Logo

    musika

    Explore " musika" with insightful episodes like "#089 - Zinemaldikoak (filmak eta beste)", "#088 - Erreginak (Elizabeth II.)", "#087 - Elkarlanean (Zetak & Bomba Estéreo)", "#086 - Samurtasun zakarra (Chavela Vargas)" and "#085 - Hazierarekin loturikoak (Hazi Hezi)" from podcasts like ""Urpeko Bonbarda", "Urpeko Bonbarda", "Urpeko Bonbarda", "Urpeko Bonbarda" and "Urpeko Bonbarda"" and more!

    Episodes (100)

    #089 - Zinemaldikoak (filmak eta beste)

    #089 - Zinemaldikoak (filmak eta beste)
    urpekoBONBARDA #089


    Zuzeu Podcastek aurkezten du:
    Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa.

    Laurogeita bederatzigarren saioan, Donostiako Zinemaldira begira jarri gara gaur Urpeko Bonbardan, modu batean edo bestean musikarekin zerikusia duten filmak aurkitzen baititugu beti bertan, batzuetan zeharka bada ere.

    Hamahiru film hautatu eta kantu banarekin uztartu ditugu saioa osatzeko, batzuetan lotura bata besteen arteko lotura argirik izan ez arren.

    Bost dira zuzen-zuzenean musikarekin loturiko filmak, musika talde edo eszena bati lotutako dokumentalak direlako. EiTB Galan proiektatuko den "Kepa Junkera berpiztu", Fermin Aioren filmak, trikitilari bizkaitarraren iktusa izan osteko bizitza erakusten digu, egiten ari den errehabilitazio gogorra tarteko. Made In Spain atalean, Tequila talde espainiar-argentinarrari buruzko dokumentala zuzendu du Álvaro Longoriak, Cecilia Rothek kontatua. Zabaltegin, "Meet Me in the Bathroom" dakarte Dylan Southern eta Will Lovelace zinemagileek, milurte aldaketan New Yorkeko musika eszenaz mintzo dena, The Strokes, LCD Soundystem, Yeah Yeah Yeahs eta Interpol taldeen partaidetzarekin. Perlak atalak Brett Morgenen "Moonage Daydream" proiektatuko du, izenak adierazten dioen legez David Bowie erraldoiaren unibertso artistikoari buruzkoa. Bukatzeko, Fernando León de Aranoak Joaquín Sabina lagunari buruzko dokumentala zuzendu du, hamahiru urtez luzatu den "Sintiéndolo mucho", Belodromoan ezagutu ahal izango dena.

    Belodromoa sail gisa aurkezten du Zinemaldiak, zeharka edo zuzenean musika ardatz duten hiru lanek osatua. Lehena arestian aipatu dugun "Sintiéndolo mucho", Joaquín Sabinari buruzkoa; beste biak Paco Leonen "Rainbow" eta Fermin Muguruzaren "Black is Beltza II: Ainhoa". Lehena "OZeko aztia" klasikoaren berrirakurketa omen da, eta horrenbestez, Melody Gardot izarraren "Over the Rainbow" kantuarekin lotu dugu. Bigarrenaren soinu banda salgai dago jada Naiz hedabidearen atarian, Cd formatuan zein binilo bikoitzean. Mursegok propio filmerako egindako kantuak eta Kortaturen kantu mitiko batzuk ditugu bertan entzungai, Cicatriz, The Pogues eta beste askorekin batera; berbarako, guk hautatu dugun Benny Moré kubatarraren "Que bueno baila usted".

    Isaki Lacuestak "Un año, una noche" dakar Perlak atalera, 2015ean Parisek pairatu zituen erasoen gauean Bataclanen zeuden bi gazte protagonista dituen filma. Egun hartan Eagles of Death Metal taldeak jo zuen frantziar hiriburuan, eta beraien kantu batekin lotu dugu filmea, Duran Duran taldearen bertsioa den "Save a Prayer". Bere aldetik, beste areto bat aurkeztu digu Izaskun Arandiak "My Way Out" filmean, Londonen trans komunitatearen aterpe den The Way Out, gure saioan "Afrodita A" kantuak ordezkatu duena, soinu bandan parte hartu baitu Yogurinha Borova bilbotarrak.

    Gainontzeko filme eta kantuen arteko lotura argirik ez dago. Horizontes Latinos atalean aurkeztuko den Mariano Biasinen "Sublime" film argentinarrak musika talde bat eratu duten nerabeak aurkezten dizkigu, X. Sebastiane Latino saria irabazi duena, eta guk Tatxers nafar hirukotearen kantu batekin lotu duguna. Zinemiran parte hartuko duen Estibaliz Urresolaren "Cuerdas" film laburra abesbatzi bati buruzkoa dela-eta, Zedashe georgiar koruaren kantu bat entzun dugu.  Eta bukatzeko, Sail Ofizialean lehiatuko den Petr Václaven "Il Boemo" filma Gioachino Rossini musikariaren aria batekin lotu dugu, Veneziako opera munduan girotua baitago.

    Azkenik, Tombola Nova taldearen "Un coeur en hiver" kantua entzun dugu, Claude Sautet zinemagile frantziarrari Atzera Begirako bat eskainiko zaiola-eta, izen bereko filma zuzendu zuelako.

    ★ Support this podcast on Patreon ★
    Urpeko Bonbarda
    euSeptember 14, 2022

    #088 - Erreginak (Elizabeth II.)

    #088 - Erreginak (Elizabeth II.)
    urpekoBONBARDA #088


    Zuzeu Podcastek aurkezten du:
    Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa.

    Laurogeita zortzigarren saioan, argitaratzear genuen saioa zokoratu eta atoan berri bat prestatu dugu, Ingalaterrako Elizabeth II. hil dela-eta, erreginei eskainia.

    The Smiths taldearen hirugarren lan luzeari izena ematen dion kantuarekin hasi gara, jakina: "Erregina hilda dago", eta Pet Shop Boys bikotearen "Dreaming of the Queen", britaniar askok partekatu izan duten amets edo guraria jasotzen zuena, erreginarekin bostetako tea hartzea. Britainiar taldeekin jarraituz, baita The Stone Roses eta The Beatles zirenek ondutako kantutxo bana ere, minutu bateko iraupenera heltzen ez direnak biak ala biak, eta soinuz atseginak izan arren kritika gordetzen dutenak.

    Ingelesa ez beste hizkuntzatan bi kantu entzun ditugu "Ingalaterrako erregina" deiturikoak eta umorez emanak. Bata Philippe Katerine antzezle eta musikariarena, frantsesez; españolez bestea, Murtziako Perro taldeak joa.

    Elvis Presley rockaren errege deitzen zutela-eta, rockaren erregina izendapena aldarrikatu zuen Little Richard oihulariaren kantu bat entzun dugu. Queen britainiarren eta Queens of the Stone Age kaliforniarren bana, izenean daramatelako erregina. Céu brasildarrak Afrikaren omenez idatzi zuen "Rainha", La Basu rap kantariak "Izotzezko erregina" aurkeztu zigun, eta Antton Valverde bakarlariak "Nafarroako azken erreginak Donapaleun" kantatu, Xabier Leteren hitzekin, aurretik Imanol Larzabalek egin zuen moduan.

