu Podcastek aurkezten du:
    Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa.

    Laurogeita hamalaugarren saioan, The Free Waven arabera dantzarako azpigeneroa den funk-a-latina dakargu; popera lerratua edo, zehatzago, oinarrian musika latinoak eta funk erritmoek kutsatutako britainiar New Wave-ra.


    Azpigeneroa Blue Rondo á la Turk taldearen 1981eko “Me and Mr. Sanchez” singleak ireki ei zuen, eta horixe da saioa abiatzeko hautatu dugun kantua.

    Aurrera jarraitzeko, 80ko hamarkada hasieran sona handia izan zuten taldeak eta oihartzun gehiegirik izan ez zutenak tartekatu ditugu. Lehenengoen artean dira, berbarako, Spandau Ballet edo Wham!, George Michael parte zuen bikotea, 1987an bakarkako ibilbidea hasi baino lehen. Bigarrenen artean koka ditzakegu Modern Romance eta Matt Bianco, hauek ere kantu arrakastatsuak izan zituzten arren.

    Guztira hamaika kantu entzun baditugu, bakarra izan da AEBetako talde batena, Kid Creole and The Coconutstaldearen "My Male Curiosity". Gainontzekoak britainiarrak dira, eta hauen artean bi eskoziarrak: Postal Records zigiluan argitaratzen zuten Aztec Camera eta The Smith zein Franz Ferdinandek erreferentetzat jotzen dituzten Orange Juice.

    Aipatutakoez aparte, "Wot" entzun diogu The Dammed punk talde itzaltsuko kide izan zen Captain Sensible gitarra joleari, bere bakarkako new wave kanturik ezagunena, eta "Sign of The Times" askok One Hit Wonder izendatutako The Belle Stars, emakumez osatutako taldeari.

    Bukatu, Pigbag taldearen "Papa´s Got a Brand New Pigbag" kantuarekin bukatu dugu, saioan zehar entzun ditugun guztien artean ezberdinena baita; melodia aski ezaguna duen instrumentala.

    ★ Support this podcast on Patreon ★

    #093 - Ahots indigenak (bost amerikar emakume)

    #093 - Ahots indigenak (bost amerikar emakume)
    urpekoBONBARDA #093


    Zuzeu Podcastek aurkezten du:
    Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa.

    Laurogeita hamahirugarren saioan, bost amerikar artista indigena aurkeztera gatoz, bost emakume musikari.


    1994an Nazio Batuek horrela erabaki zutenetik, herri indigenek abuztuaren 9an dute beren eguna, baina Amerikan, edo Abya Yalan, gero eta gehiago dira urriaren 12a indigenen erresistentziaren nazioarteko eguntzat hartzen dutenak, Espainiak Hispanitatea ospatzen baitu, zapalkuntzan oinarritutako festa. Gauzak horrela, indigena izateaz harro agertzen diren bost musikari dakargu asteongo saioan (Ameriketako jatorrizko herrietakoak), Rising Voices egitasmoaren laguntzarekin.

    Ipar Amerikako Cree eta Salish herrietako arbasoak dituen Fawn Wood entzunez abiatu dugu saioa. Cree hizkuntzak hiztun asko dituen bitartean -badira aldizkari eta egunkariak creeraz-, desagertzeko arrisku bizian dira 23 salishan hizkuntzetako batzuk. Kanadan, hauek berreskuratzeko lanean ari dira egun, baina iraganean debekatuak izan zituzten hizkuntza indigenak. Fawn Woodek unibertsitatean ikasita berreskuratu zuen bere arbasoen hizkuntza. 2021eko "Kâkike" du azken diskoa.

    María Reyna oaxakar sopranoa dugu, mexikar lurraldekoa, eta mixe opera jorratzen du. 2019an "Orgullosa soy raíz"plazaratu zuen Joaquín Garzón Rivera piano jotzaile eta orkestra zuzendariaren laguntzarekin, opera, jazz eta bolero aireak dakartzan lana.

    Barranquillan jaioa, Lido Pimienta queer kantaria wayú herrikoa da, egun Kanadan bizi bada ere. Kolonbiar kunbia eta bullerenge erritmoak uztartzen ditu elektronika eta hyperpop-arekin, arrakasta handiarekin. "Miss Colombia" du azken diskoa, 2020ko herri musiken zerrendetako gailurrean izan zena.

    1993an jaioa, Kaê Guajajara kantari ez binarioa Rio de Janeiroko faveletan hazia da, Brasilen, eta guayayara jatorria du -hortik darabilen izena-. Ekintzaile indigena ere bada, hirietan bizi diren indigenei buruz kantatzen baitu, ama hizkuntza duen ze´egeteraz, brasildar funk eta hip hop erritmoak lagun. Iazko "Kwarahy Tazyr" du azken emaitza diskografikoa.

    Boskotearekin bukatzeko, Quebeceko inuita dugu Elisapie Isaac -artistikoki Elisapie, abizenik gabe-, azken diskoa 2018ko “The Ballat of the Runaway Girl” duena, eta herri indigenen iraunkortasunari kantatzen diona. Bina kantu entzungo dizkiogu bakoitzari, Elisapieren kasuan, bana ingelesez eta frantsesez.

    ★ Support this podcast on Patreon ★

    #092 - Meatzariaren alaba (Loretta Lynn)

    #092 - Meatzariaren alaba (Loretta Lynn)
    urpekoBONBARDA #092


    Zuzeu Podcastek aurkezten du:
    Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa.

    Laurogeita hamabigarren saioan, 2022ko urriaren 4an zendu den Loretta Lynn izan dugu mintzagai. Country musikaren erregina deitua, itzal handia zuen AEBetan, baina bere musika ezagutzen ez genuela-eta, Urpeko Bonbardan monografikoa osatu diogu, bere ibilbidea ezagutzeko asmoarekin.

    Meatzari txiroa zuen aita, eta etxola batean jaio zen Loretta Lynn, Kentuckyn (AEB). Nerabea zela hilabete aurretik ezagutu zuen mutiko batekin ezkondu zen, 15 urte baino ez zituela, eta senar mozkorti eta gonazalea hil zitzaion arte elkarrekin egon ziren 50 urtez. Hark oparitutako gitarra batekin hasi zen kantatzen, iragan mendeko 60ko hamarkadan sartzear zirela, eta sei hamarkadako ibilbidean 160 kantu inguru ondu eta 50 estudioko lan plazaratu zituen Loretta Lynnek. Sei haurrez erditu zen, eta 20 biloba inguru ei zituen Teeneeseeko etxaldean zendu zenerako, jada aberastuta, 90 urte zituela.

    Loretta Lynnen kantugintzatik, entzun dugu 1960an plazaratu zuen lehen singlea, "I´m A Honky Tonk Girl", baita senarrak inspiratutako "You Ain´t Woman Enough" eta "Don´t Come Home A-Drinkin´" ere, azken hau zerrendetako gorenean kokatu zuen lehenengo kantua, 1966an.

    Eta entzun ditugu, jakina, bere kanturik adierazgarrienak ere, 70eko hamarkadan emanak. Goitizena eman zion "Coal Miner´s Daughter", non 3 minututan bere bizitza kontatzen duen; emakumeen antisorgailuen alde egiten duen "The Pill", bere herrialdean sekulako kalapita eragin eta irratietan ere debekatua izan zena, edo "Dear Uncle Sam", Vietnameko gerra bete-betean zela gudaren kontra idatzirikoa. Izan ere, bere garaiko emakumeen gaiak kantatu zituen Loretta Lynnek, izan maitasuna zein sexua, dibortzioa edo abortatzeko eskubidea; eta horretan izan zen berritzailea country musikan.