    Punk doinuekin bukatu dugu saioa, Eskorbuto bizkaitar hirukotearen "Adios reina mía" batetik, No Future erromantizismoz emana; eta denok buruan duguna, bere garaian Ingalaterran sekulako kalapita eragin zuen Sex Pistols taldearen "God Save the Queen" bestea.


    ★ Support this podcast on Patreon ★
    Urpeko Bonbarda
    euSeptember 09, 2022

    #087 - Elkarlanean (Zetak & Bomba Estéreo)

    #087 - Elkarlanean (Zetak & Bomba Estéreo)
    urpekoBONBARDA #087


    Zuzeu Podcastek aurkezten du:
    Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa.

    Laurogeita zazpigarren saioan, euskal talde eta musikariek atzerriko artistekin gauzatutako elkarlanak izan ditugu hizpide, Zetak nafarrek Bomba Estéreo kolonbiarrekin batera plazaratutako singlea ezagutu berritan.

    Pello Reparaz eta Li Saumet "Zoriontasuna (la vida es de verdad)" kantatzen entzunda, antzeko moldean emandako kantu batzuk ekarri ditugu Urpeko Bonbardara: Esne Beltza taldeak "Gora!" diskoan La Mala Rodriguez rap kantari andaluziarrarekin emandako "Quién manda (hemen eta hor)"; Joxe Ripiau hirukotearen "Habana, abenduak 31", zeinetan Amparanoia kantariak dioskun ez dela oherik behar lotara inor ez badoa; eta Huntza seikotearen "17:21", Julieta Venegas mexikarraren ahots melankoniatsuak lagundua. Elkarlan elebidunak, aipatutako guztiak.

    Berri Txarrak taldearen "Denak ez du balio" ere elkarlan elebiduna dugu, baina honakoan gazteleraz beharrean ingelesez kantatua, Tim McIlrath, Rise Against taldeko kantariaren ahotsean.

    Musikari erdaldunak ere entzun izan ditugu euskaraz kantari zenbait egitasmotan; horietako batzuk entzun ditugu. Hasteko, Mafalda Arnauth portugaldarra, kalapita eragin zuen Kepa Junkera trikitilariaren "Etxea" lanean Iparragirreren ahaire bat kantatu zuena. Baita Amaral, Kiko Veneno eta Santi Balmes ere, bikain gainera. Lehena Izaro laguntzen, "Limones de oro" diskoko kantu batean; bigarrena Jabier Muguruza soinu jolearekin elkarrizketan, Iñaki Irazuren hitzak dituen "Etxera berandu heltzean" kantu ederrean; eta hirugarrena, Love of Lesbian taldeko kantaria, Zea Mays bilbotarrekin batera, "Orain" kantuan. Reincidentes andaluziarrek ere kantatu izan dute euskaraz, "Un pueblo" kantuan, elkarlanen maisua den Fermin Muguruza gonbidatuta.

    Anari azkoitiarrak ez zion euskaraz kantatzeko Thalia Zedek estatubatuarrari, baina elkarlan polita osatu zuten biek, Bidehuts zigiluak split disko batean argitaratu zuena: "Coupages #4".


    ★ Support this podcast on Patreon ★
    Urpeko Bonbarda
    euSeptember 01, 2022

    #086 - Samurtasun zakarra (Chavela Vargas)

    #086 - Samurtasun zakarra (Chavela Vargas)
    urpekoBONBARDA #086


    Zuzeu Podcastek aurkezten du:
    Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa.

    Laurogeita seigarren saioan, 2019an Chavela Vargas jaio zela ehun urte bete eta 2022ko abuztu honetan, hil zenetik hamar urte igaro direla-eta (2012ko abuztuaren 5ean zendu zen), bere musika ekarri dugu Urpeko Bonbarda saiora.

    Saioan zehar, tartekatu egin ditugu Vargasek kantatutako abestiak eta berak kantatu ohi zituenak beste artista batzuen ahotsean. Samurtasunaren ahots zakarrari "Luz de luna"entzun diogu saio hasieran, eta "En el último trago" bukaeran, bi baino ez aipatzearren. Baita Pink Martinirekin batera emandako "Piensa en mi" edo askok bere oinordekotzat duten Lila Downekin kantatutako "Vamonos" ere; azken hauek 2010eko "Por mi culpa" diskotik.

    Joaquín Sabina madrildarraren "Por el bulevar de los sueños rotos" ere entzu diogu, Chavela Vargasen omenezko kantua, non "pontxo gorriko dama" deitzen zaion. Rocio Ruiz, Luna Llena eta Alborada del Sur taldeek, hain zuzen ere, "La dama del poncho rojo" izeneko kantua ondu dute, Chavela Vargasen kantu esanguratsuenen aipamenekin jositako abestia.


    José Alfredo Jimenez Sandoval rantxeren errege eta Chavela Vargasen lagun minari "Un mundo raro", berak ondu eta gaurko protagonistak kantatzen zituenetako bat. Eta bukatzeko, Depedro bakarlariaren "Llorona" eder bat entzun dugu, makina bat artistak kantatutako kantu herrikoia den arren, asko baitira abestia Chavela Vargasen ahotsean ezagutu zutenak.

     

    * Saio hau egiteko, bi erreportaje izan ditugu makulu. Berria egunkarian Itziar Ugartek idatzitako "Chavela, urradura indar"; eta Naiz hedabidean Iñaki Zaratiegik idatzitako "Diez años sin la chamana ranchera rebelde".


    ★ Support this podcast on Patreon ★

    #085 - Hazierarekin loturikoak (Hazi Hezi)

    #085 - Hazierarekin loturikoak (Hazi Hezi)
    urpekoBONBARDA #085


    Zuzeu Podcastek aurkezten du:
    Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa.

    Laurogeita bostgarren saioan, Hazi-Hezi aldizkariak 10. urtemuga bete berritan atondu zuen zerrenda gureganatu dugu, hazkuntzarekin lotua, Badok ataritik jasoa.

    Jaiotzari, haurtzaroari, hazkuntzari eta seme-alaba eta gurasoen harteko harremanei buruzko kantuekin osatutako saioa Xalbador bertsolariaren hitzekin abiatu dugu saioa, "Neska bat haur beharretan", bilobak dituen Aire Ahizpak baxe nafarrek kantatua; eta Bordaxuriren seme Larralde medikuarenekin bukatu, "Ama haurraren loakartzen", Zubeldia lehengusuz osatutako Unama lapurtar taldeak kantatua.

    Gari bakarlariari "Jaiotza" entzun diogu, Kirmen Uriberen hitzekin osatutako kantua, eta Mikel Tabernaren hitzekin sortutako "Ama alabak" Joseba Irazoki gitarra joleari. Itzal handiko taldeekin jarraituz, Balerdi Balerdi power pop laukoteak Toño Muroren txikitako oroitzapenak ekarriko dizkigu azken diskoko "Haur denborak egunak" kantuan, eta Peñagarikano bertsolariak idatzitako kantu euskaltzale bat Tapia eta Leturia trikitilari bikote estimatuak debut diskotik, "Gurasoak euskaraz". Ibilbide luzeko musikari ezagunekin bukatzeko, Artzek idatzi eta Mikel Laboa erraldoiak ezagutzera emandako "Gogo eta gorputzaren zilbor hesteak" kantua ere entzun dugu.