    Aipatutakoez gain, zenbait kantu berezi ere ekarri gura izan ditugu Urpeko Bonbardara: Nancy Sinatraren "These Boots Are Make For Walkin´" kantutzarrari egindako berrirakurketa, Conway Twitty rockanroll kantariarekin batera egindako duetoetako bat, eta grabatu zituen kantu erlijiosoetako bat: "Who Said God Is Dead?". Azken hamarkadan susperraldi musikal bat bizi izan zuen Loretta Lynnek, eta 2016ko "Full Circle" disko goraipatutik kantu bat hautatu dugu bere ahotsean entzun ditugunekin bukatzeko: "Nork botako nau faltan?".

    Gainontzean, eta bere herrialdean oso estimatua izan zenez -amets amerikarra irudikatzen zuen bete-betean-, musikari belaunaldi gazteagoen ahotsetan entzun ditugu berak ezagutzera emandako kantu batzuk: Dibortziatutako emakumeek pairatzen zuten estigmaz mintzo den "Rated X" Neko Case kantariaren ahotsean, The Sadies talde kanadarra lagun duela; Emmylou Harris izar handiak arrakastatsu bihurtu zuen "Blue Kentucky Girl"; eta 2010ean, Loretta Lynnek bere lehen singlea argitaratu zueneko 50 urte betetzen zirenean plazaratu zen "Coal Miner´s Daughter: A Tribute to Lorenna Lynn" omenalditik hiru kantu, Lucinda Williams, Steve Earle & Allison Moorer eta Kid Rock kantariek jotako bana. Baita Eilen Jewellek berrirakurritako "Fist City" ere, Loretta Lynnen kantuak jotzeko darabilen Butcher Holler egitasmoak plazaratua.

    ★ Support this podcast on Patreon ★

    #091 - Makinarekin ados (Radiohead)

    #091 - Makinarekin ados (Radiohead)
    urpekoBONBARDA #091


    Zuzeu Podcastek aurkezten du:
    Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa.

    Laurogeita hamaikagarren saioan, Sergio Ariza kazetariak Mondosonoro aldizkarian plazaratutako "La alargada influencia de Radiohead y su `Ok Computer´" erreportajea izan dugu ardatz.


    Radiohead britainiarren hirugarren lan luzea da "Ok Computer" maisulana, 1997koa; rock musikaren azken disko handia, eta britainiar taldearen bikainena, Arizaren aburuz ondorengo belaunaldietan eragin handiena izan zuena hurrengoa, "Kid A", izango bazuten ere, 2.000koa. Lan bakoitzeko kantu bana baino ez dugu entzungo.


    The Beatles taldearekin hasi dugu saioa, Arizaren aburuz "Sgt. Pepper´s Lonely Heart Club Band" harribitxiak XX. mendean izan zuen eraginarekin alderatu baitaiteke "Ok Computer" Radioheadenak XXI. mendean izan duena.

    Hasieran "Radiohead amerikarrak" deitu izan zituzten Wilco eta R.E.M. taldeen kanta banarekin jarraitu dugu, Thom Yorken taldeak garaikide ez ezik eszenakide ere izan dituztenak, eta hurrengo belaunaldieetan utzitako arrastoa ahotan hartuta, Blur eta Coldplay, britainiar taldeen belaunaldi berriaren ordezkari gisa. Baita Animal Collective eta Vampire Weekend ere, "Ok Computer" eta Radioheaden eragina ez baitzen Britainia Handira mugatu.

    Sergio Arizaren esanetan "Ok Computer" diskoak gitarren nagusitasunetik askatu zuen rock musika; eta generoaz gaindiko eragina erdietsi. Horrela bada, eta "Kid A" lanarekin Radiohead elektronikara lerratuko zenez, kontrako bidean aurkitu zuten Daft Punk ere entzun dugu, eta Kendrick Lamar rap kantarai itzaltsua, mintzagai dugun diskoak rocketik at ere oihartzuna izan zuenaren frogatzat.

    ★ Support this podcast on Patreon ★

    #090 - Biraka (herri musikak)

    #090 - Biraka (herri musikak)
    urpekoBONBARDA #090


    Zuzeu Podcastek aurkezten du:
    Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa.

    Laurogeita hamargarren saioan, munduak biraka jarraitzen duela-eta, bidaia soniko borobil bat osatu dugu, doan eta nekatu barik.