    Haurrentzako propio ondutako diskoei dagokienez, aspaldiko "Jaja" egitasmotik "Panpinak, etxean ahaztu ditut ama" entzun diogu umeentzako musika beti oso modu fin eta dotorean landu izan duen Jabier Muguruza soinu joleari; eta 8-14 urte bitartekoentzako ondutako "Elektroboom / Askatasun ametsak" diskotik kantu bat Pantxika Solorzano eta Xano lapurtarrei, "Pittin bat".

    Bukatzeko, beste lau kantu. Batetik Kau Kori Kura adar jotzaileen "Haurraren gauerdiko eztula", hondartza egun perfektu batekin hasi eta gaiztotuta, gaubelan bukatzen duena; eta Yogurinha Borova harrigarriaren "Munduko alabak", bideoklip gogoangarri batekin ezagutzera eman zena. Bestetik, zerrendako kanturik bitxiena begitandu zaigun Murgi lapurtar hirukotearen "Titia sentitu", eta puri purian dauden erritmoak jorratzen dituen J Martina hirukotearen "Gazte baten ametsak".

    ★ Support this podcast on Patreon ★

    #084 - Izateari utzi (The Beatles "Let It Be")

    #084 - Izateari utzi (The Beatles "Let It Be")
    urpekoBONBARDA #084


    Zuzeu Podcastek aurkezten du:
    Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa.

    Laurogeita laugarren saioan, Berria egunkariko Mikel Lizarralde kazetariak orain bi urte, "Let It Be" diskoak 50 urte betetzen zituela-eta, idatzi zuen "Izateari utzi zion momentua" ardatz hartuta, The Beatles taldearen bukaeraz mintzatu gara, tartean azken diskoko kantuak entzunez, beste artista batzuek egin dizkieten berrirakurketen bitartez.

    Saioa Liverpooleko laukotearen azken diskoa irekitzen duen "Two Of Us" entzunez abiatu dugu, The Beatles beraien ahotsean. Eta modu bertsuan itxi "I Me Mine" entzunez, aipatu albumean George Harrisonek idatzi zituen bietako bat.

    “Dig a Pony” AEBetako Annie Clark, St. Vincent artistaren ahotsean entzun dugu. Eta "Across the Universe", seguruenera "Let It Be" diskotik bertsio gehien izan dituen kantua -jo izan du Rufus Wainwrightek, Amaia nafarrak zein David Bowiek-, Fiona Apple itzaltsuarenean.

    “Let It Be”, albumari izenburua eman eta diskoko kanturik sonatuenak baditu makinan bat bertsio, guk Motown etxeko Bill Whiters kantariak egina hautatu dugu; "The Long and Winding Road" Aretha Franklin dirdiratsuak emana, eta "Get Back", hasiera batean diskoaren izenburua izatekoa zena, Ike & Tina Turner bikoteak kantatua, oraindik senar emazte zirela, grinantsu gainera.

    “I´ve Goot a Feeling” Pear Jam grunge talde erraldoiaren moldaketan entzun dugu, eta “One After 909” Barrence Whitfield & The Savages taldeak joa, edozein rockzale pizteko moduan.

    1970eko maiatzaren 8an plazaratua, "Let It Be" 12 kantuz osatzen da, eta horietako bederatzi entzun ditugu saioan. Entzuteke utzi ditugu Lennon McCartneyk ondutakoetatik bakarra, "Dig It", Harrisonek ondutako "For you Blue" eta "Maggie Mae" herrikoia.

    * Honako saio hau 2020ko maiatzaren 13an Ispilu Beltza magazinerako egindakoaren moldaketa dugu.


    ★ Support this podcast on Patreon ★

    #083 - Kutunenak (Jarvis Cocker)

    #083 - Kutunenak (Jarvis Cocker)
    urpekoBONBARDA #083


    Zuzeu Podcastek aurkezten du:
    Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa.

    Laurogeita hirugarren saioan, Jarvis Cocker kantariaren diskotekari begiratu bat eman eta bere lanik kutunenetako batzuekin osatu dugu urpeko Bonbarda.

    Brit Poparen ordezkari nagusienetako bat izan zen Pulp taldearen kantu batekin abiatu dugu saioa, kantari britainiarra frontman izan zuelalako, eta Jarvis Cocker beraren bakarkako ibilbideko azken egitasmoarekin itxi, "This is Going to Hurt" telesailerako egin duen musikarekin.

    Musikalki, haurtzaroa Pink Floyd taldearekin "The Dark Side of the Moon" diskoarekin utzi ei zuen atzean Cockerrek, eta psikodelia lehen aldiz The Beatles taldearen kantu berezi batekin deskubritu, "I Want You (She´s So Heavy)".

    Atzera begiratu bat egin eta bere garaian itzal handia erdietsi zuten hiru musikari ere ekarri ditu: Gordon Lightfoot kanadiarra, Marianne Faithfull britainiarra eta Harry Nilsson, azken honen kantu batek eman baitzion ospea "Midnight Cowboy" filmaren soinu bandari.

    Nortasun bereziko artistak beste hiru, batzuk itzal handia izan ez arren. Eskarmentu handiko Devo estatubatuarrak, The Pastels - Tenniscoats talde eskoziar japoniarren elkarlana, eta Sexual Harrassment sailkaezinen "I Need a Freak".

    Bukatzeko, hiru bakarlari, Jarvis Cockerren diskotekan beti dute tokia-eta. Bill Callaham ahots sakonekoa, Jeffrey Lewis nihilista eta Serafina Steer harpa jolea. Azken honi “The Moths Are Real” diskoa ekoitzi zion 2013an Pulp taldeko kantari izanak.


    ★ Support this podcast on Patreon ★

    #082 - Norabide aldaketa (1977)

    #082 - Norabide aldaketa (1977)
    urpekoBONBARDA #082


    Zuzeu Podcastek aurkezten du:
    Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa.

    Laurogeita bigarren saioan, Pablo Carrerok hoyesarte.com atarian idatzitako "1977. Pop musika norabidez aldatu zen urtea" idatzia izan dugu ardatz, eta punk doinuak nagusi.

    Punk britainiarrarekin hasi eta kantu bana entzun dugu The Clash -"Career Opportunities"- eta The Damned talde bikainen estreineko diskoetatik. Eta AEBetan egindako punk musikarengan ere jarri dugu arreta, Richard Hell eta Dead Boys entzunda -"Sonic Reducer"-.

    Punk taldeak izan ez arren, 1977an punk kutsuko diskoak plazaratu zituzten The Jam eta Motörhead taldeen berri ere eman dugu. Baita The Stranglers eta Dr. Feelgood taldeen kantu banan entzun ere.

    Jonathan Richman alaiaren "Rock´n´roll with the Modern Lovers" 1977ko disko argitsutik ere entzun dugu kantu bat, punk izpiritua duelakoan.

    Gainontzean, New Wave joerako talde eta lanekin osatu dugu saioa. Batetik kultuzko bi talderekin: Wire britainiarrak eta Television estatubatuarrak; eta bestetik, bi gizon sailkaezinekin: Ian Dury eta Elvis Costello. Biak ala biek 1977koa dute debut lana: "New Boots & Panties!!" eta "My Aint is True" bikainak.

    "1977. Pop musika norabidez aldatu zen urtea" idatzian, Pablo Carrerok Sex Pistols, Ramones, The Boys, Ultravox, Johnny Thunders & the Heartbreakers, Eddie & the Hot Rods eta Graham Parker artistekin osatzen du hogei laneko aipamena. Tamalez, honakoan tokirik gabe gelditu dira gurean.


    ★ Support this podcast on Patreon ★

    #081 - Orain 25 urte (1997ko uzta)

    #081 - Orain 25 urte (1997ko uzta)
    urpekoBONBARDA #081


    Zuzeu Podcastek aurkezten du:
    Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa.

    Laurogeita batgarren saioan, 1997ko uzta musikala izan dugu entzungai, orain 25 urte lan gogoangarriak argitaratu ziren-eta.

    Saioa 90eko hamarkadako harribitxietako bat entzunez abiatu dugu, Radiohead britainiar taldearen "Ok Computer". Eta antipodetara joanda, Nick Cave australiarraren kantu zoragarri batekin itxi, "Into My Arms".

    Tartean hip hop doinuak ere izan ditugu zerrendan. Missy Elliott andereñoaren debut laneko kantu bat ingelesez, eta 7 Notas 7 Colores katalanen beste bat, jada gaztelerazko raparen klasiko bihurtua den "Hecho, es simple" diskokoa.

    Debut lanekin jarraituz, Daft Punk bikotearen eta Françoiz Breut bakarlariaren kantu bana entzun ditugu, azkena frantsesez.

    Euskaraz, Berri Txarrak taldearen estreineko diskotik hautatu dugu kantu bat; eta Gari, Hertzainakeko kantari izanak, bakarka plazaratu zuen bigarrenetik diskoari izenburua ematen dion kantua, "Eguzki berritan zaude". Euskal Herriko atala Donostia Soundeko ordezkari La Buena Vidak itxi du, honakoan gazteleraz.

    Bukatzeko, Buenavista Social Club bilduma harrigarriko son kubatar bat entzun dugu, eta gurean oso maitatua den Yo La Tengo hirukotearen "Autumn Sweater".


    ★ Support this podcast on Patreon ★

    #080 - Dantza berreskuratuta (Adarretatik 2022)

    #080 - Dantza berreskuratuta (Adarretatik 2022)
    urpekoBONBARDA #080


    Zuzeu Podcastek aurkezten du:
    Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa.

    Laurogeigarren saioan, bost urtetan nortasun propioa erakutsi duen Zarauzko ADARRETATIK jaialdiari so jarri gara, ohiko pop-rock doinuez haratago, dantzarako proposamena egiten duena, emakumeen eta euskal artisten partaidetza bermatuz.

    Bosgarrena duen aurtengo edizioan, jaialdiak iazko eskaintza bikoiztu eta zortzi proposamen dakartza uztailaren 15etik 17ra bitarte. Horietatik zazpi entzun ditugu ohi baino laburxeagoa den Urpeko Bonbarda honetan.

    Austrian jaio eta Kanariar Uharteetan hezitako Hannah bizizalearen pop atsegina entzunez hasi gara, neskatoa Zarautzen bizi baita egun. Eta Birkit egitasmoarekin jarraitu, Birkite Alonsok "Inertzia" azken diskoa lantzeko osatu duen laukotean bi zarauztar daude-eta.

    Pop eta rock doinuekin girotu ostean, dantzara jo dugu soul eta funk hirukote indartsu baten eskutik. Hasteko, Fundación Tony Manero, 25 urte eta zortzi lan luzeko ibilbideari bukaera ematear den bederatzikote katalana; Zarautzen izango dira El Último Baile birarekin. Arima Soul taldeak etxean joko du, partaideen artean baititu festibalaren gidari Mikel Makala eta hau bezala Zarautzen bizi den Lidia Insausti kantaria -Urpeko Bonbarda #006 saioan elkarrizketatu genituen-. Eta bukatzeko, The Excitements taldearen kantari ezagutu genuen Koko-Jean Davis, jatorri afrikarra duen kantariaren egitasmo berria: Koko-Jean & The Tonics, Bartzelonatik datorren laukotea.

    Bukatzeko, beste EHko bi talde, biak ala biak jazzera lerratuak, oso modu ezberdinean bada ere. Batetik Broken Brothers Brass Band iruñear fanfarrea, New Orleanseko moldea dakarrena aurtengo "Katebegia" diskoan -Broken Sisters kantariekin batera izango dira festibalean-. Eta bestetik, bartzelonaratutako Juan de Diego tronpeta jole bizkaitarraren azken egitasmoa. Gorka Iraundegi (organoan) eta Borja Barrueta (baterian) lagun dituela, Juan de Diego Trio triok "Grebalariak" jazz disko dotorea plazaratu du aurten.


    ★ Support this podcast on Patreon ★

    #079 - Ortzadar bat (EHZ 2022)

    #079 - Ortzadar bat (EHZ 2022)
    urpekoBONBARDA #079


    Zuzeu Podcastek aurkezten du:
    Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa.

    Hirurogeita hemeretzigarren saioan, Irisarrin (Nafarroa Beherean) izan berri den EHZ hartu dugu gogoan, eta bertan jo duten talde eta bakarlariak entzun ditugu.

    Euri jasaren osteko ortzadarra dugu EHZ, Hego eta ipar Euskal Herriak lotzen dituen zubia. Erakusleiho paregabea ere bada, gurean ditugun artista bikainenetako batzuk oholtzaratzen dituena.

    Saioa 2zio desegin ostean Odei Barrosok bakarka abiatu duen rap ibilbidearen lehen emaitzarekin hasi dugu, drill erritmoan emandako “Terapia”. Eta beste lapurtar talde batek, Lumi bikoteak, plazaratu berri duen “Bezperen dirdira” lanarekin itxi.


    Itzal eta eskarmentu handiko hiru izen nagusi ere izan ditugu entzungai. Hiru hamarkadaren ondoren itzulera egin duen Delirium Tremens, orain gutxi Adarra saria jaso duen Joseba Tapia, eta euskal rockaren aitaponteko, Niko Etxart.

    Iaz plazaratutako diskoak urteko onenen artean kokatu zuen Joseba Irazoki eta Lagunak taldearen “III” diskoko kantu bat ere entzun dugu, eta beste horrenbeste Izaki Gardenak taldeko kide Jon Basaguren eta Libe Garcia de Cortazar bikoteak eratutako Pasadena egitasmo berriaren debut lan homonimotik.

    Bukatzeko, Frikun baionar afro-rock laukotearen “Ezerezko herria” entzun dugu; Merina Gris donostiar hirukotearen pop zakarra edo “Saiatzen naiz” singlea; Ezpalak zestoar post-punk taldearen hit nagusia, “Itzalak”; eta gaztetxoen artean sekulako arrakasta lortu duen Bulego azkoitiar pop taldearen “Entera daitezela”.