    AMAK taldearekin ekin diogu bideari, trikitilari laukoteak single berria agertu baitu plazara, "Gu".

    Afrikar doinuekin dantzari gustura aritzen gara beti, eta horrela izan da honakoan ere. The Movers hego afrikar taldearen soul musika berreskuratu dugu, Analog Africa diskoetxeak plazaratu berri duen "The Movers vol. 1 - 1970/1976" bildumari esker; arrakasta itzela izan zuten 70eko hamarkadan, arrazialki segregatutako herrialdean. Oso interesgarria da Nancy Mounir egipziarraren lana ere, desagertutako kantarien ahots grabaketak hartu baititu oinarri "Nozhet el Nofous" diskoa ontzeko (arimen paseoa). 1930ean arabiar musika tradizioanala estandarizatu zuen maqam arabiarraren aurreko kantuak dira, eta beraz, egungoak baino aberatsagoak, melodiei dagokionean.  Cabo Verden Lucibela ezagutu dugu, "Amdjer" bigarren lan luzea aurkezgai duen mona eta coladera abeslaria.

    Afrikarekin bukatzeko, askok fusioaren atalean kokatzen duen "Queen of Sheba" aipatuko dugu, Ibrahim Maalouf eta Angelique Kidjo, jazz tronpeta jole libaniarrak eta benindar kantari itzaltsuaren arteko elkarlana. Egitasmo berezia azken hau ere, duela 3.000 urte Sabako erregina Makedak Salomon erregeari Jerusalemera egin zion bisita kontatzen baitu. Kidjok yoruberaz kantatzen ditu Salomonen jakinduria kolokan jartzeko erreginak jarri zizkion zazpi asmakizunak, kantu bakoitzeko bat. Fusioaren atalean koka genezake Elif Sanchez kantariaren azken lana ere, "Mi voz", Javier Limón ekoizle sonatuaren laguntzarekin eta nagusiki gazteleraz emana; bertan, arabiar musikaren eta flamenkoaren arteko loturak aztertzen ditu turkiarrak.

    Harrigarriro, Ozeanian igaro dugu gure bidaia sonikoaren tarterik luzeena kasik. Clint Bracknell hizkuntza indigenen irakasle australiarrak Maatakitj ezizena darabil musikari legez. Aurten "Noondar Wonderland" plazaratu du, desagertzear den noongarreraz kantatua. Aborigenez eta ez aborigenez osatua, edo yolnguz eta balandaz, King Stingray boskotea ere australiarra dugu, iparraldeko Yirrkalan sortua, eta oso musika kaliputsua dakarrena.


    Matt Keegan safoxoi jotzailea ere australiarra da, berak gidatzen duen The Three Seas egitasmoak musika bengaliarra jotzen badu ere, folk indostania. Eta behin India aipatuta, Asian barneratuko gara, pakistaniarra baita Irfan Ali Taj, chitraleraz eta urdueraz kantatzen duena, rubaba -laudaren antzeko musika tresna, jatorriz Afganistanekoa- eta zitarra lagun.


    Amerikari dagokionez, ordezkari bakarra dugu honakoan, brasildarra bera: Alliye, bere herrialdeko emakumeei, indigenei, baztertuei eta beltzei kantatzen diena, "Rosa e azul" diskoan, eta Bolsonarori, amorruz. Eta Europa ere, AMAK taldeak kenduta, talde bakar batek ordezkatu du: Heilung. Alemaniar, norvegiar eta danimarkar hirukoteak folk musika eta death metala uztartzen ditu, eta Vikings edo Game Of Thrones telesail famatuetan entzun izan da beraien musika. 

     

    * Songlines aldizkariari esker ezagutu ditugu aurkezgai ditugun lanetako asko.

    ★ Support this podcast on Patreon ★
    Urpeko Bonbarda
    euSeptember 21, 2022
    Logo

    © 2024 Podcastworld. All rights reserved

    Stay up to date

    For any inquiries, please email us at hello@podcastworld.io