    ★ Support this podcast on Patreon ★

    #078 - Oporretan (Munduari bira)

    #078 - Oporretan (Munduari bira)
    urpekoBONBARDA #078


    Zuzeu Podcastek aurkezten du:
    Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa.

    Hirurogeita hamazortzigarren saioan, oporretarako proposamena egin dugu munduko musikak entzunez, hiru hilabetero egin ohi dugunez.

    Honakoan Ines Osinaga kantariarekin abiatu dugu bidaia sonikoa. Gose taldeko kide izanak Mercedes Sosa folk kantari argentinarrak ezagun egindako "Todo cambia" eman du euskaraz, Julio Numhauserren kantua, Miren Amurizak egindako itzulpenari esker: "Dena aldatzen da".

    Iberiar penintsulan gaztelar talde bitxi bat ere ezagutu dugu, Toledoko Viguela. Iparraldera eginez eta Europatik atera gabe, finlandiar musika entzun dugu Maija Kauhanen kantele jolearen ahotsean. Eta kretar ahaireak Mediterraneo ekialdean, Stelios Petrakis Quartet taldearekin. Eta Eurasian, Iberi abesbatza georgiarra.

    Israeldarrak diren arren, Satellites taldeko kideek turkiar folk doinuak jorratzen dituzte, Anatoliar rock psikodelikoa, eta Australian jaioa den arren, Julian Belbachir perkusio joleak afrikar ipar-ekialdeko erritmoak. Yungchen Lhamo kantaria, bere aldetik tibetarra da eta bertako folk musika jorratzen du, egun AEBetan bizi bada ere.

    Afrikan, Mozambiken hasi dugu ibilbidea, portugesez kantatzen duen Amelia Muge bakarlariarekin. Zinbabwen 

    Daniel Gonora itsuak gidatzen duen Gonora Sounds talde familiarra izan dugu zain, eta Malin berriz, egungo afrikar musikaren erregina, aurten "Timbuktu" plazaratu duen Oumou Sangare.


    Bukatzeko, Ameriketako bi talde ere entzun ditugu, hegoamerikarra bata eta iparramerikarra bestea. Junior y su Equipo Ekuadorreko taldea "Saturno 2000 - La rebajada de los sonideros: 1962-1983" bilduma harrigarriari esker -"sonideroak" mexikar dj-ak ziren, musika behar baino astiroago jartzen zutenak, dantzarako aproposagoak zirelakoan: "kunbia rebajada"-. Eta Quebec urrutikotik Le Vent du Nord taldea, orain bi hamarkadatik hona bertako folk musika berpiztu nahian dabilena.

    ★ Support this podcast on Patreon ★

    #077 - Deabruaren kunbia (Kolonbiatik Mexikora)

    #077 - Deabruaren kunbia (Kolonbiatik Mexikora)
    urpekoBONBARDA #077


    Zuzeu Podcastek aurkezten du:
    Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa.

    Hirurogeita hamazazpigarren saioan, kunbia erritmoak izan ditugu nagusi, edo hobe, guk kunbiatzat duguna, batez ere euskal, mexikar eta kolonbiar taldeak entzunda.

    Joxe Ripiau taldearen "Karpe Diem" laneko kantuak eman dio izena saioari, Riosucioko inauteri harrigarriez mintzo denak (Kolonbia). Adarra Saria jaso berri duen Joseba Tapia trikitilariaren azken diskoan ere, kunbia ahaireak antzematea begitandu zaigu "Gure esku dago" kantuan, akaso karraskaren erabilera dela-eta -horrela esaten ei zaio Kolonbian guiroari-. Euskal taldeekin bukatzeko, "Cumbia villera de la ciudad armera" ere entzun diogu Mursego eibartarrari.

    Argentinan jorratzen den kunbiaren aldaera bat ei da "cumbia villera" delakoa, egun Ertamerika eta Hegoamerika osoan jotzen baitute kunbia. La Yegros argentinarrari, berbarako, "Viene de mi" entzun diogu.

    Herri musikei dagokienean, azken aldiko kolonbiar agerpenik azpimarragarrienetakoa dugu Lido Pimienta, Kanadan bizi den barrankilarra -orain gutxi izan da EHn jotzen-.  Eta kunbiari dagokionean, Eblis Alvarezek gidatzen duen Meridian Brothers, abangoardia tropikala dakarrena; eta Mario Galeanoren Frente Cumbiero. Azken honek Ondatropica sortu zuen Quantic ekoizle britainiarrarekin batera, eta bi egitasmoen kantu banan entzun dugu. Frente Cumbieroren kasuan, elkarlan exotiko samarra, Minyo Crusaders talde japoniarrarekin ondutako "Cumbia del monte Fuji".

    Kunbia klasikoa kolonbiar ahairetzat jotzen bada, XX. mende hasieran bogan jarri zen kunbia modernoaren erdigunea Mexikon dago -eta zehatzago, Monterreyn-. Guztira lau dira kunbiari eskainitako saioan entzun ditugun mexikar taldeak. Bik ez dute zuzenean kunbia jorratzen, eta bai elektronika: Sotomayor anai-arreba bikotea eta Instituto Mexicano de Sonido, besteak beste Disneyren "Coco" filmean entzun daitekeena. Beste bik bete betean kunbia jotzen dute: Sonido Gallo Negro talde lisergikoak, eta Zarauzko Adarretatik jaialdian ezagutu genituen Kumbia Boruka, Frantziako Lyon hirian aterpe hartua duen zortzikoteak.

     


    ★ Support this podcast on Patreon ★

    #076 - Jazzaldietakoak (2022ko uda)

    #076 - Jazzaldietakoak (2022ko uda)
    urpekoBONBARDA #076


    Zuzeu Podcastek aurkezten du:
    Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa.

    Hirurogeita hamaseigarren saioan, gurean jazz musikaren hilabetea uztaila dela-eta, jazzaldi nagusietan jotzekoak diren musikarien kantuekin osatu dugu Urpeko Bonbarda.

    Astiro bada ere, oholtza nagusietan emakumeek duten presentzia gora doala begitanduta pozik, Getxo, Gasteiz eta Donostiako jazzaldiak, musikari dagokionez, gero eta eklektikoagoak direla ere azpimarragarria delakoan gaude. Jazza bai, jakina, baina ez bakarrik jazza.

    Saioa Getxon abiatu dugu molde klasikoko jazz pieza bat entzuten, besteak beste Billie Holidayk kantatzen zuen “I´ll Be Seeing You”, Cyrille Aimeé kantariaren ahotsean. Muxikebarrin abestuko du frantziar-dominikarrak, eta Algortako Geltokia plazan Lucia Fumero, argentinar eta suitzar arbasoak dituen piano jole katalanak, 2020ko “Universo normal”hirukotean aurkeztuz. Ekainaren 29tik uztailaren 3ra izango da Getxoko jazzaldia.

    Orain urte batzuk zuzendaritza taldea aldatu zuen Gasteizko jazzaldiak oso egitarau berritzailea dakar aurten, uztailaren 12tik 17ra. Lehen XXI. Mendeko Jazza deitzen zen saila hartzen zuen Printzipal antzokian, berbarako, Kassa Overall bateria jolea izago da, abangoardiako jazza hip-hop eta elektronikarekin nahasten dituena. Eta jaialdiko oholtza nagusian, Mendizorrotzan, Robert Glasperren egun berean joko du Theon Cross tuba joleak, bere musika tresna brass banden mugetatik kanpo eramateko gai izan den britainiar jazz belaunaldi berriko kideak. Baita Kase O. rap kantari aragoiarrak ere, “Jazz Magnetism” egitasmoarekin.

    Donostiako Jazzaldiari arreta berezia eskaini diogu, osoena delakoan. Egun bat eta Zurriola hondartzako doaneko zuzenekoak berreskuratuko ditu aurten jaialdiak, bere 57. edizioan.

    Jaialdiko oholtza nagusian, Trinitate plazan joko dutenen artetik, bi entzun ditugu. Miho Hazama japoniar gaztea batetik, Musikene Summer Big Band zuzenduko duen konposatzaile irudimentsua; eta Knower elektronika bikoteko kide izana den Louis Cole, multi-instrumentista zirikatzaile eta umoretsua.

    2016ko Donostia Jazzaldia Saria, Herbie Hancock (Chicago, AEB, 1940) erraldoiak zazpigarrenez hartuko du parte Donostiako Jazzaldian, eta “Watermelon Man” jazz pieza ezinbestekoarekin batera kanturik ezagunena duen “Cantaloupe Island” entzun diogu, 1964ko “Empyrean Isles” lanekoa, askok US3 taldearen berrirakurketan ezagutu genuena. Herbie Hancock teklatu joleak bezala Kursaal aretoan joko du Calexico folk rock taldeak ere; plazaratu berria duten “El mirador” diskoa aurkeztuko dute. Ordainpeko zuzenekoetan bukatzeko, eta musutruk direnetara pasa baino lehen, Victoria Eugenia antzokiko Jazzeñen parte hartuko duen Oreka TX ere aipatu behar dugu.

    Doaneko zuzenekoei dagokienez, Broken Brothers Brass Band bikainen “Kaletarrak” entzun dugu, “Katebegia”disko berrikoa, nafar taldea jazzaldiak irabazi berria duen Garberako gunean joko baitu. Debalde dira Zurriola hondartzako kontzertu sonatuak ere. Bertan joko du lau emakumez osatutako Pillow Queens dublindar talde zirraragarriak, eta Mulatu Astatke, 78 urte bete dituen bibrafonista etiopiarrak ere. 


    ★ Support this podcast on Patreon ★

    #075 - Erdal musiketatik datoz (Andoni Ollokiegi)

    #075 - Erdal musiketatik datoz (Andoni Ollokiegi)
    urpekoBONBARDA #075


    Zuzeu Podcastek aurkezten du:
    Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa.

    Hirurogeita hamabosgarren saioan, erdal musiketatik datozen euskarazko kantu batzuk hautatu, eta jatorrizko ahairea zein moldaketa aurkeztu ditugu, biak bat eginda.

    Makina bat taldek kantatu dituzten bi kantu herrikoirekin abiatu dugu saioa. Gurean Bizardunak taldeak “Nafarroa gure aberria” bihurtu zuen “Wild Rover” -ibiltari basatia- batetik, The Dubliners taldearen ahotsean entzun duguna; eta “Willy O´Winsbury” bestea, Pentangle britainiarren bertsioan entzun duguna, Sorotan Bele taldeak berau hartuk zuelakoan “Mariñelaren zain” kantuaren oinarri gisa.

    60ko hamarkadan Gordon Lightfoot kanadarrak ondu zuen “Early Morning Rain” Elvis Presley, Neil Young, Bob Dylan zein Paul Weller itzaltsuek jo izan dute zuzenean; eta euskaraz Haizeataldeak, Txomin Artolari esker “Goizeko euri artean” bihurtuta.

    Musikariek estima handitan duten artista da John Hiatt ere. Estatubatuarrak “Back of My Mind” kantua berrirakurri zuen Anje Duhaldelapurtarrak, eta kantu afarietan eztarriak urratu arte kantatzen den “Gogoaren baitan” ondu.

    Folk doinuak atzean utzita, 80ko hamarkadako punk taldeek hain gustuko zituzten erritmo jamaikarrei eman diegu bide.

    The Pioneers hirukotearen “Time Hard” moldatu eta “Egunero” kantatu zigun Hertzainak taldeak “Hau dena aldatu nahi nuke” bigarren lan luzean -The Selecter taldeak 1980an egindako “Everyday”bertsioari esker, seguruenera-. Eta ska doinuekin jarraituz, Toots & the Maytals mirestuen “Pressure Drop” moldatu -Toos Hibbert-ena da, jatorriz, “Sarri Sarri” kantuaren ahairea ere- eta “Presaka” bilakatu zen Joxe Ripiau taldearen kantuan.

    Bukatzeko, hiru rock kantu gero eta gogorrago, jatorrizko eta moldatu. Baga, asturiarrez kantatzen zuen Los Berrones taldearen “Chacho”, Zarama santurtziar taldeak “Txatxo” bihurtua, “hil ostean denek estimatzen duten herriko tentelari buruzko kantua”. Biga, Muse taldearen “Muscle Museum”, Ken Zazpi taldeak harrigarriro berrirakurria, tenpoari dagokionez “Irri bat” zehaztasun ikaragarriz egokitzen baitzaio jatorrizkoari. Eta higa, jada desagerturik diren bi talderen kantu bana: Lemmy Kilmisterren Motorhead taldeak hirukote bihurtu baino lehen emandako “Too Good to be True”, Alex Sarduiren Exkixu gernikar taldeak eraldatua: “Agur”.


    ★ Support this podcast on Patreon ★

    #074 - Joan etorriko bidaia (britainiar inbasioa)

    #074 - Joan etorriko bidaia (britainiar inbasioa)
    urpekoBONBARDA #074


    Zuzeu Podcastek aurkezten du:
    Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa.

    Hirurogeita hamalaugarren saioan, Britainiarren Inbasioa izan dugu mintzagai. XX. mendeko 60.hamarkadan Erresuma Batuan sortutako rock musikak, The Beatles taldeak izandako arrakastak ateak zabalduta, AEBetan izan zuen zabaldundeari British Invasion esan izan zaio, “britainiarren inbasioa”, estatubatuar taldeen erantzuna ekarriko zuena hamarkada bereko bigarren erdialdean. Hoyesarte atarian, Pablo Carrerok jorratu du gaia, gaurkoan ardatz izango dugun “La Invasión Británica: un viaje de ida y vuelta” erreportajean. 

    Britainiar rocka AEBetara heldu aitzin bertan entzuten zirenen ordezkari nagusiarekin abiatu dugu saioa, Elvis Presley jaunarekin; eta Don McLean musikariaren “American Pie” ere entzun dugu, Buddy Holly eta Richie Valens rock izarren heriotza eragin zuen hegazkin istripua hartzen baitu akorduan: “musika hil zen eguna”. 


    The Beatles laukoteak AEBetan argitaratu zuen lehen singlea ere entzun dugu, “I Want to Hold Your Hand”, baita The Rolling Stones -1964ko ekainaren 5etik 20ra egin zuen lehen amerikar bira- zein The Kinks taldeen kantu bana ere. Azken hauei, 1965eko zuzenekoetan istiluak sortu zituztela-eta, lau urtez berriro AEBetan jotzea debekatu zieten!

    60ko hamarkadan rock britainiarrak ekarri zituen hiru talde nagusiez, gain,  Jimmy Page, Jeff Beck eta Eric Clapton gitarra jole izan zituen The Yardbirds taldearen “For Your Love”; Peter and Gordon bikotearen “A World Without Love” -Paul McCarney musikariak idatzitakoa-; Petula Clark pop izarraren “Downtown”; eta Dusty Springfield bakarlariaren “I Only Want to Be With You” ere entzun ditugu, mila aldiz berrirakurriak azken kantu biak. 

    Eta britainiarren inbasioa joan-etorriko bidaia izan zela esan dugunez, hiru talde estatubatuar ere entzun ditugu, 60ko hamarkadaren erdialdera arrakasta erdietsitakoak hirurak ere: Roger McGuinn-en The Byrds folk rock taldea eta psikodeliaren bi ordezkari, Kaliforniako Jefferson Airplane eta Texaseko 13th Floor Elevators.

    ★ Support this podcast on Patreon ★

    #073 - Kanta idazlearena (Berria)

    #073 - Kanta idazlearena (Berria)
    urpekoBONBARDA #073


    Zuzeu Podcastek aurkezten du:
    Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa.

    Hirurogeita hamahirugarren saioan, euskal musikariekin lan egiten duten kanta idazleei buruz Berria egunkariak argitaratutako erreportajeari, "Kantatuko diren hitzak sortzea", erreparatu diogu.

    Aitor Biainek Harkaitz Cano eta Itxaro Borda eskarmentu handiko idazleen iritziak jaso ditu aipatutako erreportajerako, biak ala biak kantuen hitz egile iaioak dira-eta. Lapurtarrari Oskorri taldearentzat aspaldi egindako "Ez zaitez joan oraindik" eta Thierry Biscary bakarlariaren azken lanerako egindako kantu bat entzun diogu; baita Mikel Errazkin zenak lagunekin batera eman zuen "Bidean aurkitu zintudan" diskorako idatzi zuenetako bat ere. Bere aldetik, gipuzkoarrari oraintsu Maite Larburu hernaniarraren azken lanerako, Sorkun oreretarraren 2015eko "Ziklomorphosia" diskorako, eta oso-osorik idatzi zuen Jexuxmai Lopetegi zarauztarraren "Itzal zaunka" egitasmoko kantu bana.


    "Kantatuko diren hitzak sortzea" erreportajean Nahia Zubeldia eta Rafa Rueda musikarien iritziak ere jasotzen dira. Lehena Lumi bikoteko kidea da, eta Leire Lopezek idatzitako "Erromantikoarena" dute inoiz maileguan hartu dituzten hitzekin osatutako kantu bakarra, Zubeldiak nahiago baitu kantatzen dituen abestiak idatzi. Bigarrenak, musika ibilbidean aurrera egin ahala, gero eta gehiago jo du idazleen hitzen bila. "Kea" debut lanetik berak idatzitako "Bide erdian" entzun diogu Rafa Ruedari, eta "Rueda" azken diskotik "Zahartzeko modurik onena", mungiarrak Mari Luz Esteban poetaren hitzekin ondua.

    Joseba Sarrionandiaren hitzak dituen arren, akordura Mikel Laboa ekartzen digun "Lili bat" kantuarekin itxi dugu saioa.

     


    ★ Support this podcast on Patreon ★

    #072 - Munduari bira (Songlines Sariak)

    #072 - Munduari bira (Songlines Sariak)
    urpekoBONBARDA #072


    Zuzeu Podcastek aurkezten du:
    Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa.

    Hirurogeita hamabigarren saioan, munduari bira soniko berri bat eman diogu, Songlines aldizkari britainiarrak eman dituen sariak profitatuta. Zazpi ataletan eman ditu sariak, eta atal bakoitzak lau hautagai izan ditu. Zerrenda horretatik egindako hautaketarekin osatu dugu Urpeko Bonbarda.

    Artistarik Onenari saria Samba Taoré maliarrak eskuratu du, eta Talderik Onenari Tirana-Tirona Allstars-ek irabazi du. Lehenak Ali Farka Toure maisuarekin ikasi zuen blues gitarra jotzen, eta iazko "Binga" diskoko kantu bat entzun diogu. Saririk lortu ez arren, Emre Gültekin turkiar zazpi sokako saz jole birtuosoa ere entzun dugu, baita talderik onenen sarirako izendatua egon den Las Lloronas ere, hiru emakume musikarik Bruselan osatutako taldea.

    Fusio musikei dagokienez, Justin Adams eta Mauro Durante, gitarra eta arrabita jolearen arteko elkarlana izan da saritua; "Still Moving" dute emaitza. Europako musiketan Fanfarre Ciocarlia izan da saritua, eta kantu bat entzun dugu errumaniarren "It Wasn´t Hard to Love You" azken lanetik. Asia eta Pazifikoko musiketan, aldiz, Ustad Saami harrigarriaren musika saritu dute, eta "Prayer for Peace" kantua entzun dugu Karatxiko kantariaren "East Pakistan Sky" azken diskotik.

    Afrika eta Ekialde Hurbileko musiketan izendatua egon den Balimaya Project Londonen eratu zen, bertako afro-jazz musikaririk bikainenekin, eta Europako musiketan izendapena jaso duen Spell Song egitasmoak Robert Macfarlane idazlearen eta Jackie Morris ilustratzailearen "The Lost Words" eta "The Lost Spells" liburuen eraldatze musikala dugu. Omar Sosa eta Seckou Keita, Kubako piano joleak eta Casamanceko kora joleak, fusio musiken atalean zuten izendapena; 85 urte beteak dituen Peggy Seeger kantariak -bai, Pete sonatuaren arrebak-, Amerikako musikenetan; eta bukatzeko, zitarrak jotzen dituen Dal:um bikote korearrak, Asiako musiken atalean. Azken hauen musika, Ustad Saamirena bezala, ez dira entzuten errazak mendebaldeko belarrientzako.


    ★ Support this podcast on Patreon ★

    #071 - Udako jaialdietakoak (emakume musikariak)

    #071 - Udako jaialdietakoak (emakume musikariak)
    urpekoBONBARDA #071


    Zuzeu Podcastek aurkezten du:
    Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa.

    Hirurogeita hamaikagarren saioan, bi urteko etenaldiaren ondoren aurtengo udan gurean izango ditugun musika jaialditzarretan joko duten artistekin osatu dugu kantu zerrenda, soilik emakume musikariei erreparatuta, gogoak eman digulako. Azkena Rock, Music Legends, EHZ, Bilbao Live eta Donostia Festibala jaialdietako afixetatik egin dugu hautaketa, baita euskal herritar mordoa jasotzen duen Pirineos Sur jaialdiko afixari erreparatuta ere.


    Ekainaren 16tik 18ra izango da Azkena Rock jaialdia Gasteizen, aurten inoiz baino emakume gehiagoren parte hartzailerekin. Patti Smith eta Emmylou Harris izango ditu besteak beste afixa buru, baina guk Adia Victoria eta Tiburona artisten kantu bana entzun ditugu. Blues gotikoa jorratzen ei duen Hego Karolinako musikaria da lehena, estatubatuarra, adituen esanetan bere sorterriko doinuak berresmatzen jakin duena, country eta blues nahasketa bereziarekin eta zuzenekoetan atmosfera hipnotikoa sortuz. Manzanaren ertzeko hirukote madrildarra bigarrena,  pop, garage eta punk soinuak dakartzana "Sola y feliz" lan argitaratu berrian.


    Music Legends festibalak ibilbide luzeko eta eskarmentu handiko izarrak oholtzaratuko ditu Bilboko Miribillan, ekainaren 24 eta 25ean, Status Quo eta Alan Parsons Project izar nagusi direla. Lehenengoekin partekatuko du oholtza Anari azkoitiarrak -25 urte bete dira aurten debut lana plazaratu zuenetik!-; eta bigarrenarekin jamaikar jatorria duen Shirley Davis britainiarrak, "soularen diva berritzat" joa denak.


    Gurean oso kuttun dugu Euskal Herria Zuzenean festibala, gaurk aipatuko ditugunen artean iaz ospatu zen bakarra. Aurten uztailaren 1etik 3ra bitarte izango da Irisarrin, Baxe Nafarroan, eta bertan joko duten artean ohi bezala asko dira euskal musikariak. Horietako bi entzungo ditugu, Merina Gris donostiarren "Saiatzen naiz" eta Irunberriko Ibil Bedi taldearen "Poesia bat",  sonoritatez bikain ezkontzen diren bi kantu; baita atzerriko gonbidatuak ere, bretoieraz kantatzen duen Madelyn Ann eta Eesah Yasuke hip-hop kantaria.


    Sanferminekin batera dator bueltan gurean ditugun jaialditzarretan jaialditzarrena Kobetamendira, Bilbao Live festibala, uztailaren 7tik 9ra. Bertan oholtzaratuko diren musikarien zerrenda amaiezinetik bi ordezkari aukeratu ditugu, bikainak biak ala biak, Bomba Estereo eta M.I.A. Kolonbiar kunbia psikodelikoa eta folk tamil esperimentala, bi proposamen borrokalari, ausart eta festa girorako ezin aproposagoak.


    Udaberria bukatu gabe dugun honetan, urruti samar ikusten da irailaren 16 eta 17ko Donostia Festibala, Lasarteko hipodromoan jokatzen dena. Bertan izango da debut lan luzea plazaratzear ei den Andrea Santiago iruindar kantaria.


    Euskal Herritik kanpo, Pirineos Sur da euskaldunen jaialdi gustukoenetako bat, Sallent de Gallegoko Lanuza urtegi ertzean izango dena lau asteburuz, uztailaren 15etik abuztuaren 6ra.  Besteak beste Maliko afro bluesaren errege-erregina Amadou et Mariam bikotea izango da bertan jotzen, baita iazko "La costa de los mosquitos" aurkezgai duen Travis Birds bakarlari madrildarra ere.

    .

    * Zerrendatik landa utzi ditugu jazzaldiak aurreragorako, apropos, Urpeko Bonbarda propioa merezi dutelakoan.


    ★ Support this podcast on Patreon ★

    #070 - Katalanez (Enderrock 2021)

    #070 - Katalanez (Enderrock 2021)
    urpekoBONBARDA #070


    Zuzeu Podcastek aurkezten du:
    Urpeko Bonbarda, Anartz Bilbao gidari duen musika saioa.

    Hiruroteita hamargarren saioan egungo musika eszena kataluniarra ezagutu gura izan dugu, edo zehatzago, katalanez emandako musikari erreparatu diogu, Enderrock aldizkaria ardatz hartuta.

    2021eko lanik onenen zerrendatik hautatutakoak dira entzungai izan ditugun talde guztiak. Iazko diskorik onena La Ludwig Band taldearen “El fill del rei” izendatu zuten, arrastan emandako ahotsez eta irudi onirikoz josia. Quim Carandell kantari duen gironar taldeak bezala, Ludwig Van Beethoveni egiten dio erreferentzia Mazoni bakarlariak ere, “Ludwig” deitzen baita iaz plazaratu zuen diskoa. Jaume Pla dugu Mazoni goitizena darabilen musikaria, lana berria alemaniar konpositore handiaren piezen samplerrekin osatu duena.

    Gure artean aurrekoak baino ezagunagoa da La Fumiga valentziar taldea –“Sokatira” izeneko single bat plazaratu zuen 2018an-. Iaz“Fotosintesi” izeneko diskoa plazaratu zuen, besteak beste Zoo taldearen partaidetzarekin. Azken hau da, Enderrock aldizkariaren aburuz, katalanez kantatzen dutenen artean 2021eko artistarik onena. Fermin Muguruza, Xabi Arakama eta Zo-Zongorekin “Karrer de l´amargura” plazaratu zuen Zoo taldeak“Llepolies” lan luzea plazaratu zuen iaz -goxokiak-.


    Iazko pop-rock diskorik onena Oques Grasses bartzelonarren “A tope amb la vida” baikorra izan zen Enderrock aldizkariaren aburuz; Caïm Riba bakarlari Balearraren “Llunas de Plutó”kantautore diskorik onena -zendu berria den Pau Riba handiaren semea-; Extraño Weys egitasmoaren “Rodrigo Laviña y su combo” hip-hop disko sofistikatua musika urbanoen diskorik onena; The Tyets bikotearen “Animalari urbá” harrigarria famili diskorik onena, Enric Larreularen poemak musikatzen dituena; eta Maria Hein mallorcarraren debuta, “Continent i contingut”, artista agertu berririk onena. Sari gehiago ere ematen ditu Enderrockek, katalanez ez beste hizkuntza batean kantatutako lanik onenari edo folk diskorik onenari, besteak beste, bainan ez ditugu hautatu Urpeko Bonbardan.

    Gainera, etxealdian sortu eta Bartzelonako teilatu batean egindako bideoei esker atoan arrakasta erdietsi zuen Stay Homas hirukotea ezagutu dugu “Agua” Epko kantu bat entzunda, eta gauza bera egin dugu Joan Dausa bakarlariaren “Ho tenim tot”; eta El Petit de Cal Eril kantariaren “N.S.C.A.L.H”lanekin ere, azken hau Joan Pons leridarraren egitasmoa, sikodelia ukituak dituen folk-rock akustikoa.

    Bukatzeko, Clara Peya gironar piano jolearen “Periferia” eta folk doinuak zein esperimentazioa dakartzan Tarta Relena bikotearen “Fiat Lux” ezagutu ditugu.


    ★ Support this podcast on Patreon ★
    Logo

    © 2024 Podcastworld. All rights reserved

    Stay up to date

    For any inquiries, please email us at hello@podcastworld.